Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Egunsentiak

2018ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Andoni Tolosa Morau-ren Egunsentiak alperrentzat disko berria entzuten ari naiz lerro hauek idazten ditudan bitartean. Alzheimerraz gaixo duen bere amarekin ia goizero egindako ibilaldien kontakizun musikatu hunkigarria. Amaren gainbehera motel mingarri horren kide, testigu eta zaintzailearen emozio, burutapen eta oroimenen bilduma intimo eta intimista. Doinu leun, epel eta itxuraz xinple hauek nire oroimenaren ertz ezkutuenetan gordetako bizipenak pizteko ahalmen azalduezina dute.

Aldi berean, Derek Bailey gitarra jotzaile britaniarrak 70eko hamarkadan egindako grabaketa batzuen berrargitalpenari buruz irakurtzen ari naiz. Instrumentu berbera erabili arren, Derek Baileyren musika Andonirenaren antipodetan dagoela esan daiteke. Lehenengoak inprobisazio aske eta erabat abstraktuan oinarritu zuen bere ibilbide guztia, Europako free jazzaren musikari aurrerakoien eta eraginkorrenetako bat bilakatuz. Bere bideari ekinez, bai bakarka eta baita elkarlan intimoetan ere, Baileyk gitarra jotzeko teknika eta jarrera hain berezi, berritzaile eta sendoa eraiki zuen, musika eremu berri baten aurkitzailetzat har genezakeela. Inprobisazioa, sormenerako baliabide egiazkoenaz jotzen zuen eta harekiko zuen konpromisoa hain zen sakona, beste antzeko musikariekin ondoan oso grabaketa kopuru murritza utzi zigula. Sortzea eta entzutea une soil batean existitu zitezkeela zioen eta soinu horren betirako galera aintzakotzat hartzea bere benetako balioa ematea zela.

Baina, nire zorionerako, grabaketa hauen bitartez soinu haiek, edo soinu haren oroimenak, nigana ailegatu dira orain eta erresonantzia baten moduan nire oroimena astindu eta kitzikatzen dute, Andoniren kantu ederrek bezalaxe. 70eko hamarkadako entzuleak, neu, Andoni, Andoniren ama, geu denok... musikak elikatzen du gure oroimen kolektiboa, eta musika da handik altxor preziatuenak aurkitzeko ahalbide preziatuena. Agian baita galdutzat eman genituenak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.