Harridurak hartzen nau inori Francis Ford Coppolak pelikula txarra egin duela entzuten diodanean. Harridura biolentoak; zelako ausardia behar den hori esateko! Ausardia edo freskotasuna. Freskotasuna edo inozentzia. Inozentzia edo ezjakintasuna. Ezjakitea edo harropuzkeria, bantazione hutsa.
Nolatan egingo du zeluloidezko huskeria hutsala Apocalypse Now, The Godfather eta Bram Stoker's Dracula artelanen autoreak? Gehiago edo gutxiago gustatuko zaizu, bere zeluloide sorginduan sartuko zara ala ez, baina nola ausartzen da inor Francis Ford Coppolak hutsaren hurrengoa den zerbait egin duela esatera? Megalopolis artefaktu izugarria da, muga guztiak aldebresten dituena, bizio, aje, luxu guztietan gustura dabilena, eta bere egiten duena besteentzat ezina den oro. Zeluloide puska erraldoia, zorabio bukaezinean botatzen zaituena, zinemak nola, denbora gerarazten duena, komikietan zein antzinako eraikinetan baino ikusten ez den arkitektura imitatzen (birsortzen, hobe) duena; oraingoan ere, zinemak nola, etortzear den mundua islatzen, iragartzen duena. Pelikula bat ingelesez, latinez eta grekoz mintzatua. Shakespearek eta Krasok bat egiten dute bertan, «Quousque tandem Catilina abutere patientia nostra» aditzen da, bertan dena baita baleko eta posible Megalopolis horretan.
Bai, egia: pasarte, istant batzuetan hain da ezin besarkatuzkoa, ezen barregarri gertatzen den. Alta, mugarik ez duen oro suertatzen da inoiz irrigarri, hain handiak baitira onartzen dituen arriskuak.
Gozoa izan behar du, arranopola, hain ausart, inozo, harroputz izateak eta erreparorik gabe, txulo moduan, esateak Coppolaren monumentua, gure arimak eta begiak dantzan jartzen dituen munstroa, kaka hutsa dela.
Kontu bera Todd Phillipsen Joker: Folie à Deux filmarekin. Jende frankok ziztu batean kakaztu du. Aurpegira bota diote ez duela lehengoak zuen irakurketa politiko-soziala. Ez diote erreparatu, baina, pelikula guztiek ez dutela zertan pelikula bera izan. Lehengoa lehengoa zen, eta bigarrena, bigarrena. Kito.
Hor konpon zuk espero zenuena. Zer nahi zenuen? Batmanekiko topaketa bortitza iluntasunean? Ba ez. Musikala duzu. Musikal malenkoniatsua. Zuzendariak behin baino gehiagotan aitortu du Francis Ford Coppolaren One From The Heart-en, suerte txarra izan zuen film hartan aurkitu zuela inspirazioa... Baina jende askori erreferentzia hori, bost. Halakoek Joker gaurkoak Joker atzokoaren ildo beretik jotzea gura zuten. Ba ez. Hemen ez da Jokerrik, hemen (Arkham eroetxean atxilo) dagoena Arthur Fleck da. Minetan eta kantuetan.
Harley Quinn du ondoan, maitale, lagun, konplize? Batek daki. Egia, Lady Gagaren pertsonaiak ez du indar handirik pantailan. Gehiago espero genuen berarengandik. Baina sekulakoa da Joker: Folie à Deux filma. Hain zuzen ere, espero ez genuena baita.
«Pornografia hutsa». Horrela azaldu zuen ikusle batek Urrezko Maskorra eskuratu duen Albert Serraren Tardes de soledad. Ez dut nik ezer pornografiaren kontra. Aipatu gizakiak, ordea, bai. Niri Albert Serraren filma ez zitzaidan pornografia iruditu, baina ulertzen dut zer esan nahi zuen aldekoa ez zen hark; hain hurbil dituzu bai zezenaren bai toreroaren gorputzak, ze dena bihurtzen den (zaizun) erabat sentsoriala, zentzumenei botatako ezpatakada, erraietan hartzen duzun estoke-kolpea. Besteek pentsatzen dute zezenketa baten emankizuna baino ez dela. Zeinen oker dauden: ziur naiz sekula ez dutela erretransmisio horietako bat ere ikusi.
Justu kontrakoa da Tardes de soledad. Zerbaitekin konparatu nahi izanez gero, zergatik ez Zinedine Zidaneren inguruan egin zen zeluloide puska izugarri harekin, munduko museo eta arte galerietan ikusgai izan zen harekin? Pornografia hutsa. Egia esatearren, zergatik ez? Pornografia ona sentsoriala baita, izan behar du, derrigor.
Ni beti, orrialde honetatik, Francis Forden, Todden eta Alberten alde. Leial eta fier, gustuko baititut mugarik ezagutzen ez duten horiek, infinituaren alde apustu egiten dutenak.