We don't play guitars zuen izenburu Munichen sortutako Chicks on Speed taldea duela hamar urte inguru ezagun-edo egin zuen kantuak. Hiru emaztek osatzen zuten taldea, baina euren burua art-punk kolektibotzat zuten, musika ez ezik diseinua, bideogintza eta artea ere jorratzen zituztelako. Eta ez, ez zituzten gitarrak erabiltzen, pop elektronikoa egiteko haien beharrik ez zutelako, baina kantuaren leloak jarrera feminista bat erakusten zuen, rock-and-rollaren historian gizonezkoek izan duten nagusitasunari arbuioa adierazteko modu bat zelako gitarraren ukazio hura.
Euskal Herrian emakumeak gutxi jo du gitarra, eta jo duenetan ahotsa laguntzeko izan da, edo eremu pribatuan egin du. Gitarrista emakumezko gutxi ikusi ditugu taula gainean, eta beste horrenbeste gertatzen da baxu, bateria edota teklatu jotzaileekin. Estudioko musikarien artean ez dago emakumezkorik, eta azken 10 urtean, Jauko Barik geroztik, ez da emakumezko beste talde baten diskorik argitaratu euskaraz. Euskal Herrian emakumeak, herri musikaren esparru zabalari (folk, pop, jazz, rock…) gagozkiolarik, abeslariak izan baitira, eredu jakin bateko abeslariak askotan. Nabarmendu ahal izateko gaitasun handiko ahotsa edo tinbre leun, fin eta goxoa izatea eskatu izan zaie, gizonei ez bezala. Eta folklorearen edota herri musikaren esparrura mugatu izan da haien jarduna, kasu gehienetan. Baina aldaketa sumatzen da, hasiak dira eredu horretatik kanpo dauden abeslariak entzuten eta nabarmentzen, eta gero eta ohikoagoa da emakumeak rockaren tresnak jotzen ikustea.
Hori berrestera datoz azken asteotan ia batera ezagutu ditugun bi albiste: Fermin Muguruza Zuloak taldeari buruz egiten ari den dokumentalaren iragarpena eta Emarock proiektuaren sorrera. Lehenengoa gauzatua ikusteko irailera arte itxaron beharko da, baina bigarrena jada hasi da fruituak ematen. Euskal Herriko emakume musikariak ikusarazi, erreferenteak sortzen lagundu eta neskak agertokiak hartzera bultzatu nahi dituen Emarock elkartea orain dela urtebete inguru sortu zuten, eta proiektuaren aurkezpen gisa Saioa Cabañas Gauilunak argazkilari eta proiektuaren bultzatzaileak kontzertuetan hartutako irudiekin apailatutako erakusketa zabaldu dute Tolosako Aranburu jauregian. Anita Perez (Munlet), Julia Itoiz La Chula, Nerea Sanchez (Keike), Zuriñe Hidalgo (Hesian), Amaia Zubiria, Jule Goñi eta Idoia Arraiza (Gaur Ez), Mery May, Anari, Mariana Perez (Sonic Trash), Maite Arroitajauregi, Maddi Oihenart, Marga Altolagirre (Anai Arrebak), Las Culebras, Toxicas eta Las Valium taldeak, Naroa Gaintza (Amaiur), Aida Torres eta Nerea Garrido (Jupiter Jon), Zaloa Urain (Kokein)… eta bisitariak uste baino gehiago luzatzen den izen zerrenda bat bildu dute Iragana, oraina eta geroa erakusketan. Hilaren 16ra arte egongo da zabalik Tolosan, eta irailean Gernikara eramango dute.
Dena den, egitasmoaren muina sarean eta epe luzera garatzeko asmoa du Emarockek. Laster prest izango den webgunean (www.emarock.com), emakume musikarien errolda bat osatuko dute elkarren arteko harremanak errazteko, eta hainbat musikariri egindako elkarrizketak jarriko dituzte. Aurrerapen gisa, Ines Osinaga, Maite Arroitajauregi, Zaloa Urain, Aiora Renteria, Ixiar Oreja, Maixa Lizarribar eta Naroa Gaintzari egindakoen zatiekin dokumental bat osatu dute erakusketarako. Gogoeta eta testigantza interesgarriak eskaintzen dituzte komunikabideek zabaltzen duten emakumearen estereotipoaz —«liraina, dotorea, fina izan behar duzu aintzat har zaitzaten»—, itxura fisikoak ezartzen duen presioaz —«tresnarekin eskatzen zaizun perfekzioa itxuran ere eskatzen da: neskak jakin behar du nola jantzi, nola mugitu agertokian…»—, rolen banaketaz —«ez da kasualitatea Psikologian edo Erizaintzan guztiak neskak izatea, eta Hatortxu Rocken agertokira igotzen diren guztiak mutilak izatea»—, ikusleen jarreraz —«neska bati oholtza gainean esaten dizkioten gauzak eta mutil bati esaten dizkiotenak ez dira batere berdinak»—, amatasunaz… eta nabarmen uzten dute, aurrerapausoak eman badira ere, emakumea agertokietan normaltasunez ikusteko asko geratzen dela oraindik egiteko.
Ilaran
Emarock
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu