Koldo Almandoz.
Donostiako 60. Zinemaldia. Plano subjektiboa

Dioptriak

2012ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Aurten ere Zinemaldiaren inguruan zutabetxo hau idazteko aukera eskaini didate. Martxan jartzea kostatu egiten zait beti, eta iazko lehendabiziko zutabean zer idatzi nuen errepasatzea otu zait. Bertan irakurritakoak aurreko urtekoa ere bisitatzera bultzatu nau. Eta ez dut jarraitu nahi izan...patetiko samarra izan da.

Ez dut ukatzen, Zinemaldiko atarian nagi moduko batek harrapatzen nauela. Iruditzen zait gisa honetako jaialdi erraldoietan, urtero-urtero esperientziak, jendea eta filmak errepikatu egiten direla. Eta gaur arte ere ez naiz jabetu, urtero, lehendabiziko zutabe honetan, Zinemaldiak sortzen didan nagiaz eta gisa honetako jaialdi erraldoietan esperientziak, jendea eta filmak errepikatu egiten direla idatzi dudala nik ere modu errepikakorrenean.

Oker nenbilen. Gaur arte ez naizelako jabetu urtero dela lehendabiziko Zinemaldia ikusle, zinemagile, kazetari edo langile askorentzat. Garai batean guk egin genuen moduan, norbaitek deskubrituko du aurten zuzendari ezezagunen bat edo pelikula liluragarri bat edo aktoresa hasiberri bat... Pablo Berger zuzendari bilbotarrak, 1986ko Zinemaldian, Erich Von Stroheimen Greed ikusi zuen orkestra sinfonikoaren zuzeneko musikarekin. Esperientzia hura aurten aurkezten duen Blancanieves filmaren sorburua dela onartu du. Asier Altunak eta Telmo Esnalek, Gosea, umorea eta fantasia zikloa proiektatzen zen Astoria areto desagertuetan pasatu zuten 1998ko Zinemaldi osoa. Krysztof Kieslowskirengatik abandonatu gintuen Iñaki Lazkanok ere, azaldu digu duela gutxi egunkari honetan, 1988. urteko Zinemaldian ikusi zuela lehendabizikoz zuzendari poloniarraren Krótki film o milosci (Ez duzu maitatuko). Keanu Reeves Maria Cristinara iritsi eta neska gazte batek praketan pixa egin zuenekoa ere oroitzen dut. 1995. urtea zen. Isuri haren kontakizuna izan zen, praktiketan nengoela, Goizean Behin irratsaiorako egin nuen nire lehendabiziko zinema kronika.

Denboraren iraganak errepikapenez betetzen du bizitza. Geroz eta gertaera gutxiagok eskaintzen du berrikuntzarik, harridurarik edo lilurarik.Begirada, nekatu eta dioptriaz lainotzen zaigu. Ez genuke ahaztu behar, ordea, une oro, norbaitek, begi garbiekin esperientzia berri bat bizi duela. Adibidez, gaur hasten den Zinemaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.