Birkite Alonso.
LAUHAZKA

Desagertzen hasiak dira

2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Ekonomiaren eta kulturaren beharren arteko parekotasun falta eukalipto basoek ingurumenean duten eraginarekin konparatzerik badago, Txani Rodriguezen Los últimos románticos eleberri zoragarrian irakurritakoaren modura. Eukaliptoa lur azpian pilatzen den uraren zati handi bat kontsumitzen duen zuhaitza da, bere inguruan landaretza haztea eragozten duena. Eukaliptoen basoak basamortu berdea izena hartzen du, hortaz, adaburuen azpian ez baita bizitzarik hazten. Era berean, idazleak eleberrian islatzen du orain 30 urteko metalurgiaren grebetan enpresak irauteko borrokan egon zen elkartasun guztia, ez bakarrik kaltetutako langileen artean, baita udalerri osoan ere, pentsaezina dena gaur egun. Idazlearen (eta gure) hitzetan, oso indibidualista bihurtu gara, hemen bakoitza berera doa, eta hori islatu nahi izan du Irune protagonistaren bitartez; grebalari batzuen egoerak batere eragiten ez dion arren, bere lanpostua arriskuan jarriz laguntzen die.

Basamortu berdean bada hierarkia moduko bat ere.

Desagertzen hasiak dira talde txikiak, jadanik ez dute astean bitan edo orduka entseatzeko lokalik, itxi egin dituztelako. Ezin melodiak besteek arnastutako airean lurrunarazi, ez omen da osasungarria. Lokalek leihoak izango balituzte sikiera, autobusek bezala. Baina akustika izorratuko litzateke orduan. Akustika ala hiriaren erakusleihoa? Azken bost hilabeteetan hirutan igo naiz Bilboko autobusetan, eta ezezagunekin bidaiatu. Isiltasun urduri batean, espazio eta aire bera konpartituz, musukoak birusetatik elkar babestu gaitu. Halakoetan ezinbestekoa ikusten dut musukoa, ezezagunekin airea partekatzean. Beste une askotan, ez dut ikusten, baina ez naiz gai horretan sartuko, baikorzionistatzat daukat-eta neure burua. Autobus edo taxietan partikula-partekatze hori baimenduta dago orduan, baita metro, bulego, jatetxe eta tabernetan ere. Musika eta antzerki aretoetan ez, ordea.

Entsegu tarterik gabe bakarrik ez, kontzerturik emateko aukerarik ezean ere desagertzen hasi dira talde txiki ezezagunak. Udako terrazen giroarekin bat egiten ez dutenak, zaratatsuegiak direnak. Kanpoaldean antolatu diren ekitaldiak zinez eskertzekoak badira ere, ez dago denontzako lekurik, eta jotzeko aukera dutenek ohiko kontzertuen erdia baino gutxiago ematen jarraituz gero, hurrengoak kulturaz arduratzen diren langile eta teknikariak izango dira. Desagertzen hasiak dira. Halaxe aldarrikatzen zuten irailaren 17an irudikatutako hiletan, norbere hilkutxa beltzetik tiraka, barruan alokairua, hipoteka, familiaren oporrak, urte osoko gastuak eta norbere ametsa arrastaka eramaten dituenaren etsipenezko haserrea zabalduz kirats bihurtu zaigun aire kutsatuan.

Lan berriak plazaratzen jarraituko dugu sortzaileok, baina, aretoak bete gabe usteltzen uzten dituzten heinean, ez dugu uzta jasoko, ezta laborarien artean banatzerik izango ere.

Dagoeneko galdu ditugu ezinbestekoak ziren aretoak, Trinkete Antitxokoa eta Plateruena, kasurako. Beste hainbatek, Jimmy Jazzek esaterako, arnasestuka bizirauten du. Zenbait udaletxe bultzaka ari da, baina beste hainbat erakunde publikoren laguntza falta da hemen, bazkideen eta herritarren gogoa ez da nahikoa izango egungo egoerari aurre egiteko.

Desagertzen hasia da bihotza Hezkuntza Sailean, ikasi beharreko gairik zailenaz arduratzeko. Nahiago genuke gel hidroalkoholikoen eta musukoen falta sumatu izana, ikasturtea bihotza nonbait galdu duten sentipen garratz honekin hasi baino.Irakasleok martxotik hona nahitaez inprobisatzen dihardugun lubakietan bat egin eta besarkaden absentzian ukondoak ukitu ditugu, musukoen atzean ikusezin dirauten gure irribarreen artean. PCRek iraila irauli egin diguten arren, eskolan pozez jaso ditugu ikasleak bueltan. Haien urrats azeleratuek uda aurretiko hilabeteetan basamortu bihurtu ziren korridoreak bete dituzte, gugana itzultzeko gogoa aitortuz, etxetik ikasteak ekarri zien hutsa betetzeko gogoz. Itzulera modu seguruan gauzatzeko baliabideen faltan, irakaskuntza maitatzetik sortu beharra zegoen azpiegitura, baina bihotza nonbait desagertu zen antza.

Eskolak ez ezik, basamortu bihurtzeko arriskuan diren antzoki eta aretoak baso berde ongarriak bihurtzeko beharrekoa eskatzen jarraituko dugu. Eukaliptoak bertan behera bota eta zuhaitz askotariko baliotsuak ereiten, urrats azeleratuek bihotza kolpatzen diguten bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.