Oihane Zuberoa Garmendia
Lauhazka

Elurraren edertasunaz, distantziaz, abiaduraz

2024ko otsailaren 18a
05:10
Entzun

«Amestu nuen elurra erretzen zela eta sugarra izotz bihurtzen zela. Eta ezina amesten hasita, maite ninduzula ere amestu nuen». Hala dio etxean entzundako jota batek. Eta maitasun jota bada ere, abestiaren beste aldera joko dut: elurretara. Zeren eta elurra sutan ez, baina Pirinioak kiskali samarrak izan ditugu azken asteotan. Zeren eta zineman bai, baina gertuko mendietan elurrik ez dugulako ikusi. Gaurkoan, beraz, elurrari buruzko gogoeta solte batzuk, malutak bailiran, bata bestearen gainera jausiz.

1. maluta-gogoeta, edertasunaz. Azken asteotan bolo-bolo ibili den eta duela gutxi goya jo duen film batekin hasiko naiz: Elurraren gizartea, J. A. Bayonak zuzendu duena. Gertakaria ezaguna da: 45 pertsona igo ziren Montevideotik Santiago de Txilera zihoan hegazkinean, eta horietako 16 bueltatuko ziren salbu etxera Andeetan 72 egunez biziraun ostean. Eta elurra zein mendia tarteko dauden ia film ororekin bezala, honetan ere irudiek txunditurik uzten dute ikuslea. Zeinen zoragarriak iruditzen zaizkigun mendikate amaiezinak, neguko isiltasuna egun eguzkitsuetan. Eta hortxe lehen galdera: noiztik zaizkigu ederrak mendiak? Noiztik dira arrokatzarrak, basa eta izotza estetikoki baliotsuak? Emily Thomas filosofoak dio nahiko berantiarra dela mendiarekiko miresmen hori. XVIII.-XIX. mendeak baino lehen, halako paisaiek ez zuten ikusmirarik sortzen; Jainkoaren zigor ziren, kaosaren ikur, formazio geologiko ez-desiragarriak… Alta, XVIII.-XIX. mendeetatik aurrera, europarren ikuspuntua aldatzen hasi zen: balorazio negatiboa alboratu eta bertan inspirazio eta edertasun iturri aurkitzen hasi ziren. Filosofo, musikari eta margolariek, batez ere erromantikoek eta euren ondorengoek, paisaiotan aurkituko zuten sormena hauspotzeko bultzada. Eta haiekin batera, espedizioz, kirolariz eta turistaz betetzen hasiko ziren Alpeak eta Pirinioak. Gaur egun arte.

2. maluta-gogoeta, sublimeaz. Ulergarria izan daiteke XVIII. mende aurretiko ikuspegia. Izan ere, mendiak, amildegiak eta antzeko paisaia basatiak arriskutsuak dira, izu-garriak, hitzaren zentzu literalean; filmeko protagonistak testigu. Haietako batek momentu batean zera dio: «zeinen ederra den ikusten duguna»; eta besteak erantzun: «zertarako, hilda bagaude?». Protagonistek paisaia eder horretan infernua dakusate. Baina ikuslea salbu sentitzen da irudi horien aurrean, distantziatik eta segurtasunetik begiratzen baitu, eta horregatik, izugarrikeria hori eder bihurtzen da, edo, zehatzago: sublime. Izugarriarekiko erakarpena da sublimea, atsegina sortzen duen beldur kontrolatua. Zeina, noski, distantziarik ez badago, ez da inondik inora gozagarri. Zeinen ederra den elur jauzia urrutitik ikustea eta, ordea, zer-nolako larridurarekin bizi duen gainera datorkionak.  

Izugarriarekiko erakarpena da sublimea, atsegina sortzen duen beldur kontrolatua. Zeina, noski, distantziarik ez badago, ez da inondik inora gozagarri

3. maluta-gogoeta, distantziaz. Nago egun ere distantziak zerikusi handia duela paisaia ikusi eta baloratzeko orduan. Mendiarekiko lilura hori, historikoki, hiritik sortua da edo, bederen, paisaia horietan bizi ez den jendearen partetik. Hortxe adibidea diodana azaltzeko: nire aitonak, gaztea zenean, Belaguan ematen zuen udara ganadua zaintzen. Berak ibili zituen larreak igotzen ditugu gaur egun bilobok, baina ez beharragatik, baizik eta plazerez. Aitonak ez du ulertzen zergatik bero saparekin udaran, edo eguraldi ezin makurragoarekin neguan, berarentzat hain arrunt eta hain interesik gabeko diren tokietara joaten garen edertasun bila, hiriak ematen ez digun horren bila. Distantzia kontua.

4. maluta-gogoeta, abiaduraz. Istripuaren ondorioz, hegazkina elurretan behera doa, lera erraldoi baten gisara, abiada itzelean. Baina elurra motela da; patxarosoa. Hala dio Patxi Zubizarretaren Txerria liburuko protagonistak: «XIX. mendera arte, orduko hamasei kilometroko abiadan bizi izan ginen, baina XXI. mendeaz geroztik ehun, berrehun, hirurehun kilometroan goaz. Azkarregi bizi gara, alegia. Eta ni euriaren eta elurraren abiadekin gogoratu nintzen: orduko hogei kilometrokoa euriarena, eta orduko lau kilometrokoa elurrarena». Filma ere uler daiteke bi erritmoren arteko talka bezala: hegazkinez mugitzen den gizartea, bat-batean, elurraren erritmora mugitu behar den gizarte bilakatzen da; denbora neurtzeko neurri erabat desberdinean murgiltzen dira. Bidaiarion egoeran ez nuke nahiko egon, inondik inora, baina zeinen gustura hartuko nukeen elurraren abiadura nire bizitzan, gauzei dagokien distantziatik begiratzeko. Etor dadila elurra gure gailurretara, arren, haren abiadura motelak xuritu dezan norbere (barne) paisaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.