Orain, beha ezazu: munduan beste askok bezala, eman ditut urteak urrutiranzko bideak xerkatuz. Urrutiko bideak xerkatuz eman ditut urteak. Bada tokirik mundu zabalean, diote. Baina bada aldiro zapaldu gabe utzi dudan hurbileko xenda anitz. Baina bada hurbileko xenda bat aldiro zapaldu gabe utzi dudana. Egun batez erabaki dut xenda horretan barneratu eta nora daraman ikustea. Etxe ondoko bidexka bat izanik, lotsagarri samar egin zait horren ahaztu izana. Toki jakinetatik toki jakinetara dauden bideak hobetu eta berritu behar direla aditzen baitut hor barna behin eta berriz, eta, azkenerako, asfaltutik urrundu eta harritzeko aukera hartu dut halako batean.
Honatx ba mapa txiki bat, gozatzeko. Neure gisako musikari sasijakintsu bat bazara, erabilgarri izanen zaizu akaso. Pertsona normala izateko desgrazia izan baduzu,ebidentziaz beteriko lerroak datoz, eta uzten ahal diozu hementxe denbora galtzeari. Baina, behintzat, neure herenegungo ni-ak eskertzeko moduko mapatxo bat izan dadila. Berandu eta, hala ere, aurretik.
Goi mailako ibiltaritza ikasketak burutu omen ditut hiriko goi mailako ibiltarien eskolan. Hori hamarkadetako kontua da. Eta zenbat aldiz aipatu didate dantza-jauziak izeneko zidor bat bazela? Horixe ba, zero unitate.
Eta, tira, begien bistan da bide hori, nahi izanez gero. Haurrak garelarik, Andoni gorputz heziketako irakasleak Oskorriren Zazpi jauziak dantzatzen irakatsi digu, ahal bezala. Eta Toño 5. mailako tutoreak txistuz eman du Zuhatzako kanpaldian dantza gaitezen. Beranduago, Luzaiden eta Senperen eta Maulen eta Gotainen ikusi ditugu jauziak. Hurbilago San Nikolas plazako karrika-dantzan. Baina izena baduenik ere jabetu gabe.
Jar nadin bidea azaltzera. Etxe ondoko bidexka hartu eta berehala lehen mugarrira iritsi naiz. Dantza jauziak jotzen hasteko, lehena dantzan guti-goiti-beheiti ikastea da. Migel Angel Sagasetaren idatzizko azalpenekin aski izan ez... oinarriak ahoz eta mugimenduak begietara emango dizkidan jakintsu bat topatu dut bertan. Maisuen pazientziaz, norabideak, ixteak, pisuaren nondik norakoak eta esekiduraren garrantzia oparitu dizkit ordu gutxi batzuk erabiliz. Hortik aurrera, begiratzeak eta praktikak lagundu dit zerbait.
Horretarako, grabazio kanonikoen mugarrira egin dut aurrera. Aiko Taldearen Urraska disko-liburua bide lagun gozoa izan dut. Berehala, Beñat Galtxetabururen grabazio mitikoak. Bai eta Mixel Etxekoparren Xiberoko dantza jauziak aditzeak.
Zorionez, bizirik den bidea da, eta aldapan gora langa bat aurkitu dut. Langa igarota, praktika horretan eskarmentua dutenen mugarria dago. Musikari gisa ari naiz ibilalditxoa osatzen, baina hemen topatuko dudanak lehen mugarriko irakaspena berretsi du: eskarmentu hori soinugileek eta dantzariek konpartitua da. Bien artean sortzen baitute erritu eder hori. Nor edo nork aipatu du Maurizio Elizalderen grabazioen kontura, nola Herri Gogoarentzat erregistraturiko bi aleek (Baztango Dantzak 1 eta Baztango Dantzak 2) ez duten plazako goxotasuna eta tempoa fidelki erakusten. Dantzarako musika da, eta dantzariak falta direlarik, beste manera batean emanak dira.
Antton Lukuren Libertitzeaz liburuaren kopia bat bada hor, eta musikaren zein musikarien gainekoak azpimarratuak ditu. «David Arriola saxofoi jo egile garaztarrak dio jauzietan swing bat sentitzen dela eta inprobisatzeko enbeia ematen duela». Hara. Bat-batean, ene hizkuntzan ari zait, eta dantzak duen esekiduraren itzulpena egin dit ulergarri zaidan terminoetan. Eta orrialdeari buelta emanik: «Orroaz ari dira bolantak geroz eta gehiago lauetan erdizka entzutean. Beti iruditu zait beste zerbait eskatzen diotela eta bon laborategi edo xantier hau irekirik, uzten dut esperantza atxikiz musikari batek irakurriko nauela».
Bidea zabaltzen da haranera bidean. Plazako dantzan, grabazioetan, partizio liburuetan, pauso segida bakoitzean heldu zaigun jolas horrek guztiak bere baitan jolas baten arauak biltzen ditu. Eta inozoa ni, horretaz konturatu ez. Dantza hauek horrela dira, eta doinu eta luzera bitxiak dituzte, esan diot neure buruari bidearen lehen zatian. Baina bidearenzati honetara iritsirik: konposizio sistema oso bat du honek guztiak ekartzen.Eta dantzarako bide ematen duenkonposizio sistema bat, gure-tzat hartzen dudana... Zer esango dut, ez da egunero begien aurrean egon eta topatzen dudan zerbait.
Behera, ibaiaren aldera egiten du bideak berehala. Konposizio sistema ulertu eta aztertzeak usadiozko doinuen gozatzeko balio dit lehenik eta behin, doinu horiek jotzen nahiz dantzatzen ari naizelarik. Eta irekirik den xantier horretara joaten zait gogoa tarteka. Zer da eskatzen dioten beste zerbait hori? «Ondotik erritmoa aski du eta aldaketentzako lekua uzten du». Erantzuna hor bertan zen. Konposizio sistema hori, bere sintaxia errespetatuz gero, amaiezina dateke. Are gehiago, inprobisazioaren bideak parez pare irekiak ditu. Horregatik, ibaiaren ertzean eserita, ibiltarien eskolan dantza jauzien kontua aipatu didaten zero unitateez oroitu naiz. Eta, ondoren, ibaiak xuxurlatu dit ez ote duten lengoaiaren jabe ziren jauzi soinugileek betiere inprobisatu. Bistan denez.
Etxera bueltako bidean, garai diferenteetan jantzi ezberdinez beztitu eta erabili direla darabilt buruan. Ez du espektakularitatearen beharrik batere, bere sakratutasuna sinpletasunean baitu. Ez du berrikuntzaren beharrik batere. Baina eragingarria den tresna ororen gisa, herdoilik lotu ez dakion, erabilera behar du. Eta hori bai, gure eskuetan eta oinetan da.
LAUHAZKA
Dantza jauzien kartografia bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu