Dinamitarik gabe, zaila genuke gizakiok abiadura handian mendiak eta haranak zulatzeko. Baina paisaian ez ezik, literaturan ere eragina izango zukeen dinamitarik asmatu ez izanak. 1866an deskubritu zuen ingeniari suediar batek leherkaria, eta huraxe patentatzearekin aberastu zen. Ederki aberastu, gainera. Alfred Nobel zen pertsona hura, bai, Nobel sarien sortzailea (baita Bakearena ere!). Aitor dut Literaturako Nobel sariak nahiko urrutitik bizi izan ditudala, baina jakin badakit eskandaluz betetako instituzio izateaz gain, milioi bat dolar inguru poltsikoratzen duela autoreak, eta momentura arte —Boris Pasternaken uko problematikoagoaz aparte— Sartre izan dela sariari argi eta garbi uko egin dion bakarra, instituzioarekiko sentitzen zuen errezeloagatik, edota sari burgesa izateagatik. Eta hemen lagun sortzaileekin sarritan izan dugun eztabaida: sariketak, alde ala kontra?
Ikusten dizkiogu alde onak. Idazle hasiberriei ematen die bultzada: lagunek edo, askoren kasuan, inork irakurri gabeko lanak epaimahai batek irakurri eta errekonozitzen duenean, «idazleago» sentitu ohi da pertsona hori eta idazten jarraitzeko bultzada izaten da. Idazle helduagoen kasuan, esango nuke errekonozimenduaz gain (edo harago), dirua dela gehien eskertzen dena. Irakurri dut Nobel saria ez jaso eta hamaika urtera, Sartrek «zegokion» dirua eskatu ziola akademiari. Noski, ez zioten eman. Niretzat lehiaketek duten beste alde positiboa, lehiaketa irabazi ala ez (zeren eta gehienetan ez dira irabazten), epemuga bat markatzen dutela da, eta ni bezalako prokastinatzaileak direnek eskertzen dute. Bestela, testua etengabe zorrozten ibili ohi gara, horrek sortzen duen gurpil (gehienetan) zoro horretatik ezin askatu.
Baina sariketek badute alde iluna ere: normalean irabazle bakarra egon ohi da, eta saritu gabeko lan asko tiraderan geratzen dira, betiko (askotan kalitate eskasagatik, baina beste askotan ez). Ia beti genero berdinak dira lehiaketara deitzen dituztenak: eleberria, poesia, narrazio laburrak eta haur literatura, tartean geratzen diren beste genero bazterrekoak kanpo geratzen direlarik. Eta nire ustez, okerrena: autoreak lehiaketen mende sortzera eta, askoren kasuan, bizitzera behartzen dutela, horrek dakarren ziurgabetasuna lanbidearen berezko elementu bilakatuz. Autore bati baino gehiagori entzun diot idazketaz bizi ahal izateko sariketak ezinbesteko dituela.
Eta bada aurrekoarekin loturik, edo hobe, dirua tarteko dagoenean, sortzen den halako ez-dakit-nola-izendatu bat; batzuetan baitirudi literatura ezin dela diru kontuekin nahastu. Nolabait, sarien norgehiagoka hori, edo diru nahi hori ez dator bat poetaz dugun irudi lar-erromantikoarekin. Jon Gerediagaren hitz «prosaikoak» datozkit burura: poeta fina bera, gordinki adierazi zuen zer dela eta aurkeztu zen Irun Hiria poesia sarira (15.000 euro): diru beharrean zegoen. Uste dut bere adierazpenek balio izan zutela poetaren irudi bohemio hori apurtzen laguntzeko.
Bide beretik, Yolanda Castaño poeta galiziarrak gai hauei buruzko hausnarketak bildu ditu bere azken saiakera liburuan: Economía e poesía: Rimas internas. Liburuaren harira egin zioten elkarrizketa batean irakurri nion poetek bazutela oro har kapitala, baina sinbolikoa. Kapital ekonomikoa, gutxi. Pentsa, liburu bat argitaratzen duenean poeta batek, normalean liburuak balio duen horren ehuneko hamar besterik ez du jasotzen. Imajina zenbat liburu saldu beharko liratekeen hilabetero soldata minimora iristeko? Egin kalkuluak. Eta kapital sinbolikoa bada gizarteak poetari eskain diezaiokeen bakarra, poetak ezin du kapital sinboliko horretatik bakarrik bizi. Poeta izateak prestigioa ematen du gizartean, ados, baina prestigioaz ezin bizi. Poetak ezin ditu hitzak jan: janaria behar du, eta fakturak ordaindu, eta piszinako kuota… Horiek kubritu ezean, zaila du musekin elkartzeko eta kalitatezko denbora izateko.
Badirudi diruaren eta sarien apologia egiten nabilela, baina ez nazan irakurleak gaizki uler: sortzaileek egindako lanagatik errekonozimendu ez bakarrik sinbolikoa, baizik eta ekonomikoa ere izan dezaten nabil esaten. Egia da ertz askoko gaia dela eta zaila guztia 4.500 karakteretan azaltzea. Besterik ez bada, amai dezadan anekdota batekin. Wislawa Szymborska poetak kontatzen du txikia zenean, idazten zuen poema bakoitzeko aitak bi txanpon ematen zizkiola, eginbide horretan aurrera egiteko pizgarri gisa. Bere kasuan, funtzionatu zuen: 1996an jaso zuen Literaturako Nobela. Hortxe gaurko aldarria: dinamita kultura oztopatzen dutenei, eta bi txanpon —garaiotan, hobe bi billete polit eta handi— poetak idazten duen poema bakoitzari.