Batzuen begietan, elurrak orrialde zuri idatzigabe baten antza dauka, norbaiten ekimenaren zain dagoelarik, hitzez eta zirriborroez hustasuna uxatzeko. Beste batzuentzat, berriz, atsekabearen isla da elurra. Pozgabea, hitsa. Horren lekuko, Franz Schubert musikariaren Neguko bidaia izeneko Lied delakoen sail ezaguna. Samina da Lied edo abesti horien guztien ezaugarri nagusia: «Alferrik nabil elurretan bila», dio bidaiariak Hozmindua izenekoan. Hotz gordinak malkoak izoztu dizkio, maitearen oinatzak elurretan ezabatu dira, dena hilik dago, eta abar. Edonola ere, hitzak baino, musika da hemen hunkigarriagoa eta ederragoa.
Baina elurrak ez du zertan izan, ez antzua, ez hila, ez hutsa... Aitzitik, ekai guztiz emankorra eta betea da. Hainbat hizkuntzatako esaera zaharrek ematen digute oparotasun horren berri. Hala nola, euskaraz: Elur urte, arto urte eta Ezkur urte, elur urte; edo Leia eta elurra, garia dakar eskura. Izan ere, elurra aro berri bat ekartzeko gai da, gerorako gordekinak eta ibiltarientzako bide-hornia bere baitan bilduz.
Elurraren berezko betetasun hori ez da, bestalde, batere nekagarria, bihotz-lasaigarria baizik. Horrexegatik, oinek elur gainean kruk-kruk egiten dutenean, gure egin nahi genuke elurraren araztasuna, oinazearen zantzu ilunak desager litezen betiko gure barrutik. Ezabatuko ahal dizkigu elurrak nahigabeak! Honezkero, iritsiak gara azalpean lo dugun geure euskarriraino, mara-mara ari duen elurrari esker. Eta elurretako isiltasun otzanak larridura oro estali digu.
Bada, elurrak hasiera berriaz erdituko dela hitza eman eta bete egiten du, erreka, ibai, eta uraren alde egiteko prest dagoenez gero. Hala, ahots apal baten tantaka entzun dugu ezustean: elurra teilatutik behera labaintzen ari da, bere buruarekin hizketan. Lurra jo eta, dagoeneko, ura da ezkutatu eta galdu dena, urrutiko toki batean berragertzeko, ordea; hain zuzen, mintzo xume hark heldu nahi eta ezin izan duen toki horretantxe.
Luisa Famosek, errumantxez idatzi zuen poetak —alegia, Suitza Ekialdeko Alpeetan egiten den retoromaniko hizkuntza zeharo minorizatua—, la naiv (elurra) baliatu zuen erditze eta geroko bere pozaz mintzatzeko: «Itzartu naiz/ elur berriaz harriturik/ ene gorputzaren sugarrari/ dardara eragiten dion elur honetaz.../ Leihotik ikusten ditut/ elur lumak malo-malo/ laztanak bezain eztiak/ Dena dago/ geldi eta zoriontsu/ lasaitasunez betea/ Besoetan daukat/ ene ume jaio berria».
Hain da berezia elurra, non gauza baita gu iraganera ere eramateko. Orduan iruditzen zaigu elur-maluta bakoitza etxera itzuli den arbaso bat dela, gaueko izarrak hildakoek piztutako argitxoak ei diren bezalaxe. «Mendietan barrena sortu nintzen/ nire baitan elurra/ atzematen dut...», idatzi zuen Luisa Famosek beste poema batean. «Zuek denak igaro zarete/ aztarnarik utzi gabe/ hemen egon zineten/ ni baino hamaika urte lehenago/ orain barruan eramaten zaituztet/ Ene asaba horiek/ esaidazue arren/ nor naizen».
Bestetan, berriz, elurrak ahalmen ezkutua daukala ematen du, hots, adurra; areago, zentzumenak nekaduragatik zorabiatzen direnean. Horixe gertatzen zaio, adibidez, Leo Tolstoiren Elur-ekaitza ipuineko bidaiariari: elurra ari duen arratsalde batez zalgurdiz abiatu da estepa zuri zabalean barrena. Gurdizainak, alabaina, laster galdu du bidea. Aurkitu du gero. Handik gutxira, berriro ere okertu da. Gauak aurrera egin ahala, jira-biraka dabiltzala ohartu da bidaria. Une honetan, elur-erasoaren erdian, zaldien txilin-hots liluragarriek ametsetako eremu batera eraman dute... Bertan murgildu da, izozteko arriskuaz ahaztuta. Zorionez, eguna argitzean bere helmugara helduko da gurdia.
Elurrari buruz esandakoak gauza bitxi bat irudikatzera garamatza: Biblian hitz egiten den mana hura, basamortuan sekula ikusi gabeko elurra izango ote zen? Ulertzekoa litzateke israeldarrek miraritzat hartzea goitik behera heldutako hezetasun bitxi hura. Irudi bidezko azalpen poetikoen arabera, ortzitik jausten zena zuzenean omen zen jangarri; halere, prosaikotasunez esanda, ezohiko elurteek lur agorra ernarazi eta, besterik gabe, jatekoa ekarriko zieten israeldarrei.
LAUHAZKA
Elur emankorra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu