Jakina, Estatu Batuak izango zirenik ere inork ez zekiela, inork irudikatzen ez zuela; gero Estatu Batuak sortu zituzten horiek sakon desiraturiko eta bortitz bereganaturiko Osage herriaren lurretan egon nahi izan dugu guk, Scorseseren Killers of the Flower Moon lan sekulakoa, erraldoia, muga guztiak gainditzen dituena, Cannesen estreinatu zenetik.
Zelan ez genuke desiratuko Oklahoman izan, non petrolioak gizakien gura ia denak ase zituenaspaldiko garaietan, non hainbaten aburuz, urre beltza zen likido fosildu hark gizakien malur guztiak eragin zituen; nonbizitza bera baino handiagoak ziren beste filmak izan ziren kokaturik, filmaturik? —1956ko Giant, George Stevensena, kasurako; Scorseserenak baino bost minutu gutxiago, 201 hots, irauten zuen hura—.
Bai, Osage herriaren lurretan nahi izan dugu guk izan, gizakion tragedia, mixeria eta kemenaren lekuko. Eta izan gara hantxe. Hegoaldekook bederen. Iparraldean ez baita oraindik estreinatu.
Bai, zinejaleok erraz eta erruzaurkitzen dugu aterpe, ostatu eta gordeleku non hartu. Landetan, etsenplurako. Bertan errodatu zuen Thomas Cailleyk Bidasoa ibaiaren bi aldeetan den filmik ederrenetarikoa, tristeenetarikoa, gozoenetarikoa, fantasiaz eta errealitatez gainezka egiten duena. Zein? Le regne animal. Nahi izan genuen guk Landetan izan. Eta izanak gara, gaskoiz mintzo.
Baina beste lekutan, erreinua izandako Nafarroaren bi muturreko parajeetako bi bazterretan ere izanak gara egunotan: Tuterako Benjamin idazle, esploratzaile, filosofoaren Erriberako sorterrian eta hamaika armadak setiatu ea suntsitu ondoren zutik dirauen Orbaizetan.
Bietan zinema eta hizkuntza gurea ziren aitzakia ezin aproposagoak. Tuteran, euskarari heldu edo euskarara etorri nahi dutenen ametsak —amesgaiztoak ere bai, ez pentsa— biltzen dituen Argia ikastolak urteetan zehar euskara ahalik eta sasoi onenean gorde zuen Gipuzkoako Errenterian jaiotako Carmen Albisu Danborenea omendu zuen. Omenaldiaren parte garrantzitsua izan zen Behiak izena hartu duten Argiako DBHko ikasleek egindako 11 minutuko dokumentala. Hortxe ibili izan dira, batekoz beste, ikertzaile, gidoigile, filmatzaile, zuzeneko soinu-hartzaile June Urbizu, Irati Ortego, Leire Elosegi. Gorka Vicioso, Iker Perez de Obanos, Unai Gardachal.
Izugarria izan da lana, nekosoa ere bai, baina ikasi dute zinema ekoizten, sortzen, eta oztopoen aurrean —zeinen zaila aire librean egindako elkarrizketen hitzak hartzea!— soluzioak aurkitzen.
Bai, Erriberan nahi genuen izan, eta izan ginen. Errege Bardeatik ez hain urrun. Denborak, Haizeak, Euriak, Eguzkiak sortu eta oraindik eta betiko moldatzen ari diren Maitagarrien Tximinia izenaz ezaguna den harrizko eta hareazko haitz haren hurbilean, dama baten antz handia duen horri konpainia eginez. Eta han izan ginen, Jaione Bonilla Lertxundi argazkilari eta artista bisualak amesturiko lau minutuko Tierra La Reina bideoa ari baita munduko zinemaldi prestuenak korritzen eta aitortza jasotzen. Ederra da YouTuben eskura duzuen lan hori, fantasiaren eta errebindikazioen muga lausotuetan airos dabilena.
Nahi genuen Aezkoa bailaran izan ere, udazkenaren koloreen desiran, Orbaizetara daramaten kurba guztiak plazeraz eta tentuz harturik, mendiko zeharbideak bihurri aprobetxatuz.
Iritsi ginenerako, baziren plazan gazta saltzaileak. Eta bidean, txirrindulariak, mendigoizaleak. Baziren Orbarako Eskola jantokian bisitarientzako jakiak prestatzen.
Baziren Kultur Olako apaletan Irati filmaren hainbat eta hainbat DVD kopia. Baziren Juan Luis Landak sorturiko komiki finak ere. Eta bazen jende multzo polit bat ganbaran. Leitzen eta entzuten. Zer leitzen, zer aditzen? Ba Nafar Ateneok bultzatuta eta askoren neke gozoaz aurrera ateratzen ari den Nafarroako Margaritaren Heptameron lanaren itzulpenaren laugarren eguna (atala), Xabier Artola Zubillaga itzultzaile, Itziar Diez de Ultzurrun Sagala ohargile eta Begoña Durruty Sulkibide liburuxkaren azalaren marrazkilari direlarik.
Hor ginen ba, joandako denboretatik ekarri diguten euskara eztitsu eta, aldi berean, azeri hori entzuten, horko jelosiek, mendekuek, ezinezko amodioek, eta fabula baten amaierarako aproposak ziren hausnarketek bildurik, enteratu ginenean Azpeitiko Zezen Beltz elkarteak babesturik Suharra dokumentala sortu zutenen bigarren lanak non eta Locarnoko zinemaldian izan zuela estreinaldia abuztuan...
Bai, nahi izan lekuetan izanak gara. Zera irudikatuz, Heptameron zinemara ekarri nahi izatera, nor zuzendari, zeintzuk antzezleak? Nolakoak izan behar soinua eta doinua? Beharko al luke gaurkotu? Ziurrenik ez. Azken finean, ziur naiz, egun ere, gutako asko bat gatozela protagonistetako batek esandakoarekin: Zenbat eta handiagoa izan bekatua, hainbat eta handiagoa plazera. Orain eta beti.
EPPUR SI MUOVE
Egon nahi genuen lekuetan izan ginen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu