Migel Zeberio
Iritzia

Edertasun tarte zenbaezinak

2024ko azaroaren 5a
05:30
Entzun

Horra egunotan entzun eta ikusitakoak sortu dizkidaten sentsazioak, horrela uler daitekeelako emari hau: hunkidura, estimulazioa, jakin-min asetzea, berritasun iturria, fantasia, ametsa, eta baita asperdurarik edo ulertezinik ere agian. Abesbatza bakoitzak aldez aurretik markatutako proiektu eta helburuen lorpenean islatzen digu bere lana. Abiapuntua, baina, askotarikoa dute, geografikoa zein kulturala, nahiz eta eredu mendebaldarra eta historian kolonizatzaile izan dena gailentzen den ezinbestean. Hau dela eta, bi multzo nagusitan banatuko ditugu entzundakoak: batetik, europarrak; eta bestetik, hego-eki-asiarrak (beren heterogeneotasunean).

Ezkontzen zailak suerta daitezke asiarrek gure musikaz duten ulermena eta guk beraienaz duguna. Ordea, guztiek onartu dute joko zelai berean aritzea, eta ia ezinbestean, hainbat baldintza eta parametro bete behar ditu koruak, tartean afinazioari eustea eta kideen artean harmonia mantentzea. Kontu hauek lanak eman dizkiete askotxori, eta horrek lotura zuzena du zuzendariak aukeratzen duen ahots emisio ereduarekin, besteak beste. Ifrentzuan, berriz, edertasun tarte zenbatezinak jaso ditugu saioetan, inperfekzioan ere badelako edertasunik; horren adibide izan da Lituaniako Kivi taldeko neska gazteen eszenaratze askea, zurruntasunaren morrontzetatik urrun eta zuzendariaren beharrik gabe, eta baita jaso ditugun urruneko hainbat doinu bitxi, erritmo exotiko, dantza eta koreografia tribal eta moderno ere.

Baieztatuko nuke talde askotxori oso gaitza zaiela Berpizkunde nahiz Erromantizismo garaiei heltzea —ulermen aldetik, batetik; eta teknikoki eskatzen duen moldatzeko gaitasunaren aldetik, bestetik—, eta, noski, lehiaketak emanaldi osoak saritzen ditu. AEBetako musika espiritual beltzekin ere gauza bitxia gertatzen da: duten hedaduragatik arrakastatsu dira taldeen errepertorioetan, baina gutxik dute hauek sakonki eta benetan garatzeko gaitasuna, espiritualtasun berezi eta esankor batetik jorratzen ez badira, musika anekdotiko bihur baitaitezke, eta teknikoki ere diruditen baino exijentzia handiagokoak baitira. Mikrokosmos eta Cape Town taldeak izan dira horretan gehien asmatu dutenak. Azken horiek, folklorea egiten gogotsu, asko gozarazi gaituzte, eta musikabeltza lehen aldiz oparo eskaini dute Tolosan, antzinako hizkuntza guturalen doinu eta guzti.

Paradoxa da bi katedraleetako talde oso gazteak besteen gainetik nabarmendu izana. Suediako Storkyrkansek, Helene Stureborgen esku argietan, Jacobus Gallusen bi korutarako oihartzun efektu erakargarriak eman ditu, bai eta melodia sinple zein garaikide konplexuak ere, guztiak edertasunez landuak, bere indarguneak maisuki erakutsiz. Halaber, esango nuke Rigako katedraleko abesbatza eta Jurgis Cabulis zuzendari letoniar gaztea izan direla jaialdiko izar nagusiak, nabarmen gainera. Cabulisek bere herrialdeko tradiziozko jakinduriari men egiten dio, keinu zehatz eta alferrikakorik gabe; esku artean duen makina malgua eta moldaerraztasun handikoa da, garai eta estilo guztietako musikari txinpartak ateratzen dizkio, eta berdin eramaten du hala Carlo Gesualdoren eskala zailetara nola erritmo garaikide aldrebesenetara, ahotsek elkar entzuteko jarrera oparoan eraldatuz.

(ID_14401230) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-11-03, Tolosa. 55
Rigako katedraleko abesbatza, Tolosan. GORKA RUBIO / FOKU

Folklorean behartua izan den obrak ere, Nafarroako dantza doinuen gainean David Azurzak sortutakoak, eman du zeresanik; itxurazko sinpletasuna tentuz eta modu eraginkorrean gauzatzea zuzendari onenen eskura bakarrik izan da. Pena inor dantzan aritu ez izana!

Sing Philippines taldearen bitxikeria: joan den mendean Donosti Ereski abesbatzak arrakastaz ekarri zuen Luigi Dallapiccolaren Malammogliat obra exijentea berriro entzuteko aukera eskaini digu.

Aurretik aipatutako ereduetatik aparte aritzen den Loic Pierre zuzendaria berriro izan dugu Tolosan, Mikrokosmos laborategiarekin. Oinarrian ahotsez egindako goi mailako musikak daude, baina hori abiapuntua besterik ez da: egitura narratiboak osatzen ditu obra diferenteak elkarrekin uztartuz, eta collage moduko performance erakargarriak eraikiz. Argi dut lehentasunezkoa ez dutela lehiatzea, beren ildoa mantentzea baizik. Beren emanaldi antzeztua espiritual eder batekin amaitu dute, eta gogora ekarri digute nola txunditu gintuen aurten epaimahaikide izan dugun Gary Gradenek aspaldi, Tolosan lehen aldiz St Jacobs koruarekin izan zenean.

(ID_14401234) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-11-03, Tolosa. 55
Indonesiako The Resonanz abesbatzako haurrak, Tolosan. GORKA RUBIO / FOKU

Haur abesbatzen tarteak ikusmin berezia sortzen du, eta oraingoan aurreikuspenak ere bete ditu; Txinako The Dream talde xumetik hasi, eta Indonesiako The Resonanz entzutetsuaren fintasun eta trebeziara. Azken horiek, hasteko, Vatara Artanta konpositore indonesiarrak moldatutako Ama begira zazu doinu ezagunarekin sartu dira, eta, ondoren, txundigarriak diren ahots eta koreografia baliabide ugari eskuan harturik, argi utzi dute beren goi maila. Koreako World Vision izan da bigarren saritua, puntuazioan urrun bada ere, eta, nire iritziz, zuzendariaren zurruntasun larregizkoak emaitza goxatzea zaildu die... Aipatzeko modukoa da, goxotasunetik eta artifizio gutxiagorekin, Lielvarde talde letoniarra ere; inpostazio naturala erabiliz, talde konpaktu polita izan dugu.

Leidor inguruan jaialdi giroa usaindu da, eta entzuleek beren iritziak trukatu dituzte saioz saio, baita abesbatzei txalo zaparrada oparo eta goxoak banatu ere.

(ID_14401246) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-11-03, Tolosa. 55
Leidorren bildutako publikoa, Tolosako 55. Abesbatza Lehiaketan. GORKA RUBIO / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.