Maiz, sarri, etengabe gizakiok erabiltzen ditugun hitzak eta esamoldeak mingarriak dira beste bizidunekiko; nagusikeriak, harrokeriak eta ezjakintasunak eraginiko hizkera da. Gizonezko talde batek emakume bati eraso basa egiten dionean otso-taldea deitzen diegu piztia horiei, errealitateari uko eginez, otsoek badutelako kabroi haiek ez duten ohore-kode bat. Putre-funtsak izendatzen ditugu gure etxeak preziorik onenetan (beraientzat, jakina asko) erosten/ostutzen/bereganatzen dituzten gaizkile-aglomerazioak. Erreparatu gabe hegazti eder horien arteko hierarkia eredutzat hartu beharko genukeela gure asanbladetan; erreparatu barik beraiek direla, sarraskijale guztiak nola, ezinbestekoak bizitzak (herioaz probestuz) aurrera egin dezan.
Usatu gara ere sinisten Deabrua izango dela beti Gaitzaren eragilea; are gehiago, Bera (maiuskulaz) da Gaizkia.
Sineskeria horiek guztiak direla, eskerrak, eskerrik beroenak, eman diezazkiogun Donostiako Elias Querejeta Zine Eskolan ikasi eta Pasai San Pedron bizi den Ernesto Martinez Bucio mexikarrari. Izan ere, Berlinen Perspectives saileko saria lortu zuen bere El Diablo fuma (y guarda las cabezas de los cerillos en la misma caja) filmarekin ederki asko baieztatu du askotan Deabrua dela esperantza bakarra eta Berarekin (maiuskulaz) sinatu ahal ditugun tratuak errazak direla betetzen, gure etxeak malamentean bereganatzen dituzten horiekin sinatzen ditugunak baino askozaz arinagoak. Gizalegez jokatzen baitu Demonioak.
Pelikula alai tristatu honetan, bost neskato-mutiko ditugu protagonista. Sekula ez dugu jakingo gurasoak non dauden, nora diren joanak. Baina ez daude. Amonarekin bizi dira gazte-gaztetxoak. Han-hemengo sinopsiei kasu eginez gero, amona ez dago oso sano burutik. Eskerrak horri ere, bizirik irauteko duen filosofia garden/gordina ez bailitzateke horren deuseztatzeko zaila gizarte arautuak sanu eta egokitzat jotzen duen burua izango balu.
«Pelikula askotan gertatu ohi den bezala, ['El Diablo fuma'-n ere] oinak lurrean dituzten horiek intentzio onez (hain arriskutsuak diren intentzio on horiekin, alegia) nahi dituzte haurrak salbatu eta babestu, bizirik irauteko sortu duten koalizioari erreparatu barik. Betikotz hautsiko dutela antzeman barik»
Odei Zabaleta argazki zuzendari eta Michel Gaztambide gidoi zoragarriaren zaindari dituen pelikula honetan, txikitxo horietako batek, kandela pizturik, egiten dio erregu eta errezo Deabruari, alde batetik, gurekin, gure artean dagoela adierazi dezan. Bestaldetik gurasoak etxera buelta daitezen. Zeren truke? Haurraren arima nahi ote du Beheko Jaunak? Ezta pentsatu ere, hori aspaldi zaharreko atso hitzak dira. Seguru Deabrua mutikoaren eskaintzarekin kontent dagoela, aski duela: bere zapatila berri-berriak emango dizkio truke, bai horixe.
Zer egingo du ba Demonioak zapatila pare batekin? Ez al ditu akerraren apatxak? Horiek ere aspaldiko kondairen esamesak dira. Gaur Deabrua elegante-elegante dabil Azpiko Munduaren eta gurearen arteko bere joan-etorrietan. Nahitaezkoak ditu, alajaina, zapata gaur egungoak…
Berlinaleko agertokian, Ernestok haurren maitasunaren eta edertasunaren alde egin zuen berba. Eskertzekoa hori ere. Bazterretan bizi da, zorioneko eta kasik zoriontsu, gizarte zintzoak (gizarte zerbitzuen funtzionarioek, alegia) desegituratu eta disfuntzionaltzat jotzen duen familia hori. Bazterrak ez ditu maite Erdialdeko eguzki sanu eta erosopean dagoen gizarteak. Pelikula askotan gertatu ohi den bezala, oinak lurrean dituzten horiek intentzio onez (hain arriskutsuak diren intentzio on horiekin, alegia) nahi dituzte haurrak salbatu eta babestu, bizirik irauteko sortu duten koalizioari erreparatu barik. Betikotz hautsiko dutela antzeman barik.
Estua, hertsia, iluna ere bada egileak kamerari uzten dion espazioa. Kamerak badaki, alta, airos, amoros eta aise ibiltzen bertan. Ernestok, Odei Zabaletak eta Karen Platak buruturiko muntaketak josten ditu amoros bezain min lehorrez egunerokoak eginiko zuloak.
Ipuinak beti dira gazi-gozoak eta mikatzarekin egiten du bertan talka eztitsua denak. Sutera botako dituzte amonak eta haurrek gehien maite dituzten gauzak, marrazkiak, desirak, salbazioaren esperoan. Seinalea eskatuko dio haurrak Deabruari. Bidaliko bueltan? Ez dizuet esango. Zuen etxe ondoko areto ez hain korrienteetan estreinatu arte gera zaitezte dudatan.
Ahaztu barik otsoek, putreek eta erretzen duen Demonioak badutela ohore-kode propio eta berezkoa, onkeria melengak harrapaturiko gizaki askok, jainko modernoetan sinisten duten jainkojale ateo frankok ezagutzen ez dutena. Nola ulertuko, ba, erretzeari ere eta Deabruari otoi egiteari ere utzi badiote?
