Danele Sarriugarte
HIRUDIA

Erakutsi, ez esan

2017ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Irakurle-taldeak gidatzeak badu, hainbaten artean, gauza bat bereziki ona: berrirakurketa bultzatzen du. Norberak aukeratzen ditu-eta taldean zer liburu irakurriko diren, aurrez gustukoak izandakoak aukeratu ohi ditu norberak sarri, noizbait irakurritakoak eta gutxi-asko gogoratuak; saioa baino lehen, ordea, berriro astindu beharrekoak.

Gauza ona da berrirakurketa, badakigu. Bigarren eta are hirugarren bueltan lehenengoan oharkabean joandako xehetasunak harrapatzen dira, ondorio berriak ateratzen, galdera sotilagoak pizten. Zenbat bider ez ote nuen esango, batez ere amaieran baizik guztiz ulertzen ez den testu bat irakurrita: ai, hasieratik hartuko nuke orain berriro! Gero ez dut egiten hala ere. Nolatan egingo dut bada, hainbeste egonda? Jakinda berebiziko bizialdia eginik ere ezin izango ditudala irakurri nahi nituzkeen denak, besteak beste ni hil ostean idatziko direlako irakurri nahi nituzkeen zenbait, edo nik ezagutzen ez ditudan hizkuntzatan idatzita daudelako eta inork ez dituelako inoiz itzuliko nik ezagutzen dudan mintzoren batera?

Baina hori, jada, iragana da. Orain, irakurle-taldeetan programatzen ditut nolabait ere markatu nindutela oroitzen dudan liburuak eta berrirakurri egiten ditut, eta errekonozitu, eta, sarri, zergatik markatu ninduten gogoratu.

Azkena, Eider Rodriguezen Katu jendea (Elkar, 2010) ipuin-bildumarekin gertatu zait. Martxoan irakurri dugu bi taldetan, Durangon eta Zarautzen. Gogoan nuen gustatua zitzaidala eta gogoan nuen gainera, nire euskal filologiako pisukideari ez bezala, Haragia (Susa, 2007) baino are gehiago gustatua zitzaidala.

Berrirakurri baino lehen, norbaitek erreferentziak eskatuko balizkit, norbaitek galdetuko balit, adibidez, zeri buruzkoak diren liburu horretako ipuinak, halako ideia gutxi gorabeherako batzuk baino ezingo nituzke bota: bi bizilagun hendaiar aspertu eta asegabe, berriki ama izandako emakume oso frustratu bat, Saharako haur baten eta hemengo baten maite-kontuak, kotxe bat txiribueltaka espetxera bidean eta interesantearena egiteko Milan Kundera irakurtzen duen halako adiskide/arerio bat. Orain, ordea, berrirakurri ostean, ezinago fresko daukat zergatik geratzen den ase gabe bi bizilagun hendaiarren artekoa eta noiz eta nolatan eta noren aurrean irakurtzen duen Kundera beste hark. Eta ez hori bakarrik: orain, berrirakurri ostean, are nabarmenagoa egin zait zer ondo dauden eraikita ipuin horiek.

Izan ere, erakutsi egiten dute ipuin horiek, ez dute esaten. Horra hor hamaika bider aditu diedana idazle, kritikari eta literaturari buruzko iritzi sendoak dauzkatenei, horixe dela erronka handiena, erakutsi egin behar duzula demagun pertsonaia bat halakoa eta holakoa dela, eta ez hitzez hitz adierazi halakoa eta holakoa denik. Egia esango dizuet: hasieran, hori esaten zidaten, eta ez nuen guztiz ulertzen. Alegia, ez nuen inondik ere ulertzen. Halakoetan, baina, oso dira lagungarri adibide praktikoak, eta, hara non, Rodriguezena letuta egin zitzaidan argia.

Ipuin asko ale nitzake nire argudio bidea frogatzeko baina bati bakarrari helduko diot. Ez dizuet lehenagoko zerrenda makal horretan aipatu. Hagina. (Ez baduzue irakurri, erne: hobe hura irakurtzea hau baino, beraz utzi hau eta segi haren bila, berehala).

Hagin batek islatzen du izan ere Ane Basabe gaztearen (29) gainbehera: edertzat izana du bere burua beti, edertasun horren bitartez eraiki du bere identitatea are, eta oraindik zeharo zimeltzen hasteko urte batzuk falta zaizkion arren, zimeldu ere zimelduko delako (eta beraz bere identitatea galduko duelako) estreinako seinalea kolpe latz zaio.

Pertsonaia gogoangarriak sortu zituen Rodriguezek. Modu gogoangarrian sortu zituen pertsonaiak Rodriguezek. Tartean, Ane Basaberen gainbeheraren konfirmazioa: Jon Somoza. Txikitan ikaskide izandakoa, Anerekin betidanik maitemindua. Hitz gupidagabe ugari erabil genitzake Jon Somoza deskribatzeko, eta, hala ere, ipuineko ekintzak eta elkarrizketak puskaz eraginkorragoak dira zeregin horretan. Jon Somoza da pertsona bat zintzilik daramana oraindik jaunartzean oparitu zioten urrezko katetxoa (Jon Somozak diametro txikiagoko lepoa zeukan garairako egina); Jon Somozak gordea dauka oraindik haurrak zirenean Ane Basabek estutxean edukitzen zuen eta Jon Somozak lapurtu zion esne-hortza; Jon Somozak bi ideograma ditu bularrean tatuatuta: Jon eta June seme-alaben izenak, japonieraz; Jon Somozak herri-kirolari hatzak ditu.

Jon Somozak eta Ane Basabek, ipuinaren amaieran, topeka egin dute apur batean (amabirjinak, berriz, diapasoiaren lanak beti ditu Ane Basaberen lepauztaiaren aurka). Eta ez al da literaturaren funtzioetako bat gure errealitatea zehatzago islatzeko tresnak ematea? Zenbatek ez ote dugu orain pentsatuko, txortaldi miserable baten ostean, topeka arituak garela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.