Elena Martinez Rubio.
LAUHAZKA

Epaileak epaitzea

2017ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Ekialdeko Alemania desagertu zenean, epaileak epaitzeko abagune bat alferrik galdu zen, jende askoren ustetan. Izan ere, bertakoak kezkaturik agertu ziren ikustean nola epaileek beren lanpostuei eutsi ahal izan zieten Mendebaldekoan ere, oztoporik gabe, nahiz eta aurreko garaietan hainbat herritar bidegabe kondenatua zuten.

DDR ohian epaiketa batzuk egon ziren, egon ere, iraganari begira; gehienak, alabaina, iheslariei tiro egin zieten Berlingo harresiko militarren aurkakoak. Ezagun denez, Republikflucht zelakoa —hots, errepublikatik ihes egitea— lege-hauste latza zen Alemania komunistan. Harrigarria bada ere, epaiketa haietan legearen ezagutza sakonagoa eta zuzenbidearen sen handiagoa eskatu zitzaizkien mugako zaintzaileei, epaile eta fiskal buruei baino.

Bada, legelariak beti izan dira auzitara eramaten zailak. Elite bat eratu eta aginpide politikoarekiko atxikimendu irmoa erakutsi ohi dute, nonahi eta noiznahi. Gizarteari besterik sinetsarazi nahi zaion arren, jujeak ez dira «beregainak» izaten: historia aztertuz gero, bestelako datuekin egiten dugu topo, salbuespenak salbuespen, jakina.

Ildo beretik, aski da ikustea nola iragaten diren herrialdeak polizia-estatutik zuzenbide-estatura (edota alderantziz), betiere juje kolaboratzaileek beren karguei uko egin beharrik izan gabe. Zentzu horretan, ezin da esan epaileek alderdikeriarik gabe jarduteko inolako gaitasun berezia dutenik: politikariei legeak ad hoc egiten laguntzen diete eta epai politiko zuzengabeak emateko prest egoten dira, egoera orotan.

Edonola ere, Ekialdekoa baino are kezkagarriagoa izan zen Bigarren Mundu Gerra ostean Mendebaldeko Alemanian gertatutakoa. Juristen gehiengoa nazien alderdikidea izana zen; halere, epaiketa bakarra egin zen hamasei letradu salatzeko. Handik gutxira, guztiak berriz ere «herriaren izenean» epaiak emateko moduan egon ziren, beren buruaren alde hamaika sasi argudio erabilita. Beraz, Zuzentzaren alorrean lehen bezala jarraitu zuen denak, batik bat Estatu Batuei «esker».

Bistan denez, aro berria izango omen zenak sustrai ustelak zituen hasieratik. Hain neurri handian, non laster, Gerra Hotza zela-eta, epaile naziak izandakoek beste aukera paregabe bezain itxuragabea baliatu zuten komunistei eraso egiteko Mendebaldeko Alemanian: orduan, 125.000 epai-instrukzio bideratu eta 7.000 zigor ezarri zituzten, komunisten aferaren harira. Alderdi komunista bera 1956an debekatu zuten. Ondoren hiru hamarkada igaro ziren, harik eta Ingo Müller jurista egiazaleak Epaile lazgarrienak (1987) izeneko liburu arrakastatsuan ikertu zuen arte nola gelditu zen zigorrik gabe epaile nazi haien jokabide zitala.

Ekialdekoan, ordea, beste era batera ekin zioten arazoari, sobietarren eraginpean: bertan, 149 legelariri zigorra ezartzeaz gain, borrokalari antifaxista «arruntak» izendatu zituzten epaile. Hau da, «arruntak» bakar-bakarrik ezikasiak edo legetan adituak ez zirelako; «ezohikoak», berriz, nazi kriminalen kontra ausart eta zuzen jokatzeko gauza izan zirelako. Prestakuntza-ikastaro trinkoak antolatu ziren, handik aurrera epailetza beraien esku geratu zelarik. Hala, egitura berri bat eraiki zen, hutsetik abiatuta.

Ekialdeko blokearen erorketak, behinik behin, ondoko eztabaida hau piztu zuen: zilegi ote da zuzentasuna xede ez duten diktadura-aldiko legeak aintzat hartzea? Zergatik bete, eta betearazi, zuzenbidearen muina den berdintasuna deuseztatu nahi duten legeak? Zeintzuk dira epaileak epaitzeko irizpideak...?

Azkenik, zerbait aldatu zen Alemanian legearen ulermenari dagokionez; aldaketa, hala eta guzti, jurista naziak epaitzeko berandu heldu zen. Legelari berrien belaunaldiak naziek irakaskuntzatik bazterreratu zuten Gustav Radbruch (1879-1949) Zuzenbide katedradunaren idazlanetara jo zuen. Radbruchi zor zaio, besteak beste, emakumezkoak epailetzara sartzen uzteko lege-zirriborroa.

Radbruchen iritziz, arriskua dago legeak «zuzenbide ez bidezko» bihurtzeko. Inoiz legeen eta zuzentasunaren artean halako kontraesan neurrigabea edo gatazka larri jasangaitza sortuz gero, epaileek zuzentasuna lehenetsi behar dute eta garaian garaiko zuzenbide positiboaren gainetik kokatu. Aipatu tesi garrantzitsu horri Radbruchen formula izena eman zaio.

Hortxe dago koska. Antza, beren buruari «legearen zerbitzariak» deitu eta «legearen inperioaz» hitz egiten dutenei ahazten zaie askotan legea ez dela, zuzentasuna baizik. Legea «bidea» baino ez da: euskal hizkuntzak argi adierazten du testuinguru horretakoak diren «bidezko», «zuzenbide», «bidegabe» edo «eskubide» hitzen bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.