Ez dakit zer izango zatekeen zure bizitzaz auzo oso pobre batean hazi izan bazina. Ez hori bakarrik: miseria gorrian jaio izan bazina, eta zure amak burua galdu, eta zu barnetegi batera bidali izan bazintuzte (Asilo Naval-era, esate baterako, 7 urterekin); eta hotza sentitu izan bazenu, eta gizatasun falta ikaragarria, eta, hala ere, eutsi, eta, hala ere, jarraitu izan bazenu, ez, are gehiago, eutsi bakarrik ez, bizitzaren maitale bihurtu izan bazina, orduan, zer? Hori izan zen, gutxi gorabehera, Joan Salvat-Papasseit poeta katalanaren ibilbidea. Berari buruzko liburu baten izenburuak dioen bezala, Papasseit izan zen katalanen distira amildegiaren ertzean.
Papasseitek berak zioen ijito-leinukoa zela. Hain zuzen, 1894an, Bartzelonako Poble Sec auzoan jaio zen, itsasoaren kresala usaintzen den auzoan. Garai hartan Bartzelonako portua modernitate industrialera sartzen ari zen, abiadura handian, eta Poble Sec-eko arima sentiberak izango ziren aro berri honen zama erraldoia nabaritzen lehenengoak.
«Hona hemen: egurra gorde dut kaian nik.
Zuek ez dakizue
zer den
egurra kaian gordetzea».
Bere bizitza zailaren hasierak ez zuen inoiz jaregin, eta portuan lanean aritutako denborak, ahalegin fisiko neurrigabe horrek, gaixotasun kronikoa ekarri zion, eta bizitza goitik behera markatu (ospitaletako egonaldi luzeetan idazten zituen liburuak), eta, azkenean, horregatik hil zen. Hala ere, bizitza maite zuen. Seguru asko, eta, besteak beste, literaturari esker zion maitasuna.
19 urte zituela bigarren eskuko liburu dendetara joaten hasi zen, Santa Madrona atarira, Ramblaren amaieran. Garai hartan bertan aurkitzen omen zen jende umilentzat kulturarako atea. Han hasi zen bera moduko beste irakurzaleak ezagutzen, baita, bide batez, kultur mundu katalanean zebiltzan hainbat eragile gako ere. Bere maitale eta emazte Carmen ere han ezagutu zuen. Barceloneta auzoan ezkondu ziren, eta bertan jaio ziren Salomé eta Núria alabak.
Kultur munduan egindako harremanei esker portuko karga-lanetatik askatu zuen ogibide bat lortu zuen, liburu dendari, alegia, Galerias Laietanas-en. Txoko hark motor kulturalaren funtzioa betetzen zuen hirian, eta han gure poeta —poeta baitzen Papasseit— abangoardietara gerturatu zen. Abangoardien artean, futurismoa interesatu zitzaion batez ere... Zer, bestela? Kaiaren garabitzarrak nola muntatu zituzten lekuko izan zen, bere begiz ikusi zuen. Zer bestela, bere aita portuko modernitate txatar artean hil bazen? Zer izango zen, bada, futurista ez beste? Baina bere futurismoa ez zen faxismora eraman zuen korronte europarraren erakoa, bere futurismoak galtzaileen futurismoa izan nahi izan zuen.
«Dudarik ez daukat: beste unibertso paralelo batean, Salvat-Papasseit eta Gurutz Sarasola lagunak dira; eta unibertso hartan, egun hartan, Donostiako burdinazko zubitik bere buruaz beste egin nahi zuenean, ez zuen lortu, Joan Salvat-Papasseitek eskutik heldu, eta lagundu egin ziolako»
«Gonbidatzen zaituztet, poetok, futurista izatera, hau da, hilezkorrak. Gaur, gaur egun bezala kantatzera. Bertsoak ez neurtzera, atzamarrekin ez neurtzera, ez kobratu diruz. Bizi zaitezte, beti berriro. Biharra beti da iragana baino ederragoa. Eta errimatu nahi baduzue, errimatu: baina izan zaitezte Poetak, hizki larriko Poetak: harroak, ausartak, heroikoak, eta, batez ere, zintzoak».
Idazleak hilabete batzuk egin zituen Madril ondoko sendategi batean, 1922an, eta han idatzi zuen nazio auzia garbiago lantzen duen lana, Konspirazioak. Horrela kontatzen dio bere lagun bati liburu honen zergatia: «Gaztelaren aurkako gerrari buruzko bertsoak dira. Zer egingo diogu ba, hainbeste ordu uzten dizkidate-eta hemen, pentsatu eta pentsatu... Nik, denbora ez galtzeko, konspiratu egin dut».
1924an hil zen, Argenteria kalean, portutik gertu, Bartzelona xumearen bihotzean. Ohean, bere hurkoez inguraturik, poetak kuxinaren azpian ezkutatu omen zuen bere azken liburua: Óssa menor. Fi dels poemes d'avantguarda.
Salvat-Papasseit hil zen urte hartan, gure beste protagonistak 9 urte zituen, eta oraindik ez zekien, baina bera ere poeta izango zen. Gurutz Sarasola zuen izena, eta Lotsati ezizenez sinatzen zituen bere poemak. Itsasondon bizi zen Gurutz. Egia da Bartzelonako portuarekin konparatua guztiz paisaia ezberdin bat zela hori, barrualdekoa, baserri girokoa. Eta, hala ere, biak itsasondoko gizonak izan zirela esatea gezurra ez da. Eta bestelako antzik ere bazuten: Gurutz Sarasolak ere bizitzarekiko sentsibilitate handia, maitasunaren zentzu totala izan zituen, eta erromantizismoarekiko miresmena, eta, esango nuke, baita kutsu futurista ere, ezta?
«Ezkondu behar dezula ta
papera atera behar dezu
Ikasi behar dezula ta
papera atera behar dezu,
papera atera behar dezu
ta papera atera behar dezu...».
Ez al du modernitateari buruz hitz egiten? Nik badakit Papasseiti poema hori gustatu egingo litzaiokeela, badakit. Eta hurrengoa ere bai, noski, agian gehiago:
«Ezin bazaitut maitatu benetan
maitatuko zaitut ametsetan,
begiak itxi eta
egongo naiz zurekin izketan.
Egongo baziñake bezela
nerekin zeruetan».
Ai, baina, Gurutz Sarasolak ezin izan zion aurre egin bizitzari. Berak ere nahi zuen izan harroa, ausarta, heroikoa, eta, batez ere, zintzoa, baina eskainia zitzaion etorkizunaren aurrean ez zuen nola bizi asmatu, eta 1936an, gerra hasi baino lehen, 21 urterekin, poema hori idatzi eta bi hilabete geroago, bere buruaz beste egin zuen. Dudarik ez daukat: beste unibertso paralelo batean, Salvat-Papasseit eta Gurutz Sarasola lagunak dira; eta unibertso hartan, egun hartan, Donostiako burdinazko zubitik bere buruaz beste egin nahi zuenean, ez zuen lortu, Joan Salvat-Papasseitek eskutik heldu, eta lagundu egin ziolako. Konturatu gabe, sakelan paper txiki bat sartu zion, badakizu? («eta papera atera behar duzu!»), han bere Divisia poema zegoen, bere lagunarentzat moldatuta:
«Egin dezagun komandoa, Lotsati,
atzera egiten ez dutenekin,
eta musu batek bakarrik eraman ditzake preso.
Egin dezagun komandoa, Lotsati,
barroteak apurtzen dituztenekin
eta ezerk —musu batek ez bada—
erorarazten ez dituztenekin,
Egin dezagun komandoa, Lotsati,
abangoardiako soldaduekin,
eta eman diezagutela lehenengooi
lehenengo musua».