Teklatua sorbaldan hartuta trenera noa. Maleta astebeterako arropaz bete dut. Trenera igotzen dut teklatua, hartzen dut esku batez maleta handia, eta heldulekua apurtzen da. Bi besoekin altxatzen dut eta trenera igotzen dut. Beti beldurra ematen dit, bagoi hasierako konpartimenduan gauzak uztean, bistatik kanpo, zein erraza den lapurtzea.
Madrilera iristen naiz. Teklatuaren gainean jendeak maletak jarri ditu. Horrelakoak gara. Delikatua dena ez dugu ikusten.
Hotelean egiaztatzen dut, eskerrak, ez dela hautsi. Plastiko gogor bedeinkatu hori!
Astebeteko egonaldi bat egitera nator, disko berriaren zuzenekoa prestatzera. Hemen orain dela pare bat urte kontatu nuen bezala, Replika arte eszeniko esperimentalen aretoan berriro ere.
Benito ere etorri da argi-diseinua egitera; Sahatsa, sortu duen eszenografia muntatzera; Alberto, soinua prestatzera; eta ni, nire performancea eta musika, teorian, ondo aurkeztera.
Benitorekin berriro ere bainuontziei buruz hitz egiten dugu, oroitzen dudalako, gauden hotelean, berak 08an bukatutako logelak eskatzen zituela esaten zuela, «txorrozkoak horietan daudelako». Ni ez naiz ausartzen, baina berak esaten dit joaten naizen hotel guztietan eskatu beharko nukeela bainuontzi bat duen logela bat, haiei berdin zaiela, eta nire erlaxatzeko eskubidea dela. Barre egiten dut. Benito tipo interesgarria da. Volubleetan jotzen du, bere anaiarekin. Kritika politikoa eta elektronika nahasten dute beren proiektuan. Irudiak proiektatuta eta samplerrak.
Ez galdetu nola den posible, baina «Egun on!» Sevillako azentuaz botatzen dit egunero.
Egiten dizkidan argiak bakarrik bideoetan ikusten ditut, behin kontzertua pasatu denean, eta argi horietan nabaritzen da, nik uste, izugarri sentikorra dela. Nire teklatua ez bezala, delikatua oso.
Maite dut norbaitek zaurgarritasuna, geldotasuna, fina dena errespetatzen duenean.
Sahatsak ere hori egiten du, baina bere era industrialean. Burdinazko edo altzairuzko forma ornamentalak sortzen ditu, hemen hain etxekoa dugun materiala desmaskulinizatuz, eta zurruntasunetik atereaz.
Bionbo batzuk egin dizkit, ezpain gorriz koroaturik.
Ze pena ez dudala baliabide nahikorik kontzertu guztietara bi lagun hauek etor daitezen, baina Sahatsaren musuak behintzat nirekin egongo dira, nire aldare propioa eraikitzen.