KRITIKA. Musika

Entzuleari gorazarre, estiloari leial

2024ko urriaren 20a
05:05
Entzun

'Triángulo de Amor Bizarro'

Non: Bilboko BBK aretoan. Noiz: urriaren 18an.

Hogei urteko ibilbidea ondu du Triángulo de Amor Bizarro talde galiziarrak eta urtemuga biribila ospatzeko bira antolatu du zenbait hiritan. Ez nolanahikoa, gainera. Beren ibilbide emankorrean zehar kaleratu dituzten sei lan luzeak oso-osorik eta zuzenean eskaintzeko deliberoa hartu zuen hirukoteak, emanaldiz emanaldi kantu sorta aldagaitz batera zedarritzen diren artisten jardunbidetik urrun. Jakina, taldearen diskografia osoa kontzertu bakarrean aletzea gertagarri ez denez, emanaldi bakoitzera bertaratutakoek eta halako tarot karta jolas batek erabakitzen dute galiziarrek interpretatu beharko duten disko parea.

Musikazalea ezjakin hurreratu ohi da, bada, kontzertu gelara; esku hutsik, nonbait. Ezezagun zaio taldeak duela urte eta erdi eskasean argitaratu lana (Sed, 2023) zuzenean aditzerik izango ote duen. Edo, aitzitik, entzuleari gerta dakioke taldeak urteetan bildu dituen kantu gogoangarri bakan horiek entzuteko betarik ez izatea, zoriak halaxe baldintzatuta. Musikazaleak badaki, ordea, azken bi hamarkadetako post-punka eta noisea uztartzen dituen kontzertu-gailur horietakoren batera zuzentzen ari dela.

Emanaldiaren hasieran, Heriok karta multzo bat sakabanatu du oholtzatik ikus-entzuleen artera, eta bueltan markatuak zeudenak soilik jaso ditu, ausaz bakarra aukeratuz. Esku hatzekin bi zenbakiaren zeinua adierazi du; alegia, AñoSanto (2010) joko du taldeak, diskografiako bigarren lan luzea, hasi eta buka. Hirukotea taularatu orduko, soinu esperimentazioak dantzan jarri ditu bertaratutako lagunak, De la monarquía a la criptocracia pop ukituen bitartez. Ondotik datozen aleak, shoegaze eta punk estiloen artean murgil, gehienez ere behinola edota aspaldian zuzenean jotakoak direla onartu du —tarteka herabeki— Isa Cea taldeko baxu jole eta ahotsak. Zailtasunak zailtasun, melodia dantzagarriagoetara egin du gero hirukoteak, new wave kutsudun El baile de los caídos-en eskutik, eta baxuaren erritmo neurrigabean trostan eraman ditu kontzertuaren lehen erdiaren bururaino.

Beste behin ere, erritu xamanikoa hezurmamitu du Heriok, taldeak atsedenareko tartea hartu arau. Lan garaikideago bat, hurrena: oɹɹɐzıqɹoɯɐǝpolnƃuɐıɹʇ (2020). Urrezko diskoa, Cearen esanetan, hor nonbait. Halako zimikoa bertaratutakoentzat, taldearen bosgarren lana estimuan baitute. Lasaitua musikarientzat, huraxe etxekoago baitzaie. Jadanik hasmentako doinuetan nabari da bestelako ñabardura batzuk darabiltzatela. Halaxe, Ceak ahotsa jarri die harrotzen dihoan No eres tú kantuari, bai eta New Order talde britainiarrari ohore egiten dion Vigilantes en el espejo pop dantzagarriari ere. Berehalako batean, publikoak zinez eskertzen dituen periferia ilunetarako gonbita den Fukushima eta, ikus-entzuleen gozamen erabatekorako, Asmr para ti balada hunkigarria interpretatu ditu taldeak, hurrenez hurren. Amaiera aldera, danbateko labur eta sutsuen ondotik, Cura mi corazón koral bezain zeremoniatsuak itxi du saioa.

Rodrigo Caamaño taldeko gitarra jotzaileak bina bis iragarri ditu, bildumazaleei eskainitako omenaldia nahikoa izango ez balitz bezala. Hartara, Barca quemada (Salve Discordia, 2016) maiztu eta itsaskorra propio aukeratu du hirukoteak, eta emanaldia biribiltzeko berriz ere publikoarengana jo du, iradokizun eske. Akordiorik ez oholtzapean, anabasa nagusi. Taldeak zirt edo zart arrapaladan ekin dio, sintetizadoreak oinarri hartuta, azken kantua jotzeari:  Vieja estrella solitaria (Sed, 2023). Oraingo honetan bai, entzuleak izan du talde galiziarraren azken diskoko kantu kutunenetako bat bertatik bertara aditzeko abagunea. Eta kontzertu gelako ateak irekitzeaz bat, sentsazio ezin kitzikagarriagoarekin alde egin du musikazaleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.