jokin azpiazu
Lauhazka

Dena salduta dagoenean

2024ko ekainaren 16a
05:15
Entzun

Orrialde hauetan sold out fenomenoaz aritu nintzen behin, eta azkenaldiko zenbait gertakari musikalek —tentatua nago gaztelerako hitza zabarki mailegatu eta akontezimendu deitzeko— horren inguruko debatea sustatu dutelakoan nago. Eztabaiden mediatizazioak hori ere badu, sold out-aren kulturazari gara irrati, egunkari edo taberna-zuloko elkarrizketetan. Errazagoa delako betiere kulturaz hitz egitea ekonomiaz baino. Izan ere, badirudi ekonomiaz hitz egiteko ekonomiaz jakin behar dela, eta hor sartu digute bi aldiz ziria kapitalistek: hasteko, gezurra delako eta jarraitzeko badakigulakoekonomiaz, uste duguna baino gehiago. Aretoa goraino beteta dagoela esatearen kultura hori nondik datorren hausnartzea da kontua; bestela badirudi jendearena dela errua, jendeak nahi duela akontezimendu bat, jendeak behar duela esklusibotasun bat. Eta bai, hala da, baina nola eta noren interesetarako elikatu da behar hori?

Datu gutxi dauzkagu euskal musika industriari buruz, eta are gutxiago musika zirkuituan gertatzen denari buruz. Benetako zirkuituan, ez soilik ofizialean, ez soilik soldatapeko langileen zirkuituan. Badakigu gure musikaren zati oso handia ez dela era profesionalizatuan antolatzen, baina hori datuetan jasotzea oso zaila da, eta agian ez dago horretarako borondate larregirik ere. Muga horiek izan badituzten arren, EAEko Kulturaren Euskal Behatokiak aldiro publikatzen dituen txostenei begiratzea argigarria izan dakiguke. Azken txostenak 2021eko datuak biltzen ditu, eta ziur nago 2023ko datuekin egindakoa publikatzen denean are pista gehiago emango dizkigula.

BBK Live
Jendetza, iaz, Bilboko BBK Live jaialdian. JAVIER ZORRILLA / EFE

Txosten berriaren zain, 2021eko datuek badituzte komentatzeko moduko elementu batzuk. Eutsi diezaiegun musika programatzaileei. Badira programatzaile publikoak (esaterako, kultur etxeak) eta badira pribatuak (esaterako, kontzertu promotorak). Lehengoak beherantz doaz (%7, 2019ko datuekin alderatuz), bigarrenak gora (%10). Berdintsu gertatzen da haien irabaziekin, publikoek irabazi gutxiago (balantze negatiboa) eta pribatuek gehiago (2021eko balantzean, 1,3 milioi euro irabazietan). Txostenak 80-20 araua erabiltzen du kontzentrazioa neurtzeko, hau da, sektore batean dauden agente indartsuenen %20k sektore osoko irabazien zenbat kontzentratzen duten aztertzen du. Musika sustatzaile pribatuen kasuan zenbaki hori %88,4koa da. Alegia, promotore indartsuenen gutxiengoak sortzen ditu irabazien ia %90. Kontzentratzen duten ekitaldi kopurua ez da irabaziena bezain handia, baina, hala ere, promotore pribatuek antolatzen dituzten kontzertuen %70 inguru enpresa handienen esku daude (datu hau ere gorantz doa, 2019ko %53arekin alderatuz gero). Hona kontrasterako beste datu bat: 2019tik 2021era promotore handiek duten kontzertu kopuruaren gaztaren zatia handitu arren, kontratatutako langileen kopurua murriztu zuten. Ez da zaila hor patroi bat dagoela ikustea; ekonomiaz uste genuena baino gehiago dakigu agian.

Gora eta beheren jolasarekin jarraituz: behera doa kontzertu-aretoen kopurua eta gora ematen zaizkien diru-laguntzen kopurua, baina hor ñabardura bat egin beharko da pandemia osteko laguntza bereziekin, ez direlako ziur aski errepikatuko. Promotore pribatuei emandako diru laguntza publikoen kopurua ere gora doa, baina horrek beste ohartxo bat behar du: kontzertu antolatzaileei ematen zaizkien laguntza gehienak ez dira diruzkoak, azpiegiturazkoak baizik, lekuak lagatzea edo garraio publikoan erraztasunak ematea, esaterako.

«Gauzak egiteko modu jakin bat dagoela erakusten dute datuek, txarra dena musikarientzat, are okerragoa bestelako langileentzat, baina ona enpresarientzat».

Datu eguneratuago bat. Behatokiaren arabera, 2024ko lehen lauhilekoan, kontzertuen sarreren batezbesteko prezioa 14,5 euro zen. Mediana, berriz, 12 euro. Zer den mediana bat? Medianak esan nahi du sarreren %50k 12 euro edo gehiago balio dituztela, eta beste erdiak 12 edo gutxiago. Alegia, erdiko balioa da. Oinarrizko estatistikak hala dio: mediana batezbestekoa baino baxuagoa denean, esan daiteke balio altuen presentzia dagoela. Alegia, kontzertuen erdia 12 eurokoak edo merkeagoak izan arren, bereziki garesti diren kontzertuek batezbestekoa igotzen dutela. Agian estatistikaz ere uste zenuena baino gehiago dakigu.

Honaino datuak, ez dut-eta irakurlea aspertu nahi. Artikuluen lehen eta azken paragrafoa irakurtzen duten irakurleentzat, hemen sintesia: EAEn, musika kontzertuak antolatzen dituzten eragile publiko gutxiago dago eta pribatu gehiago, baita kontzentrazio oso handia ere; hots, diru gehien irabazten dutenak ez dira asko eta ez dituzte langile asko kontratatuta (azpikontratatuak ziur baietz, noski). Emaitza? Oso errentagarriak diren kontzentrazio altuko kontzertuak, zeinetan denbora gutxian diru asko lortu daitekeen jende asko bilduta eta azpiegitura publikoak probestuz. Gauzak egiteko modu jakin bat dagoela erakusten dute datuek, txarra dena musikarientzat, are okerragoa bestelako langileentzat, baina ona enpresarientzat. Hortik dator ebentismoaren kultura, hortik sold out bezalako marketing estrategiak. Has gaitezen horretaz hitz egiten, eta gero, nahi baduzue, arrakasta zer den eztabaidatu dezakegu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.