Jon Eskisabel.
Ilaran

Eszenatokia

2012ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Eszenatoki fisikoa ez da aldatu, Viktoria Eugenia antzokikoa izaten jarraitzen du, baina beste eszenatokia, politikoa, arrunt ezberdina da. Iaz arte Odon Elorzarentzat gordeta izaten zen eserlekuan Juan Karlos Izagirre alkatea dago, eta Markel Olanorenean Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia. Olano etorri da gaur ere, baina EAJren ordezkari gisa, eta bigarren solairuko palkoan eseri da, albo batean, Jone Goirizelaia eta Rufi Etxeberriaren ondoan. Bi musu eta bostekoa. Parez pare, palkoaren beste aldean, Pello Urizar daukate. Brian Currin abokatu hegoafrikarrak eta Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak ere baiezkoa eman diote gonbidapenari eta elkarrekin heldu dira antzokira, oinez. Hurrengo eguneko egunkari guztiek hartuko dituzten adierazpenak egin ditu Currinek atarian. Ondoren, Izagirre eta Garitanoren eserlekuetatik gertu jesarri da.

Aro politiko berriaren beste eszenaratze bat ekarri du Gazta zati bat filmaren estreinaldiak. Testuinguru horretan, eta testuinguru horrek ahalbideturik, aurkeztu da Donostiako Giza Eskubideen Zinema Jaialdiaren barruan. Azken hiru urteetan euskal politikagintzan gertatu direnak gertatu ez balira —Gernikako akordioa, Bruselako adierazpena, Bilduren legeztatzea, udal eta foru hauteskundeetako emaitzak, Aieteko bake konferentzia, ETAren behin betiko arma uztea…— ez litzateke filmik izango, edo oso bestelakoa izango zen, interes eta oihartzun xumeagokoa. Baina zoria eta filmeko bultzatzaileek izandako intuizioa lagun, Euskal Herrian zabaldutako garai historiko berriaren lehen ikus-entzunezko sorkuntza dugu Jon Maia bertsolariak zuzendutako dokumentala.

Abiapuntutik beretik ezohikoa da filma. Idiazabalgo bikote batek Eskoziara egin du eztei-bidaia, herri kiroletako zaletasunak bultzatuta, eta hango independentismoaren berri izan du. Aldi berean, herriko bi zinegotzik, herri plataformakoa bata eta EAJkoa bestea, ezkutuko elkarrizketak hasi dituzte adostasun puntuak bilatzeko, eta autodeterminazio eskubidearen defentsan aurkitu dute hainbat sentsibilitate biltzeko heldulekua. Herritarren inplikazioarekin bi hariek bat egingo dute, eta herri kirolak tarteko, erabakitzeko eskubidearen inguruko harreman zubi bat eraikiko dute Eskozia eta Euskal Herriaren artean. Hazten den heinean Nazioen Munduak helburu handiagoak izango ditu, kultura, politika eta kirol arloetako lagun esanguratsuengana iritsiko da, eta Ordizian, kirolari eskoziarrak gonbidatu direlarik, milaka lagun batuko dituen jaialdiak ginga jarriko dio herri ekimenaren ibilbideari. Juxtu une horretantxe, Eskoziako independentismoak gora egin zuen, eta Euskal Herriko politikagintzan hainbat mugimendu azaleratzen hasi ziren. Dokumentalak haietan jartzen du arreta filmaren bigarren zatian, eta Brian Currinek egindako lanaren aitortzak tarte berezia hartzen du. Aurreneko zatian daude pasarte bizienak eta hunkigarrienak, baina lehen esan bezala, bigarrenak ematen dio filmari entitatea eta neurria dokumentu gisa.

Zinemarako zume gutxi eskaintzen zituen istorio txiki batetik abiatuta oso film erakargarria eta entretenigarria egiteko abilezia erakutsi dute Jon Maiak eta talde osoak. Tonuan asmatu izana da giltza, erabakitzeko eskubidearen aldeko arrazoi historiko edo azalpen teorikoetan luzatu barik, ikusleari bertan agertzen diren herritarrekiko eta haien asmoekiko gertutasuna sentiaraztea lortu dute, umorearen bidez askotan, eta Michael Moore zinemagilea ezinbestean gogora ekartzen duten baliabideak maileguan hartuz tarteka —gaztak oparitzea, baita dokumentalean parte hartu nahi izan ez dutenei ere, PSE-EEren kasuan bezala, eta Nazio Batuen Erakundearen egoitzan kolatzea oso haren estilokoak dira—. Horretan aliatu ezinbesteko bat izan du Maiak, film korala izanagatik protagonista nagusia dena: Angel Oiarbide. Berau da proiektuaren arima, eta kameraren aurrean agertzen den bakoitzean transmititzen dituen karisma, sinesmena eta enpatia klabeak dira filmak zabaldu nahi duen mezu baikor, eraikitzaile eta etorkizunari begira itxaropentsua ikuslearengana irits dadin. Hala gertatu zen larunbateko estreinaldi arrakastatsuan, eta bihar gauean errepikatu liteke, filmaren bigarren emanaldian.

Aro berriak ekarri digun lehen lana da Gazta zati bat, baina etorriko dira gehiago. Atzo bertan, jaialdiaren barruan, Zinez ekoiztetxeak bost euskal presori buruz egindako filmaren trailerra aurkeztu zuen eta izenburua jakinarazi zuen: Barrura begiratzeko leihoak. Isaki Lacuesta ere Donostian da egunotan, jaialdiak gonbidaturik, eta batek daki iaz Euskal Herriko egoera politikoaz lantzen hasitako dokumentala ez ote dugun datorren urtean ikusiko, Viktoria Eugeniako eszenatokian.

.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.