Iban Zaldua.
Elefanteen zimiterioa

Desagertuak (aztarnarik utzi gabe ia)

2024ko martxoaren 31
05:15
Entzun

Badaude izar batzuk zerua une batez argitu eta, eztanda indartsu baten ondoren, betiko edo, gutxienez, luzerako desagertzen direnak. Edo, berragertzen badira, ahulki ñir-ñir egiteko dela, etenka, eta ez lehenengo aldian bezain distiratsu. Mundua irenstera zetozela zirudien eta, hara non, itzaletan murgildu ziren atzera, handik bat-batean ateratzeko erakutsi zuten atrebentzia (hibris-a?) gehiegizkoa izan balitz bezala. Normalean, baiki, lehenengo diskoarekin agerpen meteorikoa egindako artisten kasua baita, ez pixkanaka eta urratsez urrats eraikitako karrerena. Eta berdin dio zein alorraz ari garen, pop musikaren mainstream-az, edo connoisseur-en (ados, snoben) kultuzkoaz, bietakoak aurki baitaitezke desagertuen artean. Ez gara ari, bistan da, heriotza goiztiar batek errotik moztutako ibilbideez (horrek beste zimiterio baterako emango luke), baizik eta halako batean erretiratu, desagertu edo bigarren (eta hirugarren, eta laugarren) planora pasatutako musikariei buruz. Zer gertatu zitzaion, adibidez, Murray Headi, 1970eko hamarraldiaren amaieran nonahikoa izan zena bere Say It Ain't So, Joe kantarekin (Roger Daltrey bertsioneatzera iritsi zena)? Edo Cristopher Crossen pop ezti-jarioari, 1980ko hamarraldiaren hasieran irrati guztietan entzuten zena? Edo Damien Rice irlandarrari, zeinaren folk-pop hauskorrak geratzeko etorria zela baitzirudien, O estreinako diskoarekin lortu zuen arrakastaren ostean, 2002an? (azken honetaz, badakit tontakeria galanta dela, beti pentsatu izan dut Damien Jurado bezalako kantari batekin ia batera plazaratu izanak kalte egin ziola: homonimiaren albo-kalteak… eta bietatik Jurado askoz ere musikari sendoagoa izatearenak, noski). Gaurkoan zapuzturiko beste hiru proiekturen diskoak hautatu ditut, aipatu desagerpenaren aurreko supernoba-une horren lekuko. Hau idazten ari naizela ohartzen naiz hirurak direla emakumeenak: ez da, ziurrenik, kasualitate estatistikoa.

ANNA DOMINO

'Anna Domino'
Les Disques Du Crépuscule, 1986.

Anna Domino
Anna Domino

Anna Domino ezagutu genuenean, pop sintetiko-plastikosoak menderatutako 1980ko hamarraldiaren erdialdean, sofistikazioaren erpina iruditu zitzaigun batzuoi: bere musika bilgarri elektroniko batean zetorren, baina haren oinarria, aldi berean, oso organikoa zen. East & West izeneko EP eskuzabalaren ostean, homonimo hau izan zuen bere lehenengo luzea. Kosmopolitismoa zerion alde guztietatik: Domino bera munduan zehar ibilitako guraso intelektualen produktua zen, eta bere musika New Yorkeko eszenan sortu arren, lehen disko hauek Europan grabatu zituen, Les Disques Du Crépuscule zigilu belgiarrean, Manchesterreko Factory Records famatuaren sozio kontinentala hain justu. Everything But The Girl, The Style Council, Prefab Sprout eta Saderen arteko gurutzaketa bat, hor nonbait: koktel bat zeinetan pop elektronikoa, soula, jazz bokala eta swinga nahasten baitziren, horietako ezer izan gabe. Dantzagarria, baina mantsoa, aldi berean. Niri, behintzat, sekulako poza transmititzen zidan, eta oraindik egiten du, Rythm, Summer, Drunk, Chosen Ones eta, batez ere, Not Right Now eta Koo Koo (nire kutunak) entzutean. Dominori ibilbide indartsua baino ezin zitzaion iragarri horrelako lehen album potentearekin. Baina, ondoren, itzalaldia etorri zen: pare bat disko ahul eta, batez ere, gero eta konbentzionalagoak, eta desagerpena, 1990eko hamarraldi britpopero-grunge-an. Egia da Snakefarm proiektua martxan jarri zuela bitartean Michel Délory bere kolaboratzailearekin (eta senarrarekin), folk tradizional estatubatuarreko bertsioak egiteko, eta album pare bat atera zituztela (ez bereziki deigarriak). Baina hori ere desagertzeko beste modu bat da, ezta?

ELASTICA

'Elastica'
Deceptive Records, 1995.

Elastica
Elastica

Eta britpopa aipatu dudala, zer esan mugimendu haren talde (eta disko) definitzaileetako batez? Matxotxoen arteko Oasis vs. Blur lehian bazegoen lekua nagusiki neskez osatutako talde batentzat. Justine Frischmann kantariaren gidaritzapean mugimendu haren albumik gogorrena plazaratu zuena: joera horretako talde gehienak British Invasion-eko soinu sixtie-tatik eta new wavetik elikatzen baziren, 1970eko hamarraldiko jatorrizko punk britainiarra izan zen Elasticaren inspirazio iturri nagusia: bataz beste bi minutuko kantak, bizkorrak, urgenteak, hasierako The Damned edo The Stranglersen soinuen zordun… hainbeste ezen azken hauei aitortu behar izan zieten egiletza-eskubideen parte bat, Waking Up abestiak No More Heroes-ekin zeuzkan antzekotasun susmagarriak zirela medio. Barkatu genien: gustu ona izateagatik ez ezik, misoginiarik gabeko Stranglers batzuk nolakoak izan zitezkeen ere erakutsi zigutelako. Albuma, edonola ere, ez da horretan ahitzen: entzun S.O.F.T., Line Up eta 2:1. Niri, berrentzunaldi honetan, atentzioa eman didate horren zuzenak ez diren kantek, Indian Song ederrak adibidez. Baina, ai, inguruaren presioak (Blairren aroko eite neoliberalak ezarritako lehia-giroa ez zen onena eszena sano baterako, eta une hartan Frischmann Blurreko Damon Albarnen neska-laguna izateak ez zion taldeari mesede egin: musika-prentsaren jazarpena itogarria izan zen), drogek eta Second Comingsindromeak (bigarren albumaren gehiegizko atzerakuntza: The Menaceahulxea ez zen 2000ra arte plazaratu), azpiak jan zizkioten Elasticari, aurki banatu zena. Frischmann mundutik erretiratu zen, hots, Coloradora ospa egin zuen, eta AEBetan dabil oraindik ere, arte eta arkitektura unibertsitate-irakasle, musikaz beste eginda.

DUFFY

'Rockferry'
A&M, 2008

Duffy / 'Rockferry'
Duffy / 'Rockferry'

Badaude disko batzuk familien-auto-bidaien-ohiko-errepikakor kategorian sartzen direnak. Edo zirenak, zeren streaming-ak ordezkatu duenetik ibilgailuan eraman zitekeen diskoen kopuru mugatua, ez dakit halakoek etorkizunik duten. Gure autoan CD kutunetako bat izan zen Duffy kantari galestarraren estreinako hau. Eskubide osoz: pop-soul komertzial errebibalistako monumentu bat da, Amy WinehouserenBack To Black-en parean. Duffyren ekuazioan popa soulari gailentzen zitzaion, eta Burt Bacharach, The Walker Brothers eta Dusty Springfielden zetazko doinuen oihartzunak, sotilki eguneratuak: ez alferrik izan zuen laguntzaile, konposizioan, Suedeko Bernard Butler, besteak beste. Albuma aro jakin bateko poparen pastitxe perfektua da: hasierako laukotea (Rockferry, Warwick Avenue, Serious eta Stepping Stone) gaindiezina da, eta erdialdean pixka bat ahulago portatu arren, Mercy loriatsutik aurrera ez dago aitzakiarik. Duffyk Butler Albert Hammond sr. (bai, The Strokes taldekoaren aita) zaharrunoagatik aldatu zuen bigarren album duin baina ez horren distiratsua osatzeko (Endlessly, 2010), baina ez zen iritsi ekoiztera, espero genuen bezala, gure autorako beste album errekurrente bat: ondoren, isiltasun totala. Duela urte gutxi kontatu zuen: famaren gailurrean zegoela, gizon boteretsu batek drogatu, Erresuma Batutik hegazkinez atera, eta hotel batean eduki zuen bahituta, bortxatzen zuen bitartean; beldurragatik ez du haren inguruko inolako pistarik eman. Diskoen argitarapena, edonola ere, hor amaitu zen Duffyrentzat, oraingoz bederen. Istorio ikaragarria, album hau jartzen dudan bakoitzean, ezinbestean, gogora etortzen zaidana, familiarekin burututako bidaien soinu-bandaren akorduarekin nahastuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.