Kantatu, irabazi eta itxaron. Txapelketa osoan erabili duen formulari beste estutu bat eman zion Alaia Martinek atzo Amurrion, eta Iruñeko finaleko aulki bat beretzat gordeta dago dagoeneko. Erraz egin zuen bertsotan, errazegi ere agian zenbait unetan, eta atzoko bere enegarren erakustaldia ganbarako lan eder batekin borobildu zuen. Ederra eta hunkigarria izan zen gaiari aurkitu zion heldulekua, eta emaitza bikaina eman zion: bere mingainetik entzuleen bihotzera, zuzen-zuzenean. Aurretik ere maila oso onean aritu zen kantuan, eta merezitako saria jaso zuen puntutan.
Ez zen Amurriokoa bertsolaritzaren historiaren urrezko orrietan idatzita geratuko den saioa izan, edozein kasutan. Egun gutxitan uda girotik negu betera sartu garen honetan, kanpoko arratsalde umelaren jarraipen moduko baten zantzuak hartu genizkion kiroldegi barruko giroari hasieratik. Ofiziotan ez zen lehertu, eta ganbaran bai, egin zuen gorantz, baina neurritik irten gabe. Bigarren itzulian egin beharreko lanen konfiguraziora ohitzea kosta egin zitzaigun entzuleoi, eta baita bertsolariei ere ziurrenik. Gehiago izan zituen saioak une apalak, alegia, une gorenak baino. Akatsik ez egin beharraren sukarrak bertsolariak kateatu egin zituela iruditu zitzaigun zenbait unetan; zer esanik ez oholtzara finalean kantatzeko aukera sendoekin igo ziren Oihana Iguaran, Aitor Bizkarra eta Agin Labururen kasuan.
Itxura batean behintzat finaleko azkeneko aulkiak izango diren horietako bat lortzeko lehian Bizkarrak egin zuen jauzi. Durangon ganbarakoan bota zituen bertsoetako zenbait lerro ahopeka kantatzen pasatu dugu astea lanean, trenean, ikasgelan, tabernan, kiroldegian, okindegian... Amurrion maila horretatik behera aritu zen, baina hasi eta buka saio erregularra ondu zuen, eta azkenera arte arnasari eustea tokatzen zaio orain, bere patua zein den ezagutzeko. Kanpoan geratzen bada, oso tarte txikiagatik izango dela dirudi.
Iguaran eta Onintza Enbeitaren artean berdinketa egon zen. Amasarrak ez zuen bere egunik onena izan; ofiziotan puntuak modu erabat borobilean lotu ezinda sumatu genuen zenbait bertsotan, eta ganbarakoan poto egin zuen puntu erantzunetako batean. Kolpeak ez zuen, baina, kikildu, eta gaiari botatako hiru bertso gogoangarri oparitu zizkigun senarraren menpe bizi den emakume baten larrutik. Txapelketa ikusgarri bati errematea ematea falta izan zaio, baina egin duen ekarpen itzelaz harro egoteko moduan da. Enbeitak eman zuen ere beretik. Hasieratik hunkipen laino batean hegan, jostari aritu zen saio osoan zehar, hamarreko txikian Martinekin osatu zuen ofizioa horren adibide, edo baita Bizkarrarekin zortziko txikian osaturikoa ere, besteak beste.
Laburu aritu zen, ziurrenik, bere mailatik urrunen. Bertsoak josterako orduan baino, gaien aurrean kokapen egokia topatu ezinda bezala hauteman genuen tarteka, bertsoaldiren batean gaiak iradoki zezakeen horretatik kanpora xamar kantatzen amaitzera iristeraino. Ganbaran erabat biluztu zen, eta entzuleriak txaloz eskertu zuen bere ahalegina. Aurten ere, finalaren atarian geratu da.
Miren Artetxeri dagokionez, sailkapenaren pisurik gabe igo zen oholtzara, eta Amurrioko plazaz gozatu egin zuela esango genuke. Ohi bezala ertzak bilatuz, arratsaldeko irteera onenetako batzuk oparitu zizkigun. Bi saioren faltan, finaleko langa non egon daitekeen igarri nahian jarraituko dugu.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak. IRITZIA
Euripean irristada ekidin nahian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu