Literatura. Hirudia

Dakiguntxoa

2013ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Literatura ez da zientzia zehatza, hizkuntza ez den ber. Letretako eta zientzietako kulturak oraintsura arte aurrez aurre paratu dizkigute, elkarren aurkako balira bezala. Eta barneratu egin dugu topikoa. Lagunak esan diezazuke gauzak metaforekin ez esateko mesedez («poesia erabiliz», esan zidan harako adiskide hark), eta berdin unibertsitateko katedradun batek esango dizu halako lanpostutarako zientzietako bat aukeratu duela atalari beste ikuspegi bat emateko. Halako dardarizo bat eragiten didate aipamen horiek guztiek.

Orduan, liburu bat irakurri, eta botako dizute: «Utzi hitzontzikeriak, eta esan, ea, ona ala txarra da?». Jaurtigaiaren parabolaren ibilaldi zehatza behar bagenu bezala. Jose Saramago-ren O Ano da Morte de Ricardo Reis eleberrian bezala, Marcendak galdetzen dionean Ricardori ea gustatu zaion antzezlan bat. Poetak errealitateari buruz luze jardun ondoan, neskak, azkenean, galdetzen dio: «Ederki, baina gustatu zaizu, bai ala ez?». Irrigarria da sinpletasun-eskari hori, baina era berean irrigarri da liburuei buruzko jardun ustez jantzi batzuen estetizismoa.

Ez dut inondik esan nahi kritikaren emaitza beti elkorra denik, baina, era berean, ezin ukatuzkoa da ez dela zientzia zehatza, zientzia dialektikoa baizik, diskurtso bat garatu behar baitu ikergai duen objektuaren (liburuaren) gainean. Horretarako zenbait tresna ditu, zenbait ikuspegi: marxista, lakandarra, freudtarra, postkolonialista, estrukturalista, kultura-ikasketena, genero-ikasketena… Ikuspegi horiek diskurtsoa eraikitzen laguntzen dute, eta, beharbada, liburuaren irakurle arruntaren ikusmira zabaltzen, baina ez dira objektiboak, ikuspegiak berak ere lerrokaturik baitaude.

Azken batean, zergatik eskatzen diogu iritzia baten bati, esate baterako, auto berria erosterakoan? Hura fidatzekoa delako, aditua. Hitz potoloa, aditua. Aditu horrek badaki zer automobil-aukera dagoen merkatuan, badaki zer ezaugarri duen bakoitzak, aldizkari-webguneetan zer esaten duten… Eta literaturak zer dela-eta izan behar du bestelakoa? Zer dela-eta ematen diogu literaturari balio erantsirik?

Halako batean, bada, baten batek erabakitzen du aditua izan zaitezkeela literaturaren zer honetan, eta txoko honetan idaztea proposatzen dizu. Orduan, pentsatzen duzu: «Tira, bazakiat zer aukera dauden merkatuan, denak probatu ez arren; han-hemen esaten direnen berri badiat; klasikoez ere zerbait esateko moduan nagok». Gutxi-asko, herrian autoei buruz gomendioak ematen dizkizun horren antzera. Literatura zientzia zehatz ez izateak lasaitzen zaitu; emaitza biribilik eman behar ez izateak ere bai.

Hala ere, zuk ere badituzu zure adituak literaturaren zer honetan, eta haiengana jotzen duzu iritzi eske. Autoritatea gauza handia baita; ez inork izendatutako edo inbestituriko autoritatea, ezpada urteen poderioz irabazia. Jo dezagun autoritate horri liburu bat edo ipuin bat gomendatzen diozula, zure aditu izate berriak akuilaturik, eta hark atsegin izan ez duela, edo, bestela, demagun hark oso gogoko izandako liburu bat zuri erdipurdikoa iruditu zaizula. Orduan, «mihiak zorrozten» hasten zarete, dialektikan murgildu, eta ia guztietan konturatzen zara ahulgune eta indargune berak antzeman dizkiozuela obrari (zilegi bekit plan estrategikoetako hizkera hori baliatzea). Kontua da batentzat pisu handiagoa dutela batzuek eta bestearentzat besteek… Gustua, gustu-kontua.

Eta, jakina, gustuaz ikerketa soziologikoak egin daitezke, kanonak zein diren zedarritu daiteke (eskolako irakurgaietara edo salduenen zerrendetara jota), baina hori txakolinari buruzko ikerketa soziologiko bat egitea da, ezin baitira liburuen propietate organoleptikoak aztertu laborategian.

Beharbada kritikarien gustuon berri izan behar genuke: italiar neorrealistak maite ditu, ez hainbeste latinoamerikar boomekoak; Harold Bloom-en iritziak estimatzen ditu, eta ez da askorik aldentzen indarreko kanonetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.