Migel Zeberio
IRITZIA

Eresbil termitentzat?

2018ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Tolosako Abesbatza Lehiaketak 50. urteurrenean bezalako izar juntadizorik sekula eman ez den baieztapena egiteko ahalkeriarik badela aitortu behar. Hauetariko asko gazteen formakuntza bidean trebatzeko proiektuak dira, arteek gurean baino pisu eta esangura nabarmenagoa duten herrietakoak, hala nola Norvegia, Frantzia, Letonia eta Suedia. Lizardik zioen: «Ai hegaztia banintz!». Eta guk ere amesten dugu noizbait ogia eta zirkua (futbola eta kontsumoa) hobesten eta bultzatzen den gizarte hau baino kultur eragileagoa litzatekeen gizarte bateko parte izatea?

Aurtengorako formula berria erabili dute antolatzaileek: azken eguneko finalera iritsitako lau talde distiratsuenek hutsetik abiatuta dema jokatu zuten igande goizean, egunero lez lepo izan den Leidor antzokian. Jendetza eta bertaratu hamasei abesbatzen gorengo maila dira ekitaldi honek lortu dituen inoizko bereizgarri nonbratuenak. Aurreko hiru egunetan gozatu genituen saioetatik bagenuen, gutxi-asko, emaitzei buruzko kiniela, eta, hala, sailkaturiko lehen lauren zerrendarekin konforme geunden. Frantziako Mikrokosmos zen, ezbairik gabe, heterodoxiaren iturritik edaten duenez, eredu honetan tokirik izan ez zuena. Star Wars bezalako film futurista baten giroan sartzeko gonbita egin zigun Loic Pierre zuzendariak; asko plazerez lurreratu ginen beren planetan, eta zenbait, aldiz, asaldatu egin ziren proposamenarekin. Artista garaikideak, bere jardunaren bidez, maiz horren bila egiten du saiakera, entzulearengan ezinegona sortzea. Finean, Cirque du Soleil antzeko zerbait, freskoa eta elaboratua aldi berean, honetan gabiltzanoi ideiak nahasteko edo kitzikatzeko balio diguna.

Bertako bi talde ere aurkeztu zitzaizkigun, zorionekoak: KUP taldea eta Errenteriako Landarbaso, geurean ere lanerako gogoz eta ilusioz proiektuak badabiltzanaren seinale. Bien abiapuntua desberdina: lehena, bateko eta besteko abeslari nagusiki gipuzkoarrez osatua eta Gabriel Baltes irakasle frantziarraren eskura; bigarrena, herri baten oihartzuna eta urteetako harrobi lanaren lorpen zoragarria. Tinbre anitzez aberastua lehena, eta konpaktu eta homogeneoa bigarrena. Baltesek, maisuki, era klasikoan josi zuen egitaraua ahalik eta garai esanguratsuenetako laginak jorratuz eta taldeak dituen baliabide muturrenekoei etekina ateraz. Berpizkundeko kontrapuntuak, ondorengo apaindura arinak, Erromantizismo garaiko joskera malguak zein Brittenen jario indartsuak ederki menderatzen ditu Baltesek, gustura egiten dio men taldeak, eta horrela lortu zuen zuzendari onenaren saria. Iñaki Tolaretxipik, bide labainkor izan zitezkeenak alboratu, eta XX. mendearen erditik aurrerako lanetan jarri zuen arreta. Lan eta lan eginez lortu duten doinu borobilaz, esker oneko dituzten Gjeilo, Matsushita edo Dominguez bezalako egileen mesedetan, segurtasunez jardun ziren.

Bataviakoak (Indonesia) fresko genituen memorian, eta azken aldian izan zireneko egitarau antzeko, sendo eta sarkorraz itzuli ziren Tolosara igandean. Bi saioetan, ezustekorik gabe, maila gorena eman zuten. Oreyakoei (Ukrainia) eta nagusi duten Vatsek aztiari buruz hitzak ere motz datozkit. Harmonia eta soinu konplexuenak halako ozentasun eta garbitasunez inoiz gutxitan inori entzun dakizkiokeen moduan egitea lortzen du taldeak. Urteetan entzun dudan instrumentu moldagarri eta oparoenetakoa da. Garai eta konpositore bakoitzarekin metamorfosia lortzen du, talde britainiar zenbaitek egin ohi duen antzera, baina beste planeta bateko botereak balitu bezala: Victoriaren soiltasuna arintasunez, Schnittkeren trinkotasun eta sendotasuna ekialdeko errituen tradizioan, Poulencen irakurketaz sekula halako gardentasunez azaleraturiko joskera eta pianissimoak, txori kanta deskribaezinak, edota Leonardoren hegan egiteko ametsetatik Bustoren Ametsetan festa eta otoitz prediku zoragarriaren mugetaraino zoramenera eraman gintuen lehenik. Igandean, baina, ez zuten asmatu egitarauarekin, eta, dirudienez, akituak ziren bezperan Borjan (Zaragoza, Espainia) emandako kontzertutik oso berandu iritsi izanagatik.

Suediako St. Jacobs Vocalensemble gaztea ere berriztatua guztiz, indartsu. Atseginez entzuten den Victoria gaztelarraren musikaren interpretazio iradokitzailea egitea deliberatu zuten, erotikoa esango nuke, bigarren sopranoak nabarmenduz. Scolden obran eta espiritualean, aldiz, patroi erritmikoari oso malgu eusten jakin zuten. Baliabide tinbrikoetan onenen pare ez egonik ere, musika garaikide trinkoenean jarri zuten beren intentzioa. Egitarau osatuenaren saria jaso, eta bigarren saiorako maila bat gora egiteko sena izan zuten.

Eta, azkenik, Kamer Koris talde letoniarra. Hogeitaka urteren bueltan dabiltzan kideez osatua, zuzendaria barne. Oilo ipurdia eragiteko hamaika okasio galdu ezin igortzeko gai. Bat-bateko inpresio amultsu eta samurra. Gaztetasunaren indar eta kemena puri-purian. Lanbroa mendian gora behera nola, hala beraiek soinuarekin jolasean. Orfeoi trumoitsu izatetik, istantean tximeleta hauskor izatera. Ezustekoa, ordea, letoniera eta euskara batzen dituen Sarasolaren Veja Mate itsasoko kondairarekin izan nuen. Musikalki ideia oso jasoa eta egiteko eran txundigarria, Itsasoa laino dago kantatzen zuten itzuli ez den marinelaren hiru arrebek. Final handirako, nonbait, aurreko saioaren azterketa sakona egin, eta egun eta erdiren bueltan berregituratu eta ahal zen neurrian lana eraldatzeko gaitasun txundigarria erakutsi ziguten, soberazko bolumen momentuak menderatuz, eta espresioan are eta gehiago sakonduz, teknikoki gehiago egiterik zaila baitzuten. Eta hala, ikusleen saria jada lortua izanik, epaimahaiarena ere argi irabazi zuten.

Azken urteetan ematen ari den paradoxa da koruek dakarten euskal musikaren aniztasun falta. Noski, hau ez da estimu handia diedan Elberdin, Busto eta Sarasola musikagileek sorturiko arazoa, haiena bertutea baita, urteen joanean sorkuntzari ekiteko eta setatsu jarraitzeko kemena. Edo mozal legeak eraginda euskal konpositoreek muzin egin diote lanari, edo Eresbil termitentzako parke tematiko bihurtzekotan dira. Txantxak alde batera utzita, arazo estrukturala da, eta gure musikaren ondareaz zabaltzen ari den ikuspuntua pobretzen ari da bizkor.

A! Eta urtemugen harira, konturatu naiz nire 25. urtea (26, tartean bat huts eginda) dudala euskal aldizkarietan lehiaketari buruz idazten: Egunkaria, Egunero, BERRIA, Hitza, Ataria. Niretzat aldiro apustu malkartsu bilakatzen da, baina bestetik, baita desafioa ere. Irakurtzeko pazientzia hartzen duenari eskerrak ematea besterik ez zait gelditzen. Nik ospatu egin dut!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.