Txema Arinas.
HIRUDIA

ETAk zapuztutakoa

2017ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Duela sei artikulu iragarri nuen: «Laster sari parrastada bat jasoko du, alafede». Izan ere, Fernando Aranbururen Patriak bere aurreneko saria jaso du, Umbral Fundazioak ematen diona, hain zuzen; «Euskadi eta Espainiako XX. mendearen azken partea ulertzeko balore historiko handiko lekukotza bezala iraungo duen kronika literario sendoa». Edo nik delako artikulutxoan aurreratu bezala: «Aranburuk euskal gizartearen iragan hurbilari buruzko nobela erabatekoa idatzi duela diote. ETAri buruzko folletoi handia non aldez aurretik zekizkiten edo sumatzen zituzten egia eta ez-egia guztiak sartzen diren. Egia esanda, Patria erdal irakurlegoak aspalditik esperoan zuen nobela erabatekoa, behin betikoa, dela uste dut». Hartara, Donostiako Hontza liburu-dendako Ramon Tatiegik El Pais egunkarian esandakoa Patria folletoiaren arrakastaren harira: «Badira zenbait urte, euskaraz batik bat, euskal gatazkari buruzko liburuak argitaratzen direla. Badira Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria, Harkaitz Cano, Kirmen Uribe, Jokin Muñoz eta beste, indarkeriaz zein bere ondorioez interesatu direnak. Halere, ez zaizkio heldu beharreko jende guztiari heltzen».

Nola da posible erdarara itzulitako euskal idazleok hain predikamendu eskasa izatea, Patria goresten duten kritikarien lelo nagusia «espainiar gizarteak euskal gatazkari buruz esperoan zuen nobela» izanda. Zergatik ez dute erdal irakurlegoaren egarri hori asebete? Hain gaizki edo motz egin al dute? Gaizki ez, baina baliteke motz, motzegi, batez ere Patria bezalako folletoi baten premia zutenendako; euskal gatazkari buruzko aurreiritzi zein ez-egia guztiak sendotze aldera. Izan ere, baliteke euskal idazleok erdal irakurleei eskaintzen zieten ikuspuntua zerbait ezezagun eta desatsegina, inon eta inori ez aditutakoa, ezagutaraztea; besteak beste, euskal idazle hauek barrutik idazten dutelako, hau da, kanpoko askorendako Piztia denaren oso gertutik, haren ondoan hazi eta bizi direlako, aspalditik atzerrian bizi den idazleari ez bezala, egunerokoa zaielako. Aranburuk berak bere nobelan erakusten digun herri euskalduna bezalako herri batean jaio eta bertan agertzen diren pertsonaiak bezalako hainbat eta hainbat pertsonaiarekin koxkortu direlako, hain zuzen.

Delako Piztia ETA da, noski; baina ez da bakarra. Egia esan, badago geografikoa baino metaforikoagoa den Madril aldean ETA bezain gaiztoa den beste Piztia bat, hein handi batean aurrekoaren erruduna baita: euskal abertzaletasuna edo nazionalismoa (Madril metaforiko horretan nazionalistak betiere gainerakoak dira eta). Gauzak horrela, nola fidatu euskal nazionalismoarekin zerikusirik, edo gutxienez zein ustez haren kutsurik, duen orotaz? Eta zer da Madril metaforiko horretan euskal nazionalismoarekin gehien, hots, doi-doian inkontzienteki, elkarlotzen dena? Euskara, jakina, eta honekin batera euskalgintza ia osoa. Euskara da abertzaleen —hitz guztiz madarikatua RAEko hiztegiari erreparatuz gero— tresna eta aitzakia euren helburuak lortze aldera. Hortaz euskararekin zerikusirik duen oro susmagarria omen zaie izatez. «Begira bestela Garzonek itxi zien euskarazko Egunkariari». Berdin zaizkie gorago aipatutako euskal idazleen arteko aldeak, desadostasunak, eta egiazko abertzaleak diren ala ez ere, hau bezalako asuntoetan ñabardurak ere susmopean omen daude Piztia tartean baldin badago.

Nola izan da posible tamainako destaina? Espainiar eskumaren aldetik guztiz esperotakoa zen, bai noski; baina, euskaldunak ez al ginen ezkerreko edo pentsaera zabaleko espainiar jendeak estimatuak, baita hainbat gauzatan inbidiatuak ere? Agian bai, baina urteak aurrera joan ahala ETAk dena zapuztu zuen eta Madril metaforiko horretan Gerra eta Trantsizioaren aurretik biziki erdeinatzen zituzten txapelgorriak izatera bueltatu ginen ñabardura barik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.