'LAUTADAKO MAMUA'
Idazlea: Xabier Montoia. Argitaletxea: Elkar.
Aspaldi honetan asko hitz egiten da euskal literaturan (ere) nouvelle-ez. Jada ez omen da nobela mardul eta luzerik argitaratzen. Formatu laburragoak sortzeko eta kontsumitzeko joera nagusitzen ari da gure artean; ez da berria notizia. Azken urteotako uztari begiratu baino ez zaio egin behar horretaz ohartzeko. Eta modu horretan ulertu eta irakurri dut Xabier Montoiaren azken obra ere, Lautadako mamua.
100 orrialde pasatxo dituen narrazioak serieko hiltzaile baten nondik norakoak kontatzen dizkigu. Izenburuak iradokitzen digunez, Montoiaren lanak ez gaitu atzerriko hiri handi edo kale ilun eta arriskutsuetara eramango; ezagun dugun gure Euskal Herrira baino, Arabako lautadara, Gasteizko ingurumarietara. Oraindik ere zibilizazio modernoak guztia aldatu gabeko eszenak agertzen zaizkigu orriz orri; lehen sektorea da lekuko ekonomiaren bizkarrezurra, eta laborariek, larreek eta ikaztegiek paisaia osoa hartzen dute.
Testuinguru horretan eraikitzen zaigu protagonista, lehen begiratuan, gizon arrunt eta nahiko pobrea, lanari guztiz emana, isila, atentziorik ematen ez duten horietakoa. Horrek egiten du, hain zuzen ere, interesgarri eta sinesgarri, ustez arazorik ematen ez duen herritarra baita, erruki barik, bidean aurkitzen dituen emakumezkoak, batik bat prostitutak edo/eta pobreak hil eta bortxatzen dituen gizona. Iruditzen zait Montoiak bete-betean asmatu duela erasotzailea aukeratzen eta haren soslaia eraikitzen, pertsonaiaren azaleko normaltasunak talka egiten baitu bere psikologia anker eta makurrarekin. Talka edo kontraste horrek badu eraginik irakurketa prozesuan, protagonistak emakumeak hiltzeko erakusten duen odol hotzak ez baitu bere horretan utziko irakurlea. Horra hor obraren balioa.
Esango nuke, ostera, autoreak ez duela guztiz asmatu hasieratik iradokitzen den tentsioa mantentzen, eta hura une aproposean lehertzen. Izan ere, Montoiak narratzaile homodiegetikoa darabil, hau da, istorioa barrutik kontatzen duena. Hala, objektiboa den lekuko horrek apur-apurka hiltzailearen krimenak kontatzen dizkigu, narrazio poliziakoetan ohikoak izaten diren perspektiba eta tempoa baliatuz. Gainera, formatuaren laburtasunaren mesedetan, elipsien bitartez egituratzen da hainbat urtetan luzatzen den kontakizuna, eta horien bitartez lortzen du testuak irakurlearengan suspensea eragitea. Hala ere, intriga efektu hori ilusiozkoa baino ez dela iruditu zait; hasieratik puzten den tentsio hori, narrazioan, oso azkar husten den sentsazioa izan dut, azkarregi aukeran, eta, ondorioz, hotz utzi nau bukaerak.
Nire espektatiben horizonteak Edgar Allan Poeren Morge kaleko hilketak bezalako kontakizun bat aurkitzea espero zuen, moldez, behintzat, baina, bukaerako kolperik gabeko kontatzeko modu bat aurkitu du bueltan. Agian, hori izan da nire akatsa, aurreusteekin eta aurretiaz sortutako espektatibekin irakurtzea. Neure buruari galdetzen diot ez ote naizen neu izan kontakizunaren helburuei neurria hartzen jakin ez duena.