Herbeheretarrek Laurogei Urteko Guda (1568-1648) deitzen diote Espainako legetik askatzeko egin zuten bide luze latzari. Oraindik ospatzen dute espainiar harroxkoak gainetik kendu izana. 80 urte: zortzi zenbakiak borobiltasuna adierazten du. Infinitua edota gurpil zoroaren ikurra ere bada, besteak beste. Maiz, bere isatsari hozka egiten dion suge baten bidez irudikatzen da. Hein batean, halaxe gertatu zen: zenbat eta ankerrago jokatu espainiarrek, hainbat eta ugariagoak etsaiak. Eta herriak, zenbat eta gutxiago izan galtzeko, hainbat eta irmoago erantzun. Era berean, nederlandarrei amaigabeak egingo zitzaizkien laurogei urte haiek...
Tirabirak lehendik zetozen. Ezagun denez, espainiarrek inoiz ez dute izan bestelako sinesmenak edo pentsaerak aintzat hartzeko joera. Felipe II.ak, adibidez, Inkisizioa erabilia zuen Herbehereetan gerra piztu orduko, protestanteak gero eta gehiago zirelako. Ez da ahaztu behar protestantismoaren oinarrian Eliza Katolikoaren ustelkeria eta hierarkia salatzeko herritarren nahia zegoela. Bestalde, nederlandar buruzagi talde batek eskaera bat egina zion Espainiako Erregeari, autonomia handiagoa eta erlijio-askatasuna eskuratzeko asmoz. Hartan, espainiarren aldeko politikari batek haiek «eskaleak» baino ez zirela esan omen zuen, erdeinuz. Matxinoek hitz berori bere egin eta handik aurrera independentziaren aldekoek Geuzen—«eskeko»— esan zioten beren buruari.
Espainiar militarren artean, Albako Dukea —Burdinazko Dukea goitizenez—, gailendu zen bere doilorkeriagatik. Dukeak behin eta berriro hautsi zituen orduko markak bortizkeriaren alorrean. Herrietako biztanle guzti-guztiak zigortu eta hil ohi zituen, gupida gabe. Hain zen arbuiagarria Albako Dukea, non jendeak Aita gurea haren neurrira egokitu baitzuen:
Deabru gurea/ Bruselan zaudena/
madarikatu izan bedi/ zure izen gorrotagarria/
urrutira bedi zure erreinua/ etor bedi zure hondamena
ez bedi egin zure nahia/ ez lurrean ez zeruan sekula/
ogia kentzen diguzu egunoro/ gose dira herritar oro/
ez baitzara inoren erruki/ guk ez dizugu begirunerik/
eramanen gaituzu tentaldira/ zure sumina jasaten dugun artean/
Jainkoa otoi begira gaitzazu/ deabru horren gaiztakeriatik
baita haren Batzorde/ odolzale gezurtitik
eta bidal itzazu espainiar gerlariak/ Satanen eskura infernura.
Amen.
Otoitzean aipatzen den Batzordea Espainiako Erregeak ezarritako auzitegi berezi bat izan zen. Herriaren ahotan: Blutrad (Odol Batzarra), besterik gabe; espainiar historian, aldiz, Tribunal de los Tumultos (Iskanbiletako Auzitegia). Epaile haiek milatik gora lagun kondenatu eta hilarazi zituzten.
Espainiar soldaduen harrapakeriak eta gehiegikeriak ere izugarriak izaten ziren. Horren lekuko, Antwerpen 1776an izandako sarraski gorria, zeinari bertakoek Spaanse Furie (Furia espainiarra) izena eman zioten, antzinateko mendekuaren jainkosak gogora ekarririk. Dena den, Antwerp hiriaren suntsitzeak eta biztanleen herenaren hiltzeak, are eta gaitzespen bateratuagoak ekarri zizkien espaniarrei, baita katolikoen aldetik ere.
1581. urterako, berriz, Ipar Herbehereetako zazpi eskualdeek independentzia aldarrikatzea lortu zuten, herrialdea errepublika bihurtu zelarik Orangeko Gillermoren gidaritzapean. Espainiako Erregeak berehala eskaini zuen dirutza Guillermo hiltzearren. Hala, Juan de Jauregui bilbotar katoliko fededun sutsuak —atentatuaren egunean Arantzatzu eta Begoñako amaren kuttunak aldean zeramatzan!— Orangeko Guillermori hurbildu eta tiro egin zion gertu-gertutik. Holandarra, alabaina, bizirik irten zen. Azkenik, handik bi urtera, beste katoliko peto batek eman zion heriotza Orangeko Guillermo gaurko estatuaren aitzindariari.
Edonola ere, espainiarren mendekotasunetik askatzeko ahaleginek aurrera egin zuten, helburua bete arte. Herbeheretarrek mirespen handia sortu zuten horrexegatik, garaikide nahiz ondorengoengan. Friedrich Schiller idazleak, esaterako, historia-liburu bikain bat argitaratu zuen 1788an gatazka hari buruz. Schillerren ustez, nederlandarrak ez ziren batere ekintza heroikoetara emanak; aitzitik, berez bakezaleak ziren. Baina ezohiko gaitasuna garatu zuten tirania garaitu ahal izateko, hain zuzen, beren eskubide preziatuenengatik ari zirelako. Schillerek gai hura testuinguru duen drama arrakastatsu bat ere idatzi zuen: Don Karlos. Oztopoak egon ziren antzerki-lan askatasunzalea gaztelerara itzultzeko, eta Espainian bazterrarazia izan zen, luzaro.
Izan ere, munduan zehar zabalduriko Elezahar Beltza garai horri zor zaio. Geroztik, ordea, Espainia indarkeria urrutira eramateko ahalmenik gabe geratu eta europar periferian kokatuz joan da. Hau da, kanpoan lasaialdia hartu duten bitartean, barruan tinko eutsi dio Elezahar beltzaren eraginak. Portugal garaiz libratu zen arren, beste guztiok oraino nozitzen dugu-eta.
LAUHAZKA
Deabru gurea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu