'unform'
Artista: Patricia Dauder.Non: Artiumen, Gasteizen. Noiz arte: irailaren 29ra arte.
Zuzendaritza berria sartu zenetik Artiumen hainbat aldaketa izan dira, garrantzitsuena agian Euskal Herriko artearen historiografiaren inguruko bestelako ikuspegi kritikoak plazaratzeko planteamendu ezberdinak proposatzearen nahia izan da; izan bildumaren erakusketak aintzat hartuta, izan aldi baterako mostra ezberdinen bidez (banakoak zein taldekoak). Baina horiez gain, izan dira bestelako zenbait aldaketa ere, ez dutenak hain izaera kritikoa —edo zenbaitetan baita politikoa ere—, baina instituzioaren erakusketa-programan zuzenean eragina dutenak: espazioen birmoldatzeak egin zituzten, leihoak irekiz adibidez, kanpoko argia eta kanpoko errealitatearen zantzu batzuk bederen lur-azpiko barne espazioarekin lotuz. Espazioen birmoldatzeak egin zituzten, jatorriz artelanak erakusteko espazioak ez ziren zenbait lekutan obrak eskegiz eta hauei protagonismo berezia emanez. Orain, aretoetara jaisteko azken eskailera-atalera iritsi aurretik Juncal Ballestinen hainbat pintura ederrek egiten dute ongietorria. Eta espazioen birmoldatzeak egin zituzten, bildumaren erakusketarentzat espazio nagusi bat utzi arren, instituzioaren azalera osatzen duten beste erakusketa-guneen tamaina txikituz. Ondorioz, bisitatzeko atseginagoak diren proposamenak egoteaz gain, instituzioaren eskaintzan ere aniztasun gehiago ekarriz. Hain zuzen, espazio horietako batean dago egun Patricia Dauder artista kataluniarraren banakoa: Unform.
Hiru areto nagusik osatzen dute erakusketa, hurrenkeran txikitzen doazenak, artistaren unibertsoan pixkanaka barneratu eta lotura horretan bisitariek izan dezaketen introspekzio lanean ere espazioak berak laguntzeko intentzioa izango balu bezala. Izaera ia mistikoa dute Dauderren lanek osatzen dituzten aretoek; erabateko baretasuna, lasaitasuna, gelditasuna sentiarazten dute. Isiltasunean norberarengan barneratzeko espazioa eskaintzen dute, norberaren sentsazioetan, norberaren hautemateetan, norberaren esperientzietan. Ahoz gorako hitzek zentzua galtzen dute belarrietan, eta areto-zaintzaileen aulkiek ere enbarazu egiten dute begietan.
Egoteko beste modu berri bat izan daiteke 'Unform'. Eta pentsatzera eramaten du: guk ere, gizaki bezala, denborari eta naturari guregan erresistentziarik gabe eragiten utziko bagenieke, ze forma berri hartuko genuke?
Dauderren erakusketan sartzea paisaia batean barneratzearen parekoa da, naturak eskaintzen dituen babes eta sendatze espazio guztiz antzekoetan sentitzen da bisitaria, hori bai, haize, erreka edo txori-soinurik gabe. Dauderren piezek badute zerbait gizakia eta naturaren arteko harremana estutzen dutenak; biak lotzen dituztenak halako zilbor-heste ikusezin baten bidez eta naturaren luzapen bat besterik ez garela gogorarazten dutenak. Egunsenti eta ilunabarretako zeruak biltzen dituzten kolore ñabarrak ageri dira zintzilikatutako oihal ezberdinetan, euriak harrapatu eta haien gainetan isuritako tinduen orbainak bailiran —Alineacions (2018)—. Erreka bazterretako harriak diruditen eskulturak —Balls (2015)— hormaren kontra daude, lurrean, inolako idulkirik gabe; harriak beti lurrari baitagozkie. Eta hildako enbor zatikatuek ere lurrari dagozkielarik, xaflatutako egur zati belztuak diruditen eskultura ere hor dago; idulkirik gabe, hormaren kontra, lurrean —Finning (2019)—. Emaitza hauek, zalantzarik gabe, artistaren lan egiteko moduen ondorio zuzenak dira; eta, era berean, artistaren lan egiteko modu eta prozesuak ikusleekin partekatzea lortzen duen bere kezkarik sakon eta zintzoenei erantzuteko moduak dira.
Natura eta denboraren arteko elkarlanari ematen dizkio ekoizpen prozesuaren giltza nagusiak, artista bera, ia prozesuaren ikusle huts bilakatuz. Objektuak, tenperatura aldaketa, hezetasun-baldintza ezberdin, argitasun eta lurperatze egoeretara murgiltzen ditu, eta haietan daudela, denbora ematen die. Eta denborak, era berean, egoera horietatik edan, eta objektuei izaera berri bat eskaintzen die; aurrez ezarri edo definitu gabeko beste forma berri bat (hori izan daiteke Unform), egoteko beste modu berri bat. Eta pentsatzera eramaten du: guk ere, gizaki bezala, denborari eta naturari guregan erresistentziarik gabe eragiten utziko bagenieke, ze forma berri hartuko genuke? Zein izango litzateke egoteko izango genukeen modu berri hori?