Kritika. Dantza

Egun on, postaria

Osa + Mujika bikotearen 'Lana' obra. BERRIA
Osa + Mujika bikotearen 'Lana' obra. BERRIA
2025eko otsailaren 6a
04:00
Entzun

'LANA'

Eszenografiak eta jantziek sortzen duten koadro bisuala dantza bera bezain indartsua da obra honetan. Kasu honetan, beste inoiz baino gehiago esan genezake ikuskizun batez ari garela. Kolore biziz osatutako estetikaz janzten dute Osa+Mujikak oso berezkoa duten unibertso bat, kezka sorrarazten dieten gai sozialak taula gainean jorratzeko. Mezularitza enpresa bateko bulegoan kokaturik, langileen egunerokoaren lekuko izango da ikuslea: errepikapenak, ordutegi zehatz baten menpe aritzeak eta exijentzia zorrotz bati jarraitu beharrak gizakiari eragiten dioten alienazioa da mintzagai; nola lanaren inguruko kulturak deshumanizatu egiten gaituen, lankideen arteko gatazka eta lehiakortasuna zein botere harremanak tarteko.

Bikote artistikoaren apustua izan da dantza garaikidea publiko zabal baten intereseko egitea. Ideia horretatik abiatuta, lengoaia abstraktutik aldendu eta literaltasunera jotzen dute, narratiba zuzenago bat eskainiz, horretarako eskuragarri dituzten baliabideak landuz: dela hitza, dela musika edo dela teatroa. Lana obran elementu teatralak presente daude, hitzik egin gabe ere espazio, pertsonaia eta testuinguru zehatzak sortu baitituzte, begirada hutsez denontzat errekonozitzeko errazak.

Haien esperientzia pertsonaletan oinarritzen dira Jaiotz Osa eta Xabier Mujika. Beren azken obra sortu eta bira egin ondoren, «hustuta, nekatuta» sentitu ziren, eta dantza utzi eta Correos-en lanean hastearekin fantaseatu zuten, une batez. Iruditu zitzaien agian postariak haiek baino zoriontsuagoa behar zuela izan, hara eta hona paseatzen, aire freskoa aurpegian. Aise konturatu ziren hori ere idealizatzen ari zirela, eta segidan Lana sortzeari ekin zioten.

Egungo sortzaileek halako burutazioak izan ditzaten, zerbaitek oso gaizki funtzionatzen duelakoan nago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.