William Basinskiren Disintegration Loops diskoaren lehen entzunaldia berezia izan zen, bakana: 2001eko irailaren 11ko goizean amaitu zuen urte luzez landu zuen proiektu hura musikari esperimentalak, New Yorken, bi etxe orratz erraldoi amiltzen ari zirela. Etxeko teilatura igo eta irudi batzuk grabatu zituen, tartean diskoaren azala izango zena: ilunabarra, keak estaltzen duela. Biharamunean disko amaitu berria bozgorailuetan jarri zuen teilatu hartan bertan.
Suntsipenak halako aura malenkoniatsu bat eragin lezake, baina bada ekintzaren beraren bortxari erreparatzen dionik. Hala egiten dute Einstürzende Neubauten taldearen izenak —«eraikin berriak amiltzen» esan nahi du alemanez—, haien zuzenekoek —zerrak, mailuak eta eraikuntzako materiala erabili izan dute—, edota Hanatarash japoniarren emanaldiek ere: hain ziren bortitzak, hondeamakina batekin eszenatokia txikitzera ere iritsi baitziren. Hauts bihurtu beharrik gabe ere, eraikinak abandonatzen dira, edo jabeak egozten dituzte beste zenbaitetan. Eraldaketarako aukera ere izaten da, berriz hastekoa. Espazio batzuk berrerabiltzen dira —fabrika zaharrak, kartzela izandakoak, jada trenik jasotzen ez duten geltokiak, aduanak—, beste batzuek ez dute halako zorterik izaten. Unearen gurtzea izan daiteke aukera bat halakoetan, Brendan Canty Fugazi taldeko bateria jotzaile ohiak Burn To Shine DVD sortan egin zuen antzera: AEBetako hiri ezberdinetan eraistera zihoazen etxe bat aukeratu eta bertan grabatzen zituzten hiri hartako zenbait talde esanguratsuren emanaldiak; tokiaren, garaiaren, eszena baten oroigarri bat izan nahi zuen hark, definizioz iragankorra dena atzemateko gogo baten isla zen hura.
Ezin uka eraispenek, gainbeherek erakartzen gaituztenik. Ez horrenbeste eraikuntzak, hala iradokitzen du behintzat auziari eskainitako abesti bakanetako bat Chico Buarqueren Construçao ederra izateak: «Eraikinera igo zen solidoa bailitzan,/ lau horma magiko altxa zituen eskailera-buruan,/ adreilua adreiluaren gainean marrazki logiko batean,/ zure begiak zementuak eta keak sorgortuak,/ atseden hartzeko eseri zen printze baten antzera/ babarrunak eta arroza jan zituen gorena bailitzan,/ edan eta negar egin zuen makina baten antzera».