Berrehun disko baino gehiago biltzen zituen zerrenda bat bidali zidaten orain gutxi, ezinbestekoak denak, entzun beharrekoak oro. Ez nuen musikaren munduan sarbide omen den zerrenda ezagutzen, bai, ordea, bertan ageri diren disko asko, oso gustukoak ditudanak gainera: izendegiaren gorenean aipatzen diren Merriweather Post Pavillion, Lift Your Skinny Fists Like Antennas to Heaven, edo, nola ez, OK Computer, adibidez. Gure belarrietatik pasatu beharreko horiek generoka sailkatuta ere badatoz: Melvins, Slayer, Cynic, Sleep (metala); LFO, Goldie, Kraftwerk, Fennesz (elektronika); Madvillain, De La Soul, Eric B & Rakim, Kanye West (hipster-hop); Neu!, John Coltrane, Joni Mitchell, Jimi Hendrix (klasikoak).
Hautaketa eta sailkapena gorabehera, Mendebaldeko pop musikak emandako lan esanguratsuenetakoak dira denak ere, bistakoa da. Halere, halakoek bertigo pixka bat ere ematen dute, niri bai behintzat. Gomendio sorta horrekin topo egiten duen nerabe bat irudika dezaket Captain Beefheart entzun eta nahitaez gozatu behar duela sinetsita; bere burua musikazaletzat duen jada-ez-horren-gaztea oraindik Talk Talk taldearen diskografia ganoraz ikasi gabe duelako autozigortzen. Baduzu ordua tropikalismo brasildarrean fundamentuz murgiltzeko, ezta? Behingoz ipurdia mugitzen ikas dezazun dembow zerrenda txukun bat ere badut zuretzat, snob hori, jarraituko duzu gero Silver Apples of the Moon aztertzen. Orain hypnagogic pop, orain trikitia. Baldintza guztiak betez gero, antzera egin dutenen onespena jasoko duzu bueltan: buruhauste berak izan dituztenen konplizitate keinuek aseko zaituzte azkenean.
Guk, kulturetok, sentitu dugu halako behar bat, ez ukatu niri gero. Zerrendak eta gomendioak ondo daude, beharrezkoak ere badira igual. Baina musikazale batek musikaz gozatu behar du ezer egitekotan, musikarena ez da betebehar segida bat, ez dago gainditu beharreko ikasgairik azterketa ere badiren disko fundazionalekin. Ez da ahaztea komeni. Dena baita egun eginbehar, dena erronka, dena etxerako lan, baita plazerean ere.
Ez duzula Beatles entzuteko bulkadarik izan sekula? Ana Malagonek esango lukeen moduan: lasai, ez da ezer gertatzen.