Alberto Barandiaran.
Sorbideak

Eskarmentua

2013ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Laster berandu izango dela esan eta esan ari dira memoriari bigarren aukera eman nahi diotenak. Ez dagoela denborarik, orain bildu behar direla bildu gabe dauden testigantzak eta lekukotasunak, orain egin behar dela egin beharrekoa, bestela betiko estalita geratuko direlako gaur egun arte iraun duen miseriaren oinarriak. 36ko gerran dagoelako gaur egun garenaren neurria.

«Gerra Zibilari buruz dena oso idatzita dagoela esan ohi da» hasi zen Miguel Sanchez-Ostiz El escarmiento liburuaren (Pamiela) aurkezpenean. «Esan ohi da, asperduraz edo: 'Beste liburu bat gerra zibilari buruz...'». Bada, liburu honek erakusten duen paisaia, transmititzen duen zoritxar giroa, marrazten duen pertsonaien galeria hain da zabala, hain da esanguratsua, froga bat baita, halako aldarri edo manifestu bat: ikaragarria da duela 75 urte gertatutakoaz oraindik esan gabe dagoena. Ikaragarria da zein garrantzitsua den esatea.

Sanchez-Ostizek Nafarroan 1936ko udan gertatutakoa hartu du oinarritzat gure gizartea su biziz markatu duen garaiari buruz memoria ariketa bat egiteko, baina gaurko begiradarekin dago idatzita. Liburua 2011n hasten da, Ezkaba gaineko San Cristobalgo presondegira egindako bisita batekin, baina askoz lehenago zegoen idazlearen buruan, sei bat urte lehenagotik gutxienez, Mola jenerala hegazkin istripuan hil zen egun berean haren egunerokoak desagertu zituztela jakin zuenetik. Espainiako II. Errepublikaren aurka izan zen altxamenduko eragile nagusienetako baten arrazoiak, justifikazioak eta gogoeta pertsonalak betiko ezkutatuta geratu ziren horrela, eta gaur arte ez dira agertu. Lur gehiago memoriari.

Baina presondegi batean gertatutako ihesaldirik ospetsuenetakoaren lekuko izan zen San Cristobalgo presondegira eginiko bisita batekin hasten da liburua. Ezkabako magalean dagoen fusilatuen Botilen Hilerrian jarraitzen du, Diario de Navarraren orduko zuzendari Garcilasoren eta Fermin Yzurdiaga apaizaren lumatik barna; Karlisten Batzar Militarrarekin eta falangistekin nahasten du gero, Urbasako leizetik behera, eta, Arriba España egunkaritik gora, Molarengana iristen da, Jose Maria Iribarrenengana, Jesus Artetxerengana. Koadro ikaragarria da.

Sanchez-Ostiz ez da hurbiltzen erudizioaren bidez, ez du aparatu kritiko zabala erakusten, ez du bibliografia joria ematen, nahiz eta laster kaleratuko duen bigarren parterako iragarria daukan. Fikzioaren atzean ere ez da babesten. Maravillas Lamberto Larragako neskatilaren istorioan, Lizarrako Gumersindo kaputxinoaren oroitzapenetan, Galo Vierge sindikalistaren lehen mailako lekukotasunetan, begirada sentitua pausatzen du.

Hor du balioa liburuak. Historialariek biografia ondo dokumentatuak, garaiko artxiboetan oinarritutako lan akademiko bikainak, biografia zorrotzak, datuen kontaduria aseptikoak jorratzen eta argitaratzen dituzten bitartean, Sanchez-Ostizen lan honek galderak proposatzen ditu. Zer gertatu zen, zein izan ziren justifikazioak, non oinarritu ziren batzuk eta besteak ondoren etorri zen guztia gerta zedin. Eta galderen erantzuna aurkitzeko, giro humanoa erakusten du. Eta giro horri kiratsa dario izkin guztietatik. Giro krudela da, bortitza, gupidagabea, mendekuzkoa. Horixe, mendekua. Eskarmentua.

Eta hori guztia irakurrita, ez da zaila ulertzen gaur egun gure lurralde honetan dagoen azpikeria moralaren oinarriak zein diren. Ez da zaila ulertzen zergatik iraun duen Nafarroa honetan gaur arte etengabe gobernatu duen klase politiko ustel eta zuriak. Eta liburuaren orriak itxi eta tristezia handia zabaltzen da.

Liburu definitiboaren antza dauka El escarmiento honek. Ez du ezer agortzen, ez du ezagutzen ez genuen asko kontatzen. Definitiboa da aztergaia finkatzen, kokatzen eta gure buruan txertatu egiten duelako: 36ko gerraren osagai nagusia mendekua izan zen, eta mendekua da denik eta giza gaitzik konplexuenetakoa eta iraunkorrenetakoa.

Gure artean azken urteotan idatzi den liburu garrantzitsuenetako bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.