Zenbaitek uste dutenaren aurka, era guztietako proposamenak biltzen ditu Beldurrezko Asteak. Beraz, generoaren jarraitzaile sutsuenez gain, beste motetako ikusleek ere badute beren tokia Antzoki Zaharrean. Egia esan, exploitation generoa nagusi izan ohi da, hau da, espiritu dionisiakoa gailentzen da kasu gehienetan. Baina bortizkeriaz eta gehiegikeriez aparte, badaude istorioari eta pertsonaien psikologiari garrantzia ematen dioten filmak ere.
Generoaren zale amorratuek Stung (Benni Diez) bezalako komedia dibertigarri eta lotsagabeak maite dituzte. Istorioa sinplea da, baina hasieratik harrapatzen zaitu. Entretenigarria gertatzen da oso. Izan ere, komedia arina eta freskoa dela ez dago zalantzarik, nahiz eta protagonistek liztor erraldoien aurka borrokatu behar izango duten. Une atsegin bat igarotzeko aukera paregabea eskaintzen du, hortaz, egunerokotasuneko kezkak albo batera utz ditzakegu momentu batez bada ere.
Jakina denez, beldurrezko komediek harrera ezin hobea izaten dute. Hyetten Howl eta Mariniren Summer Camp-ek ez dute Stung-ek duen tonu komiko hori, baina garrantzitsuena zera da: kutsatutakoen eta gizotsoen erasoek odolez blaitzen dutela pantaila. Howl-ek egoera zailetan pertsona arruntek hartu ohi dituzten erabakiak islatzea du xede, eta heroiaren figura aldarrikatzen du itxaropenari gorazarre eginez. Izan ere, ez da egia gizakia birus zital baten modukoa denik, lankidetza eta partekatzea gizakiaren esentzia baitira. Summer Camp-ek, edonork inguruko jendea kutsatu dezakeela demostratzen du, etsaia norbere barnean aurkitzen den ideia defendatzen du; edonork min egin diezaioke maite duen horri, modu inkontziente batean jokatzen dugunez gure beldur eta desirek kalte egiten diete ingurukoei.
Ted Geoghegan egile estatubatuarraren We Are Still Here eraginkorrak etxe madarikatuaren betiko istorioa dakarkigu. Hotzikarak eragiten ditu, eta tentsioa mantentzeko gai da. Beraz, originaltasunik batere ez duen arren, balizkoa dela aitortu behar da. Helburua betetzen du, beraz, ezin zaio gehiago eskatu.
Attack on Titan eta Attack on Titan: End of the World japoniarrek akzioa eta ikuskizun aparta eskaintzen dutela ezin uka daiteke. Kill Bill bezalaxe bi zatitan banatua dago filma, baina zale amorratuen gozamenerako biak saio berean ikusi ahal izan dira. Titanek mundua suntsitu zutenean biziraun zutenek hormak eraiki behar izan zituzten haien erasoetatik babesteko, eta bakea nagusi da orain. Titanen mehatxupean gobernu autoritario baten menpe aurkitzen dira biztanleak, jakina baita beldurraren bidez errazago kontrolatzen dela jendea.
Bridgend egungo garaiaren espiritua bete-betean irudikatzen duen lana da; iluna, ospela eta ezkorra. Baina ez dezagun ahaztuFantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko ikusleek Dioniso gurtzen dutela. Gazteen suizidioa jorratzen duen lan gordin, eta, aldi berean, alegiazkoa da.
Nakataren Ghost Theater gaztetasunaren eta edertasunaren inguruko ipuin beldurgarria estreinatu da, baina antza denez, zirrara handirik ez du sortu publikoarengan.

ANALISIA
Dionisioren izenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu