Txuma Murugarren.
LAUHAZKA

Errege biluzia

2016ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Pero qué público más tonto tengo, pero qué público más anormal…», zioen Kaka de Luxe talde laureatuak (garai batean modernoa ez, hurrengoa), eta modernitatearen ikur gisa agertu nahi izan dute Hansel Cerezak antolatutako Elkarbizitzarako zubia inaugurazio ikuskizuna. Nik Interneten ikusi nuen, eta hotz utzi ninduen. Egia esan, horrelako ikuskizun pinkfloydianoak ez zaizkit inoiz gustatu, baina gure bizitzan betirako oroitu behar genuen ikuskizun horrek nigan inolako eraginik ez izateak kezkatu ninduen. Ni izango naiz?

Sare sozialen bidez konturatu naiz jende andanak egin diola kritika aurreko eguneko ekitaldiari. Lagun asko bildu zen inaugurazio ekitaldian, gehiegi, eta haietariko askoren iritzietan desilusio, desengainu, dezepzio eta horrelakoak aipatzen dira. Egia da ez dela erraza guztion gustuko zerbait egitea, zaila dela espazio publiko batean lan egitea. Egia ere bada, arteari dagokiola, ez gaudela lar prestaturik; izan ere, oso aukera gutxi jartzen baita jendearen eskura artea balioztatzen ikasteko, kulturak ez dauka balio handirik gure dirua kudeatzen dutenentzat. Politikarien eskuetan artea fiñolatzeko balio duen zerbait da, gehienetan. Hezkuntzan ere berdin. Zubiak eta errepideak eraikitzeko ingeniariak nahi ditugu egun, ez zubien eta errepideen alderdi metaforikoa aztertzen duten artistak. Aurreko eguneko ikuskizunean bietan egin zuten huts. Ingeniaritzan eta kontzeptu artistikoan.

Hansel Cereza penatuta ageri zaigu batzuek su artifizialak nahiago zituztelako. Baina, zer da, funtsean, Cerezak eman diguna? Garai batean berri, gaur egun sobera ikusia dagoen espektakulu bat, zeinean su artifizialen estetika berbera errepikatzen baita, baina argi joko oso garestien bidez. Eta, zintzoa izatera, esango nuke behar baino luzeagoa izan zela, lausoa, albainuz ozta-ozta josia, borobildu gabea. Xabi Payak diosku ezen honelako irekiera-ekitaldiak Europak jartzen dituen irizpideei jarraituta egin behar direla, formatu adostu bat eduki behar dutela. Ez dakit zer esan nahi duen horrekin, baina espektakulu hauek Eurovisionek musikari egin dion ekarpen berbera egiten diote kulturari, ABBA kenduta, jakina! Kasu honetan, gainera, planteamenduaren infantilismoari eman nahi izan zaion dimentsio intelektual eta aurrerakoiak harritu nau. Berez, politikariek maite dituzten argumentu xalo eta tolesgabe horietako bat zuen oinarri ikuskizunak: ibaiaren ertz bakoitzean dagoen jendea beste ertzeko lagunekin kontakturik gabe bizi da, halako batean elkarrizketa hitzak akuilatuta, zubi bat hasi dira eraikitzen, elkarbizitza eta komunikazioa errazteko. Zubia eraiki eta bertatik igaro dira herritarrak, eta bertan topo egin. Arraioa! Eta «hiritarrek ez dute mezua ulertu» entzun behar izan dugu. Serio? Ez dut uste mezu korapilatsua denik inondik ere, baina argi daukat antolatu den ikuskizunak ez duela jakin horren narratiba egiten.

Auzia bere hartan gera zitekeen, arduradunen partetik desenkusa, azalpen edo dena delako zintzo bat entzun izan bagenu. Baina ez da hala izan. Hansel Cereza haserre agertu da kritikekin eta jendearen ulermen maila baxuari egotzi dio errua, Xabi Payak nahiago izan du autoritateen iritzietara jotzea, eta esan du kapitalitateei buruz gehien dakien pertsonak adierazi duela gurea onenetarikoa izan dela. Ikuskizuna aurreratuegia izan dela ere entzun dugu, edota gure herrian ez dakigula txuri edo beltzaz gainera ezer bereizten... Publiko otzana nahi dugula ematen du, ematen diogun bazkaren kalitateaz arduratzen ez dena, eta kritikarik egiten ausartzen bada, euren muga intelektualak agerian utzita lotsatu eta isilduko dena. Hiritarron kritikei erantzuteko erdeinuzko tonua erabiltzen du gestoreak, errege biluziak barrez lehertzen dagoen herriari egiten zion bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.