Itzali dira Zinemaldiko pantailak, baina bertan ikusitakoaren oroitzapenak luze samar egingo du distira. Aurtengo ekitaldia bikaina izan delako. Batez besteko maila izugarri altua izan da, film sarigarrien errekorra lortuz. Film aipagarri ezberdin ugari izan ditugu, guztien adostasuna lortu dutenak, esaterako: Pororoca, Der hauptmann, Alanis, Handia eta Licht.
Iaz zaila zen palmaresa aurreikustea. Bataz besteko kalitatea ona izan zen arren, film gehienak maila berean zeuden, izenburu nabarmenik gabe. Aurten ere zaila izan da, baina guztiz kontrako arrazoi batengatik: film sarigarriak soberan zeuden. John Malkovich aktore ospetsuak zuzendutako epaimahaiak erronka handia baina erosoa izan du aurtengo palmaresa egokitzeko.
Aurten ugariak izan dira emakume protagonistak, sekulako antzezpenekin. Eta nire faboritoak irabazi du, Sofia Galak, Alanis-en egindako lan natural eta sinesgarriagatik. Argazkilaritzaren sarian ezustekorik ez, epaimahaiak Der hauptmann zintako zuri-beltzeko irudi espresibo eta justifikatuak saritu ditu.
Gidoiaren saria inkognita bat zen, aurtengo film handiak ez zeudelako gidoian oinarrituta. Beraz, Una especie de familia-k irabaztea ez dago gaizki, baina bazeuden hobeak.
Gizonezkoetan aktore onenaren saria Bodgan Dumitrache-k jaso du, Pororaca-ren protagonistak. Adostasun osoa zuen saria izan da hau. Bere degradazio moralaren erregistroan bikain landutako antzezlana eman digu.
Epaimahaiaren sari berezia oso berezia izan da aurten euskal zinemarentzat, Handia-k irabazi duelako, ondo merezita. Ni behintzat ez nau harritu, aurten film berezi baten faltak Handia-ren alde egingo zuela pentsatu bainuen. Zorionak Garaño, Arregi eta Moriartiko batzarkideei.
Bereziki pozik nago komediak izan duen presentziarekin: El Autor, C'est la vie!, Ni juge ni soumise —sarietan aipatu dutena—, eta ezbairik gabe, sail ofizialeko film guztietatik nire puntuaziorik handiena eraman zuena: The Disaster Artist. Komediak saritzen ez diren arren, Urrezko Maskorra irabazi du. Ikusitakoak ikusita, oro har guztiak asebetuko gaitu aurtengo palmares handi baino erraldoiagoak.
Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Sari banaketa. ANALISIA
Ekitaldi handia, palmares erraldoia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu