Amsterdamgo Rijksmuseumean ikusgai dagoen Vermeer artistaren erakusketan bi zenbakik izan dute oihartzuna: 28ak eta 450.000k. Lehenengoa, erakusgai dauden pinturen zenbatekoa da, eta bigarrena, mostra ireki eta bi egunera amaitu ziren sarreren kopurua. Bigarren hau altuagoa izan zitekeen (800.000 lagun inguruk erosi nahi izan omen du sarrera), baina museoak jende gehiago sartzen ez uztea erabaki du, ikusgarritasuna eta erosotasuna bermatzeko asmoz.
Erabaki zuzena, zalantzarik gabe; saldutako sarrerekin jada jendetza elkartzen baita koadroen aurrean. Erabaki ausarta, aldi berean, kultur politika kapitalismoak eta turismoak gidatzen duten garai honetan, 350.000 ikusle horiek kanpoan uztea dirutza galtzea suposatzen duelako. Sarrera bakoitzak 30 euro balio zuen; atera kontuak.
Sarreretan ez ezik, beste zenbait alderditan ere ausarta da mostra. 28 lan erakusten ditu soilik, gutxi samar halako erakusketa ospetsu (eta garesti) batentzat. Artistaren beraren emankortasunari lotzen zaio kopurua, 37 inguru ezagutzen baitzaizkio soilik; munduko hamaika museo eta bildumetan sakabanatuta daude, gainera. Hala ere, museoak proiektuarekin aurrera egin zuen eta inoiz baino Vermeer gehien elkartzea lortu du.
Kopuruak erakusketaren diseinua asko pentsatu behar izatea ekarri du. Badira, adibidez, bi lan soilik edo lan bakarra duten hainbat areto. Hutsegi agertu beharrean, ibilbideari erritmo orekatuagoa emateko balio dute. Lan guztiei arreta eskaintzea ekartzen du, nekatu gabe kontzentratzeko aukera emanez ikusleari. Gainera, ibilbidea gaika antolatzen da, eta honek gela bakoitzari entitatea eta zentzua ematen dio, lan gutxi egon arren. Instalazio guztiak, hormen kolore klasikoekin, toke barroko oso neurtua ematen dioten alboetako beluzezko gortinekin, denborarik gabeko espazio batean murgiltzen du ikuslea, Vermeeren barnealde lasai eta harmoniatsuekin guztiz bat datorrena.
Gauza bakar batean sumatzen da ausardia falta: aretoetako testuetan. Erakusketak Vermeeren inguruko ikerketa berriak ekartzeko balio izan du, eta hauek katalogoan bildu dira. Badago ohitura, ordea, halako museo handi eta historikoetan ikerketa horiek aretoetara ez ekartzeko, publiko orokorrarentzat zailegiak edo aurreratuegiak balira bezala. Honela, katalogoan aipatzen da, adibidez, emakumeak musika instrumentuak jotzen agertzen direnean, emaztegai perfektua irudikatzen dutela, baina artistak atzean kokatzen dizkien koadroen gaiak (Kupido, kasu) bestelako amodio fisikoagoa iradokitzen dutela.
Aretoetako testuetan, aldiz, halako azalpen konplexuak ez dira txertatu, eta lanen ikuspegi askoz ere lau eta deskriptiboagoa ematen dute. Tamalez, ohikoa bihurtu da museoek diskurtsoan beste alderdietan izan dezaketen ausardia baztertzea.
BEGIZ
Erakusketen ausardiaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu