Kaleratu orduko leitu nuen Mari Luz Estebanen Andrezaharrarren manifestua poesia liburua, 2019an. Gaztetasuna goraipatzen den gizartean, zahar bezala aurkeztu zuen bere burua, za-ha-rra. «Eta beti-bezala nagoela dioenari erantzungo diot ezetz, ez naizela honaino heldu beti-bezala irauteko». Badugu arazorik zahar eta gazte kontzeptuekin, edo adinarekin orokorrean, uxatu beharreko likiskeria baitirudi askotan zahartasunak. Eta aldendu beharrekoen artean arazotsuena heriotza genuke. Balbeari deika gabiltzala dirudi aipatze hutsaz. Bere denboraren amaieraren gertutasunaz jakitun, heriotza duinaz mintzo zen besteak beste Esteban, ondo bizitzearenaz gain ondo hiltzearen ideia «sortuz eta landatuz». Gerta dakiokeen izugarriena ez baita, bere hitzetan, hiltzea, bizi bitartean inguruarekiko ernetasuna galtzea baizik. Eta bitartean, «iragankorrenari adi» jarraituko du, «denbora osatzen duten une ñimiñoak aintzakotzat hartuz».
Iritsi zen 2020ko itxialdia, eta bakarrik hil zen jende asko. Agintaritzetatik ordenatu zen zer zen funtsezko eta zer ez, eta baita hurbileko bat agurtzea kategoria horretan sartzen zenetz ere. Onintza Enbeitak, egunkari honetan urtarrilean egin zioten elkarrizketan —Izurritea saiakera zela eta—, adinekoei emandako tratua kritikatu zuen: «Haiei galdetu gabe belaunaldi oso bat etxean eta zahar etxeetan sartu eta abandonatu ditugu, kalera ateratzeko aukerarik gabe, bisitak jasotzeko aukerarik gabe... Belaunaldi horri ez diogu galdetu benetan nola bizi duen egoera, eta zer egin nahi duen. 90 urteko bati igual ez zaio batere interesatzen bizitzeko geratzen zaiona eguzkia ikusi gabe pasatzea».
Etsi-etsian hartutako neurritzat hartu nuen itxialdia, ospitaleak gainezka zeudela eta. Onartu egin nuen. Horren ondoren osasun arreta publikoa indartu ordez ahultzeak sortutako dezepzioak eraginda —ez alzirudien indartzeak koherenteena?—, gaiari buruz neure kontura jakiten saiatu naiz, mediku, historialari eta beste ikerlari batzuek esandakoak irakurriz, eta denetik topatu dut: itxialdi eta neurri mota ezberdinen eraginen aldeko eta kontrako argudioak. Nik ez dut horren inguruan hemen iritzirik emateko behar bezalako irizpiderik, baina bizi izan genuen egoerako sentimenduei erreparatuta, uler dezaket bai birusarekin kutsatzearen edo hura zabaltzearen beldur dena, eta baita bakarrik egon nahi ez duena ere, edo beste norbait bakarrik utzi nahi ez duena ere. Konpainiak eta despedidak izan dezaketen garrantzia ezin da grafikoetan neurtu eta konparatu, eta ez da formula matematiko eta algoritmoetan kabitzen, baina geure bizitzetan ondorio oso errealak ditu, ez erraz gutxiesteko modukoak. Plazera, mina, afektuak, justizia eta abar ere ezin dira zenbakietara itzuli. Datuetan oinarrituta hartu ziren bizitzaren aldeko neurriak omen zirenak, baina esango nuke bizitza ez dela soilik biziraupena, eta osasuna ere ez dela soilik gaixotasunik eza.
Azken urteetan bizi izandako batzuk pentsaezinak irudituko zitzaizkigun lehenago. Onargarria eta normala denaren muga gero eta urrunago dago, eta bizi izandako aurrekariek adieraz dezakete zer etor daitekeen aurrerago. Byung-Chul Han pentsalariak, iaz kaleratutako Infokratie. Digitalisierung und die Krise der Demokratie (Infokrazia. Digitalizazioa eta demokraziaren krisia) saiakeran, informazioaren erregimena deitzen dionari buruz dihardu. Bertan aipatzen du, besteak beste, dataismoaren perspektibatik begiratuta, demokraziak existitzeari utziko liokeela etorkizun hurbil batean, eta datuek adieraziko luketela zer den guztion interesekoa. Hala dio: «Politika ordezkatuko du datuetan oinarritutako sistemen kudeaketak. Adimen artifiziala eta big data erabiliz hartuko dira gizartearentzako erabaki garrantzitsuak». Politikaren ordez, planifikazioa, kontrola eta baldintzapena izango genituzke, eta norbanakoek beren bizitzaren eta iritzien jabe izan nahi izateak atzean utzitako garai bateko ametsa lirudike.
Poesia liburu batekin hasi naiz, eta beste batekin amaitzera noa. Argitaratu orduko leitu baitut aurten Jose Luis Otamendiren Landura, eta nabariak dira bertan azken urteetako zartakoak. Garbi erakusten du hori kontrazalean jarritako Beste aldi bat poesiak berak. Hemen esandako batzuekin lotu ditzaket Agur moduak-en esandako hainbat gauza ere. Hona lagin bat: «hiru pertsonari egin diet lagun hil aginean/ eta bakarra erditu da alboan ninduela/ datu hauek ordea kukuturik behar dute/ demografoen estatistika tauletan». Agian, irekita utzitako interpretazioan sartu zaizkit nire pentsamendu eta kezkak, eta neure eremura eraman ditut bere hitzak, baina dataismoa irudikatzen dut poesia berean hau ere irakurtzen diodanean: «uste dut orain artean gurtu ez dugun/ zera basa bat ari dela hazten nonbait/ eta ez da ezer pertsonala baina/ berriro inoiz hain humano izaten/ ikasiko dugun edo ez/ jakin nahi dudan ere ez dakit jada».
LAUHAZKA
Datuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu