begona del teso
Eppur si muove

Deabruak kulparik ez duenean

2024ko irailaren 6a
05:00
Entzun

Jakina. Asko. Dudarik ez izan. Animadeba festibalaz idatzi beharko genuke orrialde honetan. Baita besteetan ere. Egunotan Euskal Herri osoan gertatzen ari den zinemaren inguruko gertaera izugarriena baita. Nazioarteko animazio jaialdia. Cannesen, zinema eskoletako pelikulak besarkatzen dituen La Cinef saila irabazi zuen Mansi Maheshwariren Bunnyhood, Euskal Herriko mirari animatu tradizionala den La gran cita de conej edo tipografiaz joko eder eta maltzurra burutu duen Elena Ottaviren Racist Journal bezalako piezek hasiera eman zioten asteartean. Gaur, berriz, euskaraz den Power Up telesailarekin ekin diote goizari Deban. Badakizue proposamen honen nondik norakoa: nerabe batek arkadiar makina baten botereak lortzen ditu, bere eguneroko desafioak gainditzeko trebetasuna garatuz… Bai Power Up, Animadebak kasu handia egiten baitie bideojokoei. Arratsaldean berriz, Igor Prasell Esloveniako Animateka jaialdiko zuzendariak Europa ekialdeko eta erdialdeko animazioaren isla diren hainbat film aurkeztuko dizkigu.

Bai, mintzatu beharko ginateke Animadebaz, multibertso guztirako erreferente bilakatuko baita laster. Oraindik nerabea da, eskarmentu handiko nerabea, 17 urte dituena…

Bai, egia, egin beharko genuke berba Debako Agirre jauregian, Debako Kutxa zurian eta Debako liburutegian ikusgai, dastagai diren filmez. Esan beharko genieke Iparraldeko gure lagunei bertan abenduan estreinatuko den Jean-François Laguioniren Slocum et moi filma asteazkenean ikusi genuela Debako zumardian. Ez pentsa emanaldi hori ohikoetako bat izan zenik. Oso gutxitan eta tentu handiz proiektatu izan da melankoliaz zamaturiko pelikula garden hau: Cannesen, Annecyn, Locarnon baino ez. Eta Euskal Herrira iritsitako masterra segurtasun neurri ikaragarriek babestua ekarri dute; altxorra balitz bezala gordeta. Altxorra baita.

Bai, mintzatu beharko genuke bihar bukatzen den zinemaldi honetaz, non industriari ere egiten zaion kasu.

Beste kontu bat jorratu nahi dut, baina, lerrootan, jatorrizko izenburuak bai gaztelaniara bai frantsesera egokitzen dituzten horien imajinazio eta atrebimendu faltarena, alegia.

Aspaldikoa da ajea. Aspaldi-aspaldikoa. Pelikula mordo batek badituzte izenburu zeharo trukagarriak: Sin salida, Sin escape, Sin solución, Huida final, Última fuga. Beste batzuk egokitzapen arraroak dira. Pilo batek haientzako propio eta berezkoa izan zitekeen ikuslearen atentzioa desbideratzen dute. Jartzen dioten tituluari erreparatuz gero, Resacón en Las Vegas (The Hangover) haren hamabosgarren kopia txarraren aurrean zaudela sinetsiko duzu zinez. Jakin gabe igual, akaso, agian, trakets asmaturiko titulu horren atzean film metafisiko bat dagoenik. Beste kasuetan zera dirudi, itzultzaile/egokitzaileek ez dutela inolako konfiantzarik ikusleen bizkortasunean. Esaterako, bada parekorik ez duen The Bikeriders izenburuko pelikula bat, hemen komentatutakoa, hemen miretsia, Jeff Nicholsena. Egun, hamaika filmen izenak aretoetara jatorrizko ingelesez iristen badira ere, badirudi kasu honetan banatzaileak ez direla fio gure hizkuntzen ezaguerarekin eta gaztelaniaz La ley del asfalto jarri diote azpititulu. Ba-da-ez-pa-da-ere. Hala eta guztiz, eskerrak eman behar. Izan ere, Latinoamerikan estreinatu dutenek are susmaberago jo dute eta EL club de los vándalos izendatu.

«Ez dute bakarrik txarto moldatzen; halako iritzi moral antzeko bat ere ezartzen diote, askotan ikusleak zer pentsatu eta nola begiratu behar duen bideratu nahi arraro eta deseroso bat erabiliz»

Hortxe beste kontu bat, ez dute bakarrik txarto moldatzen; halako iritzi moral antzeko bat ere ezartzen diote, askotan ikusleak zer pentsatu eta nola begiratu behar duen bideratu nahi arraro eta deseroso bat erabiliz. Etsenplurik garbienetakoa suertatu zen David Fincherren Gone Girl thriller sorgingarriarekin. Jatorrizko izenak zera adierazten du, behin batean neska bat joan zela, alde egin zuela. Gaztelaniaz, ordea, Perdida itzuli zuten. Zergatik? Joateak ez du esan nahi, inola ere, galdu zarenik, ezta? Baina, klaro, senarra da emaztearen desagerpena salatzen duena eta denek pentsatzen dute hark akabatu duela. Denok pentsatu behar omen dugu hori. Pelikula ikusi aurretik ere.

Egun, nahiz eta bertan parte hartzen duten guztiek beldurraz eta terrorezko zinemaz dena jakin, ezer gutxi balio duen pelikularekin egin dutenak asaldatu nau. Afraid filma AAren inguruko izu narrazioa da. Izan ere, tipografikoki ere jolas egin dute Estatu Batuetan, «A» eta «I» (Artificial Inteligence, hots) hizkiekin, tipografiarekin biak nabarmenduz. Ba, Hegoaldean Diabólica (Deabruzkoa) jarri diote izena.

Badakit Deabrua gauza dela gizakiok asmatzen dugun guztia bere egiteko, bere probetxurako zuhur gobernatzeko, badakit deabrua ederki egokitzen dela garai guztietara; horrexegatik, gaurko demonioak ez dira Errementari-n agertzen zirenak. Alabaina, zuk Diabólica leitzen baduzu, akerraren larrea etortzen zaizu burura. Edo Clouzoten Les diaboliques-en emakume bi horien trikimailuak. Ala Joan Crawford eta Bette Davis elkar gorrotatzen Baby Jane-n.  Afraid-en, aldiz, ez dago horrelakorik. Afraid-en laguntzaile birtual-digital batek dakar ikara etxera. Baina pelikula banatzaileei, bost. Arrazoi duzue, Animadebaz gehiago hitz egin behar izango genukeen lerrootan. Hobe.

'Afraid' filmeko fotograma bat.
'Afraid' filma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.