Postaria ere whatsapp bidez heltzen den sasoian bizi gara. Goizeko 06:51n iritsi da mezua: «Manolo oso gaizki. Ordu batzutako kontua». Hitzik ez ezer tajuz erantzuteko. Animoak, besarkadarik samurrenak eta antzekoak bidali, eta zuloa handitzen handitzen hasi da barrenean. Abestiak, bideoak, oroitzapenak, omenaldiak, eta Manolori buruzkoak bata bestearen agertu dira pantailan, baina hitzik ez sentitzen dudana adierazteko. 12:08an heldu da hurrengo mezua: «Oraintxe hil da».
Etxekoekin akordatu naiz aurrena, eta beste askoren antzera ni ere umezurtz sentitu naiz gero, Mikel Laboa hil zen egun hartan bezala, herri honi sustraietatik lurra kendu baliote bezala, eta Manolok eman digun guztia aitortzeko eta eskertzeko hitzak eta omenaldiak inoiz ez direla nahikoa izango pentsatu dut beste behin ere, abestien eta malkoen artean.
Dena esanda dago. Sariak emanda. Omenaldiak eginda. Maitasuna itzulita. Baina Manolok merezi duenaren laurdenaren laurdenera ere ez gara iritsi, eta ez gara iritsiko. Euskarazko telebistarik, pailazorik eta haur abestirik ez zegoenean haur izan ginen milaka euskaldunen haurtzaroa ezin da ulertu Imanol Urbieta gabe. Zarauzko Ikastola edota Xirula Mirula ezagutu ez genituenontzat ere erraldoia izan baita bere eragina.
Ez da esaten dudan lehen aldia, baina Imanol Urbietari zerbait zor badiogu, gure haurtzaroaren soinu banda sortzeaz gain, haurrak izaten segi dezagun eman digun bide luzea da. Manoloren abestiekin, txoriak garela sinetsi dugu, kateak apurtu egin behar direla ulertu, indio txikiekin jolastu, bakarrik eta libre ibili, herri bat osaturik euskaraz bizi, eta abar. Aitzindaria izan zen eskolari musika jartzen eta haurrak abesten zein ipuinen artean bizirik sentiarazten. Xirula Mirula, azken batean, musika eskola baino gehiago, bizitzari begiratzeko modua bihurtu zuen. Haurren modura bizitzeko aldarria eta haurren irribarrea lau haizetara zabaltzeko ahalegina.
Manoloren abestiak herrikoiak bihurtu ziren aspaldi, eta Manolorenak direla jakin gabe abesten dira oraindik ere batean eta bestean. Bakarrik eta libre, Txikia izanik, Ran Roberran, Mac Mikel, Txoria nintzela, Behin betiko, Jon Braun, Alaken, Mendi aldetik datoz, Kalera kalera eta abar. Hasieran lau katu eta danbor bat izango ziren, baina gaur egun milaka eta milaka euskal haurren soinu bandak Manolo Urbietaren musika du.
Gaur triste gaude, baina irribarreari eutsiko diogu. Eskerrik asko guztiagatik, Manolo. Segi errespundelapikulatunpa nahi duan lekuraino, eta laster arte. Bitartean, biharko ikastoletan ere hire abestiak geratuko zaizkiguk betiko.
IRITZIA
Errespundelapikulatunpa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu