Ana Arsuaga.
Bi ahotsetara

Erroma III

2024ko maiatzaren 26a
05:05
Entzun

D. etorri da aireportura. Kotxez garamatza kontzertua izango den Villara, jotzeagatik ordainetan lo egiteko leku bat uzten baitidate oraingo honetan, eta tokian bertan dago. D.-ri eskerrak emateko, etorkizunean aterako den albumean egin duen guztiagatik, baldintza horiek onartu ditut, eta pozik gainera, aldi berean aukera bat delako, berak ezagutzen duen jendea kontzertura joango delako, Erroman joko dudalako, eta abar.

Gainera, D.-k dioenez, Italian izan den estudio garrantzitsuenetako batean albumaren masterizazioa zuzenean gauzatzen ikusiko dut, pare bat egunetan. Erroma. Nire musika hemen masterizatzen, hemen egiten, hemen jotzen. Nork esango lidake hori? Pinturako masterreko urtea Italiako pinturarekin liluratuta pasatu nuen, Italiako filmak ikusten nituen, ze koloreak, ze edertasuna, ze erotismoa…. bizitzaren plazera adieraz zezaketen, lekuko bilakatu.

Villara iristen gara. Metroak gora eta gora doan ate metaliko baten aurrean pausatzen gara, harrizko harresi baten erdian. Tinbrea jotzen dute, hesi bat, eta atezain bat etxola batean. Ea nora goazen. Villaren izena erantzuten dio D.-k. Pasatzen uzten digu. Alzifreen korridore bat, beste ate metaliko bat, telefonoz deitzen dugu, irekitzen da, banbuzko korridore bat, Villa, luxuzko autoak aparkatuta, lorategi izugarri handi bat, arrosa gorriak, marmolezko bankuak, forma biribil perfektuetan mozturiko zuhaixkak… Erroma.

Bikote gazte bat ateratzen da, antolatzaileak. Baina ez dira hori bakarrik. Villako negutegia dirudien espazio batera eramaten gaituzte. Hor bizi dira. Ikusi dudan bizitoki politena. Afaria egin digute, denok batera afaltzen dugu, ardo naturala, pasta bertako tomate eta gaztarekin. Sardexka bakoitza ikusi dudan ederrena da. Musika jarri dute, ambienta, ekitaldi artistikoak haien lorategian egiteaz aparte, musika-zigilu alternatibo bat ere badaukatelako. Ambient abestiak hondoan entzuten ditugun bitartean, begirada batez, etxe guztia arakatzen dut, burua asko mugitu gabe, eta begirada batean, etxebizitza guztia ikusi dezaket. Hor geratuko gara. Haiekin, haien logelaren ondoko gelan. Komun berbera erabiltzen. Villa erraldoi bateko diseinuzko 40 metro koadroko negutegian. Bost egun. Mina daukat sabelean. Irribarre egiten dut, «The dinner was so good. Thank you so much for having me. This is like a dream». Hilekoa etortzen zait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.