Marta Garcia

Esfera bat Kursaalean

2024ko abuztuaren 3a
05:05
Entzun

LUXENBURGOKO ORKESTRA FILARMONIKOa

Zuzendaria: Gustavo Gimeno. Pianoa: Bruce Liu. Egitaraua: C. Saint-Saensen 5. kontzertua pianorako, 'Egiptoarra' eta G. Mahlerren 5. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: abuztuaren 1a

Bai. Baiezko ozena eman behar zaio aurtengo Musika Hamabostaldiaren irekierari. Egunean zehar izandako emanaldi askotarikoez gain, esan daiteke ekitaldi nagusia, behintzat handitasunari eta programaren sendotasunari erreparatzen badiogu, Kursaaleko kontzertua izan zela. Orkestra bikaina taulan eta batuta maisua podiumean, biak zehatzak bezain eraginkorrak partituran nahi beste ñabardura azaleratzeko. Eta horiek guztiak entzun, ikusi eta dastatu ere ahal izan genituen.

Ugari dira historian zehar bidaietan zein beste kulturetako doinu eta giroetan inspirazioa hartu duten konpositoreak. Hori da, hain zuzen ere, Camille Saint-Saensen pianorako 5. kontzertuaren kasua, Egiptoarra izenaz ere ezagutzen dena. 1896an Afrika iparraldetik egindako bidaian ondu zuen, eta Luxor inguruan ostatua hartua zuela idatzi zuen batez ere. Egitura klasikoa duen arren (azkar-motel-azkar segida mantentzen du), irudimena eta exotismoa, erreala edo interpretatua, ia konturatu gabe txirikordatzen dira hiru mugimenduetan zehar. Bruce Liu pianistaren eskuetan piroteknia dotorea zirudien Allegro animato-aren gaiaren garapenak, baita ekialdeko fraseatzeak eta doinu arabiarrak dakartzan bigarren mugimenduan ere. Teknika aparta du kanadarrak, pasarte birtuosoenak samur, doi eta norabide zentzu garbiarekin ebazten ditu aise. Bis gisa eskaini zuen F. Chopinen 64. opusaren 1. balsa ere tasun horien guztien adierazgarri izan zen.

Atsedenaren ostean, Mahlerren 5. sinfonia titaniko eta ederra, Luxenburgoko orkestrak egiten duen lan fina sakonean gozatzeko aukera. Izan ere, orkestra honek sinfonismo handia modu gogoangarrian bizitzeko beharrezkoa den guztia eta gehiago jartzen du eszenatokian. Zeinen garbi tronpetaren hasierako deia, eta zeinen distiratsuak metalak obra osoan zehar. Barneak urratzen zituzten pianissimo-ak, hain ezaguna den Allegretto-an bereziki adierazkorrak. Zurezko-haize apartak, hari trinko eta leunak. Kontzertu borobila izan zela esatea gutxi da: esferikoa izan zen, eta gu geunden zentroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.