Omenaldi txiki bat egin nahiko nieke entsegu lokalei. Nik ezagututakoak ez dira gutxi. Garaje hura, zeinetan entseguaren erdian gitarra jotzailearen aitak kotxea gorde nahi eta tentuz ibili behar zuen gu ez zapaltzeko. Are bigarren garajea ere, non bateriaren soinua horren bortizki hedatzen zen, jotzeak lotsa ematen baitzidan. Hobeak ziren partekatutako lokalak. Ermuko dorretxearen azpiko lokal hura, esaterako. Astean behin bileretara joan behar zinen eta lekua hartu entsegua egin ahal izateko eta, noski, zu baino nagusiagoa zen death metal zaleak bilerara sartu aurretik esaten zizun tentuz ibiltzeko ostegun arratsaldeak eskatzearekin, haiek ostegun arratsaldeetan joateko asmoa zutela. Lokal haietan ez nuen apenas entsegurik egin, baina zenbat denbora pasatu nuen bertan beste talde batzuen entseguak entzuten. Agian ez da horren ezaguna, baina garai horretan (1995-2000 inguruan) hardcore, death metal eta antzeko estiloen harrobi izugarria zuen herriak eta haietako asko oraindik oso gogoan ditut.
Gogoratzen ditut lokal horiek aski ez zirela-eta egiten genituen protesta eta kexak ere, eta lekua bera nola hackeatzen zen, baimenik eskatu gabe: «Jakin daiteke nork eraiki duen pareta bat lokalaren erdian?». Demontre, lokal bakarretik bi ateratzeko modu bakarra zen! Halako protesta eta interbentzioak izaten ziren, intentsitate handiz, Eibarren ere: kontzertuak kalean, Lokalak behar ditugu leloarekin, beste herri askotan egin zen moduan, udaletxeari txapa emanez, herritarrak konbentzituz halako azpiegitura ezinbestekoa zela herrian eta rock and rolla gauza ona zela, bai horixe! Eibarko lokaletan ere denbora dezente pasatu nuen, nire kabuz musika egiten, taldeekin entseatzen, eta, ai ene, lokalen kudeaketarako bilerak egiten. Zenbat ordu garrantzi handiko kontuak erabakitzen: zer egin berriz ere garagardo makina hautsi dutelako lau sos lapurtzeko; elkarteak baduela dirua, eta nola gastatu; kontzertu bat antolatuko dugula auzoko jaietan, baina zeinek joko duen; badela talde bat 6. lokalean ordaindu ordaintzen duena lokalaren prezioa, baina ez duena entseatzen, eta bitartean gaztetxo batzuk lokaletako itxaron-zerrendan... Autogestioaren ajeak, lagunok! Izan ere, lokala udalarena zen, baina kudeaketa eta erabakiak gure esku zeuden. Eta, sinetsidazue, musika taldea sortzen duzunean inork ez dizu kudeaketa eta autogestio ikastarorik ematen; kontuak portaleko bilera horietako baten antz handia zuen. Han bertan, luze egoten ginen beste taldeen entseguak ikusten, elkarri kontutxoak kontatzen, materialak trukatu eta existitzen ez ziren arazoentzako konponbideak topatzen.
«Eta hiri barruko lokal potentzialak (garajeak edo denda izandako espazioak) ez dira aukera gisa ere aipatzen, ordainezinak direlako. Hor daude, hutsik, gure auzoko kale-mailako lokal gehienak»
Orain bizi naizen hirian, beste guztietan bezala, higiezinen espekulazioak bizitza osoa erregulatzen du. Donostian, Egia auzoan, entsegu lokalek Ermuko 1995eko baldintzak dituzte: gela bat dago, txandaka erabiltzen dena, ez duena aukerarik ematen norbere instrumentuak bertan gordetzeko. Londreseko garaiak etortzen zaizkit gogora, Frau taldeko lagunekin metroan (ezagutzen ez badituzue entzun itzazue, arren, haien grabaketa eskas baina preziatuak), instrumentuak bizkarrean kargatuta, lokalerako bidean. Han lokalak orduka alokatzen dira, ia inork ezin du ordaindu lokal egonkorra, are gutxiago etxebizitza duina. Londresen legez, Donostian ere talde gehienek hiritik kanpo entseatzen dute, bestek kudeatzen dituzten espazioetan: alokairuak garesti, lekuak txiki, kudeaketa pribatua. Eta hiri barruko lokal potentzialak (garajeak edo denda izandako espazioak) ez dira aukera gisa ere aipatzen, ordainezinak direlako. Hor daude, hutsik, gure auzoko kale-mailako lokal gehienak.
Horrela, taldeek haien arteko kontaktu gutxiago dute, musikarien artean sálvese quién pueda kultura elikatzen da, musika estilo ezberdina jorratzen duten taldeen arteko kutsadura zailtzen da, eta baita elkar laguntzea ere. Musikariok auzo eta herrietan sustraitu eta bertan eragin ordez, industria kulturala deitzen dioten izate abstraktu batean saiatzen gara lekua egiten.
Gero, urtean behin edo, erakundeek eta diru-zuritze fundazioek deialdiak egiten dituzte, egonaldiak eta lanerako espazioak musikari eta artisten artean zozkatzeko, eta aurkezten diren proiektuak asko direnean, hori «gure kulturaren osasun onaren seinale» dela diote. Ez ba, jendeak gure kabuz, gure ingurunean eta sare publikoa erabiliz espazio fisikoak lortzeko dugun ezintasunaren seinale da. Ez gara aukera baten bila dabiltzan enprendedoreak, rock-and-rollaren desjabetuak gara.