Txema Arinas.
HIRUDIA

Elkarri mokoka

2016ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Ezagun dira, oso, idazleen arteko liskarrak, ezinikusiak edo korromioak. Ez da ezer apartekoa, idazleak baitira, ustezko artista gehienekin batera, obsesibokien lan egiten dutenetarikoak. Hortaz, ez da ezer harritzekoa idazle asko eta asko, bere egoa kosta ahala kosta ederresteko, gainontzekoena gutxietsi beharrean egotea. Baina nola edo zertan oinarritzen da idazle bat beste baten lana arbuiatzeko, batez ere beste aditu batzuek aurretik ontzat eman edo goraipatu ere egin duten liburu bat txarra dela esateko? Nik gero eta argiago dut, batez ere nik neuk txartzat ematen ditudan liburuei erreparatuz: erabateko subjektibotasunean. Izan ere, nik badakit ezin dudala esan irakurri berri dudan Luis Garderen Ehiztariaren Isilaldia-k —oso liburu landu eta aurrez hausnartua, baita ikaragarri eder idatzia ere—, sano aspertu nauenik, egundokoa kostatu zaidala bukatzea. Jakina, aurtengo Euskadi Literatur Saria jasotako liburu hau txarra dela jendaurrean esan ahal izateko pisuzko argudioak eman behar nituzke. Halere, eta egia argi eta garbi esanda, nik eman ahal izango nituzkeen argudio guztiak ez lirateke pisuzkoak, ustezkoak baino, hau da, eta gorago esan bezala, erabat subjektiboak. Orain bai, badakit, Ehiztariaren Isilaldia liburu sarituaren gainean plazaratutako aitortza honek nire kontrako hautsak harrotuko dituela irakurri eta maitatu ere egin dutenen artean, horrela sortzen baitira gehienetan idazle, kritikari edota zutabegile xeheen arteko ezinikusiak-eta.

Badago, aldiz, Luis Garderen liburuan, idazleen arteko tirabiren kontura gogoeta egitera bultzatu nauen Zizeronen aipu bat: «Ez dut ezagutu olerkaririk bere burua hoberen jotzen ez duenik». Arazoa da, ordea, hasieran esan bezala, zure burua hoberen jotzeko gainerakoena okerren jotzeko premia duzunean. Joera itsusi hau idazleen artean oso hedatua baldin badago, zer esanik ez poetei dagokienez, ia patologikoa dela esango nuke, erretxin hutsak dira eta. Gogoratu bestela Quevedo eta Gongoraren arteko etsaitasuna, zein errukigabe jokatu zuen lehenengoak bigarrenarekin, hondamendian zegoela haren etxea erosiz kalera bota zezaten. Famatua zen baita ere Rimbaudek Parnasoko poetak tratatzeko zuen ohitura, esan dezagun txistua botaz edo.

Baina nola da posible poeten arteko matraka txatxu hauek hain ugariak izatea, nire ustetan gainerako idazleen artekoak baino hamaika aldiz bortitzagoak? Beraiei adituz datu objektiboetan datzala ematen du, hau da, prosan ez bezala, poesian badaude gutxieneko arau batzuk nahitaez bete beharrekoak poema on bat egiteko. Hau da, poeta txar bat da arauokin huts egiten duena. Alde horretatik, poesian adituek poema kaskarrak berehalaxe igartzen omen dituzte. Poemak isilgordeka egitera ausartzen garen ez-adituek ostera ezin ditugu poeten arteko liskarrak beren heinean edo muinean ulertu. Egia esan, sarri askotan ni bezalako ez-adituak poeten arteko norgehiagoka doilorra hain sarria eta murritza den esparru batez jabetzeko saioa delakoan gaude. Eta askotan, susmoa dut poeten arteko gorabehera guztiok literatura sustatzeko baizik ez direla benaz, edo bestela esanda, poesia kanpotik, edo gutxienez ingurumarietatik, egiten jarraitzeko beste aitzakia bat. Hori da behintzat gogora etorri zaidana oraintsu argitaratutako Muga izeneko lau euskal poeta saiaturen poema bilduma liburuan Felipe Juaristiren Historia poemaren bertso hauek irakurri ahala: «Baudelaire ez zuten kritikoek ulertu./Gaitzaren loreak haien iritzian/demonioek beren maitaleei, aberriko dama jentileei,/egindako opariak ziren,/Verlainek tiro egin zion Rimbaudi eta zauritu./Bi urte eman zituen kartzelan./Ez poesia ez gu ez gara berdinak orduz geroztik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.