Ez da broma, eta ez dut inor gutxiesteko asmorik, baina gaur egun ez zait izen eder eta iradokitzaileagorik bururatzen bakarlari batentzat. Nik, musika tresnaren bat jotzeko eta kantuak sortzeko gaitasun, pazientzia eta abileziaren dohainekin jaio izan banintz —edo landu izan banitu—, neuretzat hartuko nukeen, hor zehar, tabernaz taberna edo kalez kale, zabaltzeko. Euskarazko izen baten bila ari zen lagun kantari bati proposatu nion duela gutxi, baina ez zidan kasurik egin
Horixe, Don Inorrez.
Arrastorik ez dut zer zeukan buruan Jose Luis Otamendik poema idatzi zuenean, ezta Bide Ertzean taldeak olerkia musikatu eta disko bati izen hori jartzeko izan zituen arrazoiez ere, nor ordezkatzen duen «arnasa har nezake baina ito egiten naiz» dioen izurdeak, «zer dira mendi elurtuok, bakartasun hau, itsasoa hemen non dago» galdetzen duen horrek. Akaso ez da inori buruz ari, eta aldi berean denok izan gaitezke, alegia, norberak jar diezaioke aproposena deritzon aurpegia, lanbidea, izen-abizenak, sexua edo adina poemako ahotsari. Ni kultur sortzaileekin akordatzen naiz azkenaldian.
Seguruenik arrazoia zuen Jon Sarasuak, V. Euskal Soziolinguistika Jardunaldiko hitzaldian, kultur sortzaileak «meritu, ekarpen eta ahaleginen» eskalan «harakinen pare» kokatu zituenean. Boutade bat zirudien, baina desmitifikatu behar ditugula ulertu nion, edo beren neurriko garrantzia eman, ez gehiago ez gutxiago. Egia da, batzuk okela jan gabe bizi diren bezala, liburu, disko, antzerki edo zinemarik gabe ere bizitzen asmatuko genuke. Ez litzateke mundua amaituko. Nago gizartearen zati handi batek ere horrela ulertu duela, eta are, gaur egun herritarren balorazioan harakinen sektorearen azpitik legokeela kultur sorkuntza. Agintariek halatsu jokatzen dute: Sarasuak hori esan eta bizpahiru egunetara, Gipuzkoako Diputazioak omenaldia egin zion Alberto Contador txirrindulariaren aferak kaltetutako harakinari…
Ondo dago lurrera jaistea kultur sortzailea, harakinen edo arotzen maila berean jartzea, baina martxa honetan lurrak irentsi eta ikusezin bihurtuko da laster. Izango da telebistarekin hazi eta hezitako belaunaldi batekoa naizelako, informazio, entretenimendu eta heziketarako balio duen tresna indartsuagorik ezagutzen ez dudalako eta, zaharkitua ni, zerbitzu publikoan sinisten dudalako oraindik, baina kultur saioekiko gure telebistako buruek duten ardura faltak, ezaguna izanagatik, harridura sortzen dit. Datorren igandean azken Sautrela emango dute, 351. saioa. Ez da audientzia eskasarengatik erabaki dutela kentzea, diru arrazoiengatik baizik. Hala esan dute ETBko arduradunek. Ramon Saizarbitoria elkarrizketatuko dute azken saioan, hilaren 20an aurkeztuko duen Martutene nobelari buruz. Pello Lizarralde, Harkaitz Zubiri, Josu Penades, Itxaro Borda, Karlos Linazasoro, Arrate Egaña eta hurrengo aste eta hilabeteetan lan berriak kaleratuko dituzten beste hainbat idazle ez dira hain zorioneko izan. Berandu heldu dira. Kito. Hurrengo urtean saio gehiago egiteko aukera zabalik utzi duten arren, ez dirudi hala gertatuko denik.
Zalapartarik gabe joango da Sautrela, aurretik beste zenbait kultur saio joan ziren bezala. Paisaiaren zatia da. Egia da, errepikapenaren errepikapenaz, nagia ere ematen duela musika, literatura, antzerkia, arte edo zinema saioen beharra aldarrikatzen jarraitzeak. Hala ere, sektore osoaren ahotsa faltan sumatu dut, idazle eta irakurleena ez ezik, editoreena, liburu-saltzaileena, inprimategiena ere baitzen literatura saioa.
Sautrela amaitzera doa, eta Kantuan saio berria iragarri du ETBk —hura baino merkeagoa izango ote da? —. Ikusi arte itxaron beharko da zer ematen duen jakiteko, baina EKO Euskal Kanturik Onena atzera begirako saio haren eta Operacion Triunfo-ren arteko hibridoa dirudi. «Musikaren munduan leku bila al zabiltza?», galdetzen du Julian Iantzi aurkezleak lehiakideak erakartzeko publizitatean. Kuriosoa, bidea egina dutenak, izan idazle, zinemagile, musikari edo artista, Don Inorrez bezala tratatzen dituen telebista hasiberrien etorkizunaz arduratuta ikustea...
Don Inorrez izatea da Volvo Ocean Racek baino tarte txikiagoa jasotzea gure telebista publikoan.
Ilaran
Don Inorrez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu