Leire Lopez Ziluaga.
Bi ahotsetara

Ciclos Iturgaiz

2012ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Ciclos Iturgaiz tekno-pop-punk taldeak Guateque izeneko disko berria argitaratu zuen duela bi aste. Aurrenekoa —¿Tienes webcam?— orain dela bi urte kaleratu zuten, eta, hari esker, Euskal Herriko nire talde gogokoenetako bat izaten hasi ziren. Benetako fan-a Bilboko jaietan egin nintzen, Pinpilinpauxaren txosnan ehunka lagunen gorrotoa bereganatu zutenean; entzule batzuk botilaren bat botatzera ere iritsi ziren. Normala da; haien kanten hitzetan muturreko ironia erabiltzen dute, eta zuzenekoetan hainbat pertsonaia publikoren mozorroak jantzita egiten duten espektakulua are muturrekoagoa da.

Poeta eta poesiaren teorialari gehienek argi dute poema batean hitz egiten duen ni-a (ni poetiko edo lirikoa) ez dela egilea bera, irakurle askok ni poetikoa eta egilea identifikatzeko joera duten arren. Kantetako hitzen kasuan, esango nuke identifikazio hori automatikoagoa dela eta, beraz, Ciclos Iturgaizek kantatu zuenean muguruzatarren anaia txikienak modu kriminalean abesten duela, iritzi propiotzat jo zuten askok —hain zuzen ere, une horretan bota zieten botila taldekoei—. Kantetako hitzek fikzioarekin duten harremana gogoratu beharko genuke; esate baterako, manifestazio baten amaieran Eusko gudariak kantatu dugun guztiok (gehienek?) ez dugu «gerturik odola» Euskadiren «aldez emateko». Bai, tristea da, baina Anariren hitzak ere fikzio gisa irakurri beharko genituzke.

Gehien interesatzen zaidan umorea entzulea deseroso uzten duena da; deseroso, ez dakielako entzuten ari den ahotsa non kokatzen den, ez dakielako entzuten ari den ahots horrek zer pentsatzen duen «benetan». Ciclos Iturgaizen kasuan, esaten dituzten gauza batzuekin ados egongo da entzulea, beste batzuekin ez, eta beste batzuengatik akabatu nahiko ditu. Entzulea bere kabuz pentsatzera behartzen dute.

Nik euskaraz ez kantatzeagatik akabatu nahi ditut, auto tuneatuak dituzten ergelak tirokatu ostean. Euskal kultura buenista lehertzen lagunduko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.