Ion Celestino.
LAUHAZKA

Errinozero bat lauhazka

2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Iazko ekainaren 12ko alean idazteke utzitako hari muturretako bati helduko diot, hirugarrenari, hain zuzen —3. Musika eskolei buruzko komentario mardul samar bat izenburua zuen atala—. Mardula agian ez, baina gordina behintzat bai, inshallah. Egun hauetakoren batean inork honetaz hitz egiten badit, prest egon nadin behintzat.

Noizean behin, Murray Schaferren 1975eko Errinozeroa ikasgelan (The Rhinoceros in the Classroom) liburuxka berrirakurtzen dut. Hor, bere musika pedagogiaren gaineko eskarmentutik abiaturik, hainbat gogoeta bide irekitzen dira. Autokritikarako lanabes indartsua, inondik ere. Bere erantzunak bezain interesgarriak (gutxienez) dira bere galderak.

ZERTARAKO ikasi eta zertarako irakatsi musika, beraz? Denbora betetzeko zerbait egin behar. Burmuinaren garapenerako ona omen. Zer motibazio dago, ba, tresna bat jotzen ikastearen atzean? Zer da ikasle horri eta bizi den inguruari ematen diona? Nire ustez, interesgarriena ez da musikariak sortzea, horren aurretik entzuteko gaitasuna eta analisirako gaitasuna duen jendea izatea baizik. Horrek ekarriko du bestea, ondorio gisa.

NOLA eta ZER irakatsi behar da? Galde honen arazo nagusia zera da: zail dela norberak ikasi zuen modua ez erreproduzitzea. Horretarako, bere burua behin eta berriz dudan jarriko duen jendea behar baita. Kontrara, berriz diot, ikasi genuen ber moduan irakasten jarraituko dugu. Ezagutza konpartitzeko moduez ari naiz, baina baita edukiei buruz ere. Hasteko, irakurketa-idazketaren zentralitateaz. Musika ez baita bere idazkera eta irakurketa hutsa; musika esperientziaren zati txiki bat besterik ez da hori. Oraino, musika ikasteaz ari garelarik, horretaz ari garela dirudi, eta ez emaitza sobera onekin. Gero, jakina, tresnaren alorrean idatzitako (irakurritako) errepertorioak du erabateko garrantzia hartzen. Baina errepertorio hori amableago izateko ustean, Disney eta antzeko materiala jotzeko aukera hartzen du askok. Gure garaian musika klasikoa-ren doinuak izango ziren. Hori errepertorio desplazatze bat da (eta ez, bereziki, onera, esan dezadan) baina inola ere ez ikuspuntu aldaketa bat. Arazo berbera talde praktiketan. Talde txikian pop kantuen aldaerak emateak, irakurriz, eta bertan egon daitekeenaren muinari jaramonik egin gabe, zer abantaila du?

NOIZ hasi behar da musika eskolan? Beste belaunaldi batzuetan hurbileko giroan gertatuko zen, noski. Baina kanpora atera dugu kantuaren eta dantzaren alorrean ere. Etxean egitekoa zena kanpoan egin dadin, diru truke. Eta hara, egia esan, musika eta mugimendua ematen duten irakasleak izaten dira askotan pedagogiarekin interes eta ezagutza handiena dutenak. Ikuspegi zabal eta irekiena dutenetako batzuk behintzat ezagutu ditugu. Eta, hala ere, horiek «txikien kontuak dira», «egiten dutena ez da bereziki garrantzizkoa». Pixka bat heltzen direnean, akabo esperimentazioa, entzutea eta mugitzea: euren buruko kutxa hutsak bete daitezela benetako ezagutzaz.

NORK irakatsi behar du musika? Hau izan zen Murray Schaferren liburuxka aitzineko aldiz irakurri nuelarik burua zartatu zidan galderetako bat. Batez ere, ordura arte ez nuelako inolaz ere horretan pentsatu. Era aktiboan bizi duten jendeek irakatsi behar dute musika, ene ikusterako. Esaldi honek barnebilduko du hartu behar duen guztia. Era aktibo hori hamaika gauza izaten ahal baitira. Baina azken hamarkadetan musika eskolen burbuila bat eratu eta egonkortu da. Eta honek funtzionario mentalitatea ekarri edo garatu du hainbatengan. Prozesu eta jarrera hori ezagun zen aspalditik kontserbatorioetako esferan, eta eskarmentuak argi utzia zuen ez dagoela musikarentzat deus onik mentalitate horretatik. Zilegi da lanaren baldintza ahalik eta duinenak nahi izatea eta horren alde borrokatzea, jakina. Baina musika irakasteko gutxieneko baldintza maitasuna da. Ez dut hau modu subjektiboegian ulertzerik nahi. Badakit ez dela neurgarria, ezta neurtu beharrekoa ere.

Lazgarria da hau honela esatea, baina, toki gehiegitan, ikasleak (gurasoak, dagokionean) bezero gisa ikusiak dira. Eta horrek harreman sistema guztia toki zehatz batean jartzen du, eta hemen esaten ari garen guztia sakonki baldintzatzen. Merkatua da, lagunok.

Schaferrek, liburuxkan, batez ere eguneroko eskolaren barruan ematen diren musika gelak jartzen ditu jomugan, ikuspuntu oso zabal batetik hitz eginez. Nire ustez, ordea, botatzen dituenak, eta hortik eratortzen ahal direnak, baliagarri zaizkigu musika eskola esaten diegun horientzat ere. Irudipena dut funtzionatzeko moduan kontserbatorioen espezializazio nahia izaten dutela (lehenago esan bezala, irakasleok jaso dugun heziketa hortik heldu baita, batez ere). Baina, ez tokia, ez ikasleria, ez dago horretarako. Hurbilago geundeke gehiago ikasiko bagenu herrietako maisu zaharren praktikatik eta musikaren pedagogian XX. mendean ikasi, garatu eta teorizatu zenetik.

Ez dut erantzun unibertsalik hauen guztiendako, baina galderak egin ezean, nekez hasiko da harria biraka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.