Gorka Urbizu.
IRITZIA

Diapasoia bokadillo barruan

2015eko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Buruz ikasi genuen espetxeen izenen zerrenda luzean beste bat da Fresnes, ezagun egiten zaigu. Espainolez esango genuke «estamos familiarizados», lekua ez zaigula arrotza egiten, alegia. Fa-mi-lia-ri-za-do, hitz aproposa kartzelaz ari garelarik. Ingelesak, aldiz, botako luke: «it rings my bell». Izan ere, Parisen, Sacre Coeurreko ezkilez gain, kaleko militar saldo post-Charliez gain, bada hainbat espetxe (itzalak argiaren hiriburuan). Ezagunena, Fresnes: 2.500 preso inguru geuk jo genuen gizonezkoen moduloan. Horietarik hiru, euskaldunak.

Kartzela ez da berez musikarako plaza. Kartzela gehiago da isiltasuna, hormigoizko koadrilateroan beti borrokarako prest. Googlen bertan «concierto» eta «cárcel» idatziz gero, ez pentsa Johnny Cashen Folsom Prison edo antzekorik berehala aurkituko duzunik: Isabel Pantoja azalduko zaizu lehendabiziko estekan, pentsa. Ez, kartzela ez da berez musikarako plaza, baina pasa den astelehenean zeharo ahaztu zitzaigun hori, saioak iraun zuen 70 minutuetan.

Goizeko bederatzietan furgoneta deskargatu eta segurtasun kontrola segurtasun kontrolaren atzetik, heldu ginen noizbait Fresnesko kaperara. XIX. mendean eraikitako kartzelari dagokion eran, nahikoa vintage zen hura: zaharra eta hotza. Soinu proban geundela, irrintzi bat entzun genuen bat-batean. Sic. Elkarri begiratu genion hirurok: «Zuek ere entzun duzue?» galdetuz bezala. Oholtza atzeko gela ingurutik zetorren oihua. Bertako leihotik patioaren metro koadro bat ikus zitekeen, eta hantxe zeuden euskal presoak, ongietorria irrietan. Nork esango 2015ean irrintzia oraindik ere komunikaziorako bide izan zitekeenik, sinbolismo ororen gainetik?

Kartzelako jantokian funtzionarioz inguratuta bazkaltzeak izan zuen, aitor dezadan, surrealismotik zerbait. Janaria eztarrian behera motelxeago pasatzen zela zirudien. Kafeari kemen dosi bat lapurtuta, aretora bueltatu ginen: gatibuak esertzen hasiak (debekatuta dute altxatzea), hastear da kontzertua.

Denbora da poligrafo bakarra-ren akordeak saioa abiatzeko. Bitxia da hitzek testuinguruaren arabera hartzen duten indarra. Hemen denbora ez da denbora. Zenbat denbora dago?: Hitzen oinarri ahula. Etsia, Zerbait asmatuko dugu, Izena, izana, ezina… kantak ilki ahala oroitzapen enbrioia sortzen sentitu dugu denok, musikari zein entzule: hau ez dugu sekula ahaztuko. Min hau etxekoendako (zerbait entzungo ote da emakumeen modulotik?) eta emanaldiaren azken txanpan gaude ohartzerako. Entzutekoak dira oihuak eta txalo zaparradak, kosta egiten zaie aulkian iltzatuta egotea.

Marleyren Redemption Song dedikatu diedanean gertatu da miraria. Musika ahalguztiduna dela sinesten dugunontzat beste froga bat, eta sinesten ez zuenarentzat epifania, saioaren ondoko hitzaldian aitortu digutenez. These songs of freedom. Bat egite erabateko bat bakartze egongelan. Negarra begietan, bihotza eta ukabila uzkurtuta.

Biharamunean kalera irtetekoa zen pakistandarrak esan diguna gogoan: «Askatasuna da gauzarik handiena, eta zuek, gaur, zuen kantuen bidez, egun bat lehenago eman didazue: eskerrik asko».

Xake-mate kultural bat, distantzia eta ahanzturaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.