'entrega en mano'
Egilea: Martin McDonagh. Bertsioa eta zuzendaritza: Candido Pazo. Eszenografia: Pablo Giraldez. Jantziak: Martina Cambeiro. Argiak: Alfonso Castro Antzezleak: Evaristo Calvo, Maria Roja, Santi Romay eta Diogo Salas. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Martxoak 6.
Martin McDonagh antzerkigile eta zinemagileren obra bat eskura izango nuela jakitean ez dut dudarik egin Bilboko Arriaga antzokira joateko. Izan ere, pasa den hilean eman zen haren beste lan bat Iruñeko Gaiarre antzokian, eta egile beraren beste testu bat ikusi nahi nuen taulara eramana.
Gaiarreko emanaldia La reina de la belleza de Leenane (Leenaneko edertasunaren erregina) deitu zen. Testu bikaina eta aktore-lan bikaina, zinez, eremu eszenikoaren inkoherentziak gorabehera. Orduko hartan egileak Tennessee Williamsen edota Arthur Millerren antzerki-atmosferan murgildu gintuen, giza kondizioa eta haren patua lirismo handiz irudikatuz. Oraingo hau, ordea, beste parametro batzuetan mugitu da, eta McDonagh Harold Pinter eta Coen anaien artean kokatu zaigu, umore beltz gordinarekin zipriztinduz berez komedia buruargia den testua.
A Behanding in Spokane –Eskuz eskuko entrega bat Spokanen izango litzateke itzulpena– Entrega en mano deitu da ikusi dugun bertsioan, eta izenburutik bertatik dago presente protagonistak galdutako eskua. Hortik bertatik ere hartzen dute beren pisua komedia beltz honetako bi elementuek: hitz-joko eta gaizki-ulertu burutsuek alde batetik eta, bestetik, umore beltza, nire gusturako nahiko krudela. Baina, azken finean, ez da odol-isurketarik edota garunen sakabanaketarik gertatu, seguruenik garestia delako eszenatokia emanaldi bakoitzaren ostean garbitzea eta antzezle berriak egunero bilatzea. Hobeto horrela, zeren eta niri behintzat ez didate graziarik egiten Tarantinok, Coen anaiek eta enparauek gizaki soilen kontura egindako txiste ustez graziosoek.
Hortaz, eman dezagun McDonaghek bere buruari eutsi diola fineziaren izenean, eta hortik aterako zaigu obra honetako benetako alkimia, ezinezkoak diruditen gauzak baina aldi berean balitezkeenak maisuki konbinatuta. Zeren eta britainiar-irlandar egileak era kuantikoan planteatu baitizkigu gauzak, Schrödingerren katuaren kasuan bezala, hau da, taula gainean ikusten duguna ezinezkoa da baina baliteke, zergatik ez? Hortik abiatuta –eta esku galduaren kontuaz gain–, hotel zatar hartako gelan bahiketak, tiroak, polizia, droga-salerosketak, amodio absurduak eta ama-semearen harreman zaila izan dira komediaren osagaiak, lau antzezleen efikaziarekin gauzatuak izan direnak.
Ez da gutxi, gero, baina atentzioa eman digu protagonistaren hizkerak, jarrera sexista eta arrazistak nabarmen salatzeko sortua izan ei dena baina kontraste nahikorik eduki ez duena. Hala ere, eta emanaldia biribila eta ondo eraikia izan den arren, etxerako autobusean ikusle bati entzundako iritziarekin geratuko naiz: «Komedia fina izan da, baina ez dauka batere mezurik»..