Segl herri txikiaren edertasuna inork ez du gaur ukatzen. Segl du izena bertakoen hizkuntzaz, erromantxeraz, alegia; baina ezagunago da herriaren izen itzulia: Sils. Bada, aleman hizkuntzak aspaldi hartu zion aurrea Suitzako laugarren hizkuntza ofiziala den erromantxerari. Edonola ere, bertan eman zituen Friedrich Nietzsche filosofoak uda batzuk Honela mintzo zen Zaratustra liburua idazten; geroago, Marc Chagallek margotu zuen herria; Anne Marie Schwarzenbach zorigaiztoko idazleak ere biziki maite zuen tokia. Thomas Mannek, berriz, esan omen zuen, zoriontasun» hitza gutxitan ahotan hartzen bazuen ere, zoriontsu izaten zela han. Hermann Hesse, Alberto Moravia, Marcel Proust, Albert Einstein eta abar... herrian ibilitakoak dira.
Dena den, utz dezagun alde batera izen handien inguruko mitomania. Ez dago izen ospetsuetara jo beharrik norbera Seglen berezitasunaz jabetzeko. Gizakiek milaka urte egin dute eskualde horretan: abeltzainak eta nekazariak izan dira, eta badira oraino; batzuk, behintzat. Arrantza ere izan dute bizibide aintzira handi bat dagoelako udal barrutian, hain zuzen, Segl izeneko aintzira. Eta aintzira hori da hemengo gaia.
Harira: Segl herria 1905ean arazoak izaten hasi zen enpresa handi batek aipatu aintzira urtegi bilakatu nahi izan zuelako. Ondoren, herritarrek hamarkadak eman zituzten aintzira babestearen alde egiten. Borroka horretan, besteak beste, aintziraren «edertasuna» hartu zuten irizpide.
Herritarrek Pro Lei da Segl izeneko elkartea sortu eta auzitara eraman zuten enpresaren egitasmoa. Alabaina, enpresak, gobernuaren laguntzaz, ez zuen amore eman. Prest egon zen beren proiektua behin eta berriz eraldatzeko, hasierako asmoa murrizteko eta kalte ordainak ordaintzeko, bai eta uraren kolore ederra bermatzeari buruz eztabaidatzeko ere... Denetarik egin zen herritarrek onets zezaten aintzirako ura baliatzeko proiektua. Alferrik. Azkenik enpresak ez zuen lortu herria berera ekartzea.
Unerik arriskutsuena 1946an heldu zen herritarrei dirua amaitu zitzaienean hainbeste epaiketek ekarritako zorrei aurre egin ahal izateko. Segleko herritarrek irudimena erabili eta elkartasun-baliabide bat asmatu zuten orduan, Suitzan oraindik ere elkartasun ikur dena: Schoggiriegel, urrezko txanpon itxura duen txokolatezko goxokia. Horien salmentari esker lortu zen Suitza osoan urtegiaren kontrako mezua ezagutzera ematea. Eta urtegia ez zen egin.
Harrigarriak dira, bai Segl herriaren tema, bai herritarrek erabilitako argudioak; bereziki, beren sorterrian itsuskeriarik nahi ez izatea. Baserritar xumeak baino ez ziren haiek aurrerapenaren sasi argudioei bizkarra eman eta edertasunari eman zioten lehentasuna.
Harrigarriak dira, bai Segl herriaren tema, bai herritarren erabilitako argudioak; beren sorterrian itsuskeriaren nahi ez izatea
Egun, edertasunaren aldeko borroka hari esker, herri aberatsa da Segl. Izan ere, herritarrak etengabe aritu dira geroztik edertasunari kalterik ez egiteko araudiak sortzen. Oraingo aberastasuna ongi kudeatu duten turismo naturazale bati zor zaio. Argi da, ordea, urtegia eginez gero, bizitokia desitxuratzeaz gain, herria ez zela aberastuko, baizik eta hura eraiki nahi zuen enpresa, betiere dena goitik behera ezartzen duen ideologia ezagunaren eskutik.
Gutxi dira, bestalde, orain baserritik bizi direnak. Baina ongi babestuak. Demagun, udal barrutian dagoen Fex Aranekoak: ez dago bertara autoz joaterik. Oinez edo zalgurdiz baino ezin da joan, auzokideak izan ezik. Segl herri barrura ere ez dago autoz sartzerik. Autoen debekua ongi antolatzeko hausnarketa luzea egin zuten herritarrek irtenbiderik egokiena asmatu eta adostu arte. Autoak herriaren sarreran dagoen urpeko aparkaleku batera desbideratzen dira. Lehen begiradan ez da ikusten ezta nola desagertzen diren. Hala, leku lasai bila dabiltzanek Segl herrira jotzen dute neguan zein udan.
Areago, aintzira eta herriaren artean lautada zabal-zabal bat dago, hutsik. Dirua azkar egin nahi dutenentzat aukera ezin hobea turistentzako etxebizitzak egiteko. Zorionez, udalak ebatzi zuen bertan ezin izango zela inoiz eraikinik egin. Zergatik? Eraikinek lakuaren ikuspegi ederrari eragotziko lioketelako. Egia da: begiek inolako oztopoekin talka egiten ez duten aintzira aurreko lautada huts eta eder hori, Alpeetako gailurrek inguraturik, ezohikoa da — behinik behin, jendea bizi den leku batean—.
Baina, berriz ere, harira: segltarrek edertasuna zaintzea beste balioen gainean kokatu zuten urtegiaren aurkako borrokan. Ezer ez apurtzea, ezta ukitzea ere. Eta emaitza ez da izan jendearen pobretzea, maiz agintariek herritarrei sinetsarazi nahi dietenez. Bizi garen garaian, edertasuna txiripaz bizirik irten baldin bada nonbait, edertasun hori amu gisa baliatzen da neurrigabeko turismoa erakartzeko, urratsez urrats, hondatu arte. Seglen, aldiz, herritarrak ez ziren hasieratik balizko diru-iturriei begira egon. Turismoa ez zen helburu. Hortaz, edertasunari eusteak ekarri dizkie onurak. Herrikoak pozik daude eta ez dute ez gehiegi ez gehiago hazteko gogorik.
Istorioa ez da, beharbada, borobil-borobila turismo naturazalea ere turismoa delako, baina bistan da herritarrek zentzuzko mugak jartzen jakin dutela. Eta adibide gisa ekarri dugu hona Segl, besteak beste, Urdaibain herritarrak beste halako proiektu erraldoi bat eragotzi nahian dabiltzalako.
Adibide gisa ekarri dugu hona Segl, besteak beste, Urdaibain herritarrak beste halako proiektu erraldoi bat eragotzi nahian dabiltzalako
Ildo beretik, Agustin Garcia Calvo pentsalariak esan zuenez, baliteke asmo ideologiko bat egotea jendea bizi den ingurua nahita zatartzeko. Jende arrunta, hots. Esaterako, hirietan itsuskeriara ohitu gaitezen porlanezko horma artean biziz eta lan eginez; askatasunarekin eta duintasunarekin zerikusirik ez duen edertasun mota horretara egin gaitezen; oporretan eta aisialdian, ostera, txanponaren beste iruntzia onar dezagun, hau da, turismo txikitzailea; denon ametsa izan dadin horretan elite dirudunen kopia ñimiño bilakatzea eta bidaia-agentzien agindupean lurraldeak kolonizatzen jarraitzea… Eliteak, hala ere, ez ohi du edertasuna aintzat hartzeko eta baliosteko irizpiderik, guztia dirua izatearekin lotzen baitu.
Entzierro bateko zezenak bezala ibiltzen gara mendebaldean, lan egin beharrak eta ondo pasatu nahiak, biek ala biek, esetsiak, korridore estuetan larri eta korrika..., harik eta korrikaren bukaeran toreroen eskuek heriotza ematen diguten arte. Zezenei, ezinbestez gertatzen zaie horrela. Eta guri?