Bachek bizitza salbatu zidan». James Rhodes piano jotzaileak esana da. Bere lehen liburuan, Instrumental-en, kontatu zuenez, haurtzaroan esperientzia traumatikoak jasan zituen—gimnasiako irakasleak bortxatu egin zuen luzaz—, eta, horren ondorioz, suizidio saiakera batzuk ere egin zituen. Musikak salbatu zuen hondamendi horretatik.
Aste honetan irakurri dut Fugas bere bigarren liburua. Bertan piano jotzaile gisa burututako nazioarteko bira baten eguneroko moduko bat egiten du, baina ez da inondik inora ere kronika konbentzional bat. Bost hilabete horietan bere baitan sentitzen dituen beldur, zalantza eta ezinegonen kontaketa xehe bat da funtsean. Hain xehea non bere garunean edo bihotzean, berdin dio, mikrofono bat jarri duela dirudien, eta inolako galbaherik gabe, bere pentsamenduen transkripzio gordina egiten duen. Hala, kontzertu baten aurretik eta ondoren sentitzen duen antsietateari buruz dihardu, sexuaren eta harremanetan dituen zailtasunak kontatzen ditu, bidaiez, musikaz, iraganaz jarduten du... Iruditzen zait aurretik oso artista gutxik lortu dutela bere barneko giro hori hain ongi islatzea.
Liburua musika klasikoari egindako gorazarrea ere bada. Musika da beste behin ere Rhodesen salbatzailea. Pianoren aurrean jartzen den momentutik bertatik gelditzen zaizkio pentsamentu negatibo horiek guztiak, eta sentitzen da hobeto. Zentzu horretan, musika entzunez irakurtzeko lana da. Atal bakoitzaren hasieran obra klasiko baten aipua azaltzen da, eta Bachi, Chopini eta Beethoveni buruzko bitxikeriak ematen dira, betiere oso modu pedagogikoan.
Hizkuntzari dagokionez, dena hain ohikoa duen estilo gordin eta zuzenarekin dago idatzita, eta batzuetan oso muturrekoa da kontaketa, gogorra eta pasioak markatutakoa. «Guztiok, neurri handiago edo txikiagoan, baina guztiok gaude eromenaren putzu berean erorita», dio liburuko une batean. Gomendagarria da haren eromenaren putzu hori ezagutzeko denbora hartzea.
BI AHOTSETARA
Eromenaren putzua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu