Ander Lipus.
LAUHAZKA

Egoitzak, egonaldiak eta bitartekotzak

2014ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Antzerkirik gabeko herria. Antzoki huts bat. Publikorik gabeko antzerkia. Sorkuntzarako espaziorik eza. Hauek izan dira sarritan nire obsesioak. Lanerako espazio bat izatea, gure antzerkia ikustera datorren publikoa izatea, kultur ereduak aztertu eta alternatibak bilatzea. Antzerkiaren esperientzia egi bilakatu dadin, baliabideak lortu eta sortu behar dira eta horretarako hona hemen hiru zutabe, hiru adibide: egoitzak, egonaldiak eta bitartekotzak.

Antzerkiak bere teilatua behar du, bere estalpea, bere babesa, bere aterpea. Zergatik ez baliatu herriko kultur eraikin eta antzokiak? Zertarako daude eginak bada eraikin horiek? Sarritan gertatzen da eraikinak egin eta gero proiektua, ideia, mamia falta. Edo dirurik ez dagoela. Kostatzen zait imajinatzea adibidez futbol zelai bat (Iparraldean errugbi) eta bertan futbolik ez egitea edo futbol talderik ez egotea. Eta gainera, horren ordez futbol zelaia kontzertuak, konferentziak, festak eta mitinak egiteko baliatzea. Imajinatzen duzu? Zein mundu aldrebesa. Erabiltzen ez den antzoki bat ikustea ez da gehien maite dudan sentsazioa. Normalena antzerki taldeek egoitza egonkorrak izatea izango litzateke, antzokiak teatroz eta bizitzaz betetzeko. Herri bakoitzean, talde, kolektibo edo norbanakoei eman behar zaie espazio horiek dinamizatzeko aukera. Antzoki batek hartu beharko luke gutxienez talde amateur bat (herrikoa) eta profesional bat, antzokiko teknikari, programatzaile edo talde eragilearekin partekatua.

Antzerkiak bere zubiak behar ditu, bere izaera nomada behar du. Talde edo konpainien sorkuntza prozesuak ireki daitezke beste herri batzuetara eta esperientzia horiek beste batzuekin partekatu. Egonaldiak aste betekoak, bi astekoak edo hilabetekoak izan daitezke. Aldizkako erresidentziak edo egonaldiak eginez, antzokiko ekipamenduak baliatzen dira konpainiaren sorkuntza prozesuak gauzatzeko. Antzerkia ez baita soilik ikuskizun. Antzerkia egiteak beste dimentsio bat izan behar du. Eta sorkuntza prozesu horiek espazio eta herri ezberdinetan partekatzeak proiektua bera aberasten du.

Antzerkiak ere bere sua behar du, bere berotasuna, bere sutondoa, bere uteroa. Eta horretarako bide bat mediazioak edo bitartekotzak izan daitezke. Bitartekotza hartu-eman gisa ulertzen da, publikoa arte eszenikoetan hezteaz gainera, sorkuntza prozesuan ekarpena egiten baitio sortzaileari berari ere. Hartzaile eta emaile, bi aldeak elikatzen dituen ekimena da bitartekotza. Teatroa egongo bada, teatroa den jolas horretan parte hartzeko prest dagoen publikoa existitzen delako da. Mediazioek publiko horren existentzia ahalbidetzen dute, antzerkigintzara gerturatzen dute pertsona, izan haur, nerabe, gazte nahiz helduak. Komunikazio bat sortzen da pertsona horiekin, jarduera normalizatzen da, eta ikusle rola jokatzeko interesa duen komunitate aktibo bat eraikitzen.

Inazio Tolosak zuzentzen dituen Zumaiako nerabe antzerki taldeekin eta erretretan dauden Itzurungo Uhinak taldearekin, Leioako Andrak-eko Gu Gara antzerki taldearekin, Senpereko Arretxe Kolegioko gazteekin eta Aulestiko Urregarai Herri Eskolako haurrekin aritu naiz azken aste hauetan. Proiektu ezberdinak izan arren, guztiek dute bitartekotzaren eredua. Antzerkigintzaren esparruan murgiltzeko eta komunitate ezberdinak dinamizatzeko aukera ematen duena. Baita esperientziak trukatzea eta antzerkizaletasuna zabaltzea ere. Hau da, mugitzen naizen tokietan bertako herriko elkarte edo taldeekin harremanetan jartzea. Antzerkia ez dadin bihurtu ikuskizun huts, baizik eta kolektibo ezberdinen arteko harremana sustatzeko tresna.

Goiko lerroetan idatzitako kontuak antzerki munduan ez dira berriak —ez ditut nik asmatu— eta zorionez Euskal Herrian zehar esperientzia bakan batzuk ematen dira. Hameka, Azala, Hazitegiak, Harrobia, Mugalariak eta Zubi bezalako proiektuak dira horien adibide. Eta herri batzuetako antzokiak: Durango, Zornotza, Leioa, Urnieta, Orereta, Luhuso, Zigoitia eta bertako talde egoiliarrak.

Antzerkiak bere ura behar du. Antzerki kultura bat sortu, berrasmatu behar dugu. Gurea. Iparraldekoak eta hegoaldekoak errealitate ezberdinetan dantzatzen dugu, eta orokorrean euskal arte eszenikoen baliabide sarea serio eta ondo artikulatu gabea da. Legeek eta araudiek ez dute asko laguntzen, eta goitik ezarritako kultur politikek are gutxiago. Kultura ura bezalakoa baita, esku artetik ihes egiten du. Eta hala behar du izan, bizirik dagoenaren seinale. Bluk, nire lagun-minak, esaten duen bezala: «Ura guztiona da! Kultura ere bai! Busti gaitezen apur bat!».

Durangoko Azokan hormako pintada batek hala zioen: Sorkuntza da bide bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.